Aste hauetan ziren egitekoak, izatez, kiroldegiko hirugarren hiruhilekoko ikastaroetako izenemateak. Baina COVID-19 birusagatiko osasun alarma egoera tarteko, eta kiroldegia itxita dagoenez, epea atzeratzea erabaki du Hernaniko Udaleko Jarduera Fisiko eta Kirol Sailak.
Horrela, alarma egoera gainditu bitartean, ez dira zabalduko ikastaroetako izenemateak. Aurreratu dute, jakinaraziko dituztela izenemate data berriak, zehaztutakoan.
Edozein kasutan, eta kiroldegia itxita egonda ere, etxean kirola egitera animatu nahi izan dituzte herritarrak: «egoera honetan, etxean sartuta egotea egokitu zaigunez, Udal Kiroldegitik zenbait bideo ari gara argitaratzen sare sozialetan, etxean ariketa egin ahal izateko», jakinarazi dute. Mugitu etxean! izenburupean, 10-15 minutuko klaseak grabatu dituzte kiroldegiko monitoreek, eta adin guztietako herritarrentzako proposamenak luzatu dituzte.
«Jendeak ariketa egiteari ez uztea lortu nahi dugu bideo labur hauen bidez; eta erakutsi nahi dugu, etxean ere aukera desberdinak dauzkagula. Animo, eta mugitu etxean!», luzatu diete gonbitea. Twitterren, Hernani Kirola edo @HKirola kontuan ikusi daitezke.
Hondakinen bilketan, neurri bereziak
Koronabirusa duten hernaniarren kopuruak gora egin duela eta, Hernaniko Udalak gogorarazi du hondakinen bilketan ere neurri bereziak hartu dituztela. Kutsatuta daudenek, telefonoz deitu behar dute, 943 54 30 16 edo 668 841 774 zenbakietara, eta bertan azalduko dizkiete, eman beharreko pausoak. Bilketa zerbitzu bereziko langileak joango dira hondakinak jasotzera, haien etxeetara.