Edurne Saizar psikologoa oriotarra da izatez, baina Hernanin eta Astigarragan bizi izan da azken 17 urtetan. COVID-19a edo Koronabirusa sortzen ari den ohitura eta bizitza aldaketak aztertu ditu jendeak isolamendua eramangarriagoa egin dezan. Konfinamenduak duen eragina eta hartu beharreko neurriak erakustsi dizkigu.
«Egoera ulertu, onartu eta aurre egin behar zaio»
Gure mundu estresatu hau bapatean gelditu egin da eta hau berria dela dio psikologoak. «Une batean ‘shoka’, talka, blokeoa, ez duzu gertatzen ari dena ulertzen. Jasotako informazioa bildu eta ulertzeko denbora behar da. Behin egoera ustez ulertuta, onartu eta nola aurrera egin planteatu behar da eta beldurrekin zer egin (kutsatuko naiz? Kutsatuko zaitut? Beldurraren fantasiak indar asko du. Sintomak somatizatu ditzakegu eta hau da alderdi estresanteenetako bat».
Nola lasaitu gomendatzen du Edurne Saizarrek. «Garrantzitsua da Koronabirusa gai bakarra ez bihurtzea, egunerokotasuna ahalik eta atseginen eta eraginkorren izateko aurrez planifikatzea eta krisialdi egoera honi sormenarekin buelta ematea».
«Gelditzeko unea iritsi zaigu ustekabean; Hausnarketa unea eta familia girokoa. Honek guztiak batu egin gaitu, solidarioak bihurtu eta elkarrekin hobeak izatera bultzatu du jendea» psikologoaren esanetan.
«Ukapena, frustrazioa, onarpena edo ardura»
Pandemiaren ondorioz honekiko gure bizipena fase desberdinetatik pasatzen ari dela dio Edurne Saizarrek. «Beti ere esperientzia subjektiboa da, izaeraren araberakoa. Baina badaude puntu komunak».
Hasieran doluan bezela ukapena; urrutiko gauza iruditu zitzaigun. Gizakiok dugun babes-mekanismoa da alegia, «bestei bai baina niri gertatuko ez zaidan» ilusioa. Aurre-logikaren uste osoak dakar pentsakera hau. Hau da, «zerbait gertatzen ari dela ukatzen dut» eta hala, «nik onartzen ez badut, ez da gertatzen». Babes hau larrialdi edo krisi egoeretan baliagarria izan daiteke egokitzapenerako, izan ere, bestela paralizatzailea izan baitaiteke Saizar psikologoak dioenaren arabera.
Gero frustrazioa dator, «jarraibide argirik ez edo kontraesanez beteak baitatozkigu. Eta honek guztiak gure arteko inkomunikazioa dakar, noski».
Azkenik, normaltasunera ahalik eta lasterren bueltatzeko, «osasun-agintarien gomendioak zorrotz bete behar direla hartzearen onarpena edo ardura. Etxean geratzea ezinbestekoa dela ulertzea».
Norberak etxetik zer egin dezake?
Bizitzen ari garen berrogeialdi-egoera honek eragina izan dezake pertsona askoren gogoaldartean, bai isolamenduarengatik bai egunero koronabirusaren inguruan jasotzen den informazio mailagatik.
Psikologikoki persona horiei laguntzeko helburuarekin, Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak bolondres talde propioa sortu du.
Ondorio psikologikoak ekar ditzake eta horiek ekiditeko, garrantzitsua da neurriak hartzea, psikologoen esanetan
«Maila indibidualean, egokia da etenaldi hau norbere buruaren ezagutzarako erabiltzea, bide batez, sor daitezkeen emozioak erregulatzen ikasteko. Estresak gidatzen duen munduhau eten da eta guk honetatik ere zer ikasia dugu. Barne hausnarketa sakona egiteko atseden une egokiak sor ditzakegu gure baitan. Gure gorputzaz jabetzea, gure pentsamenduak identifikatzea eta emozioei izena jartzea da lehen pausoa. Bi aldeko txanpona dugu isolamendua».
Etxekoekin elkarbizitza arazoak ere sortuko dira ezinbestean Edurne Saizarren esanetan. «Lehen urratsa gatazkak sortuko direla onartzea da, ez da txarra, gertatuko den zerbait baizik. Urratsak urrats arazoari heldu behar zaio, ez pertsonei. Ondoeza argi eta garbi, asertiboki eta zuzenean azaldu eta adostasuna ekarriko duen harreman-mota berria aurkitu. Helburu komunak batu egiten gaitu. Etxekoekin harremanak sendotzeko aukera ematen digu. Etxekoekin elkar ekintzak egiteko sormena erabiltzea baliabide paregabea da (pelikulak ikusi, mahai jolasetan aritu…)».
«Sare sozialak sustatzeko momentua da bakardadea ez sentitzeko»
Psikologoek argi dute arauak eta rutinak (loa, atsedena, aisia-irakurketa, telebista, musika…-eta jarduerak) ezinbestekoak direla arrotz sentitzen dugun egoera honi normaltasuna emateko. «Zereginek baliagarri sentiarazten gaituzte. Hortaz beharrezkoa da planifikazioa, arauak, espazio banaketak eta rutinak markatzea».
«Hau da sare sozialak sustatzeko momentua. Bakardade soziala ez sentitzeko kontaktuak mantendu behar dira» Saizarren esanetan.
Amaitzeko zera dio Edurnek «bizilekuari egokituta, ariketa fisikoa egitea ere primeran etortzen da estresari aurrera egiteko». Horretarako ere sare sozialak erabili daitezke. Tutorialak eta ariketak egiteko tablak ugari aurkitu daitezke alde guztietan. Jende asko ari da batera konektatzen ariketak egiteko.