COVID-19ak sortutako egoera ezohikoa bizi den arren, Udala ahal dituen jarduera gehienak aurrera eramaten ari da, egungo errealitatera egokituta. Horren haritik, urtero antolatu ohi duen San Joan Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa martxan jarri du, baina aurtengo berezitasuna da ezingo dela presentzialki lanik aurkeztu.
Lehiaketan parte hartzeko, 32 cm-ko zabalera eta 48 cm-ko altuera duten lanak aurkeztu beharko dira, derrigorrez formatu digitalean. Bestalde, erresoluzioa 300 ppp-koa izango da eta CMYK erako koloreak izan behar ditu. Kartelak, halaber, SANJOANAK 2020 goiburua jaso beharko du.
Apirilaren 14ra arte bidali daitezke lanak 'hhz@hernani.eus' helbidera
Atzo hasi eta apirilaren 14ra arte izango da lanak aurkezteko epea. COVID-19arengatik dekretatutako alarma egoera dela eta, aurten emailez bidali beharko dira lanak hhz@hernani.eus helbidera. Lanarekin batera, egilearen izena, helbidea eta telefonoa erantsiko dira.
Jai batzordeak sei aukeratuko ditu eta apirilaren 6tik maiatzaren 8ra bozkaketa
Behin proposamenak jasota, jai batzordeak gehienez 6 kartel aukeratuko ditu. Jai Batzordearekiko harremana ere e-posta bidez egingo da.
Behin kartelak aukeratuta, apirilaren 23tik maiatzaren 8ra bitartean herritarrek izango dute bozkatzeko aukera. Emaitzak ikusi ondoren, maiatzaren 12-13an jakinaraziko da kartel irabazlea. Irabazleak 600 euro jasoko ditu: 300 euro Berriak elkarteko dendetan erabili beharko dira eta gainerako 300 euroak transferentzia bidez ordainduko dira.
San Joanetako egitaraua osatzeko proposamenak aurkezteko deia
San Joan jaietako programazioa osatzeko bilkura egiterik izan ez denez, nahi duenak e-posta bidez aurkez ditzake proposamenak.
Mezu honen bidez, parte hartu nahi duen herritar orok proposamenak egin ditzakeela jakinarazten da, paulo-j@hernani.eus helbidera idatziz, martxoaren 31 arte. Interesa dutenek bertatik jasoko dituzte beharrezko argibideak. Beraz San Joan festen antolaketa abian da.