Beren jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte Ohorezko Mailako errugbi taldeek, datorren denboraldiaren hasierara arte. Hala adostu eta erabaki dute talde guztiek, eta hori da Espainiako Errugbi Federazioari helarazi diotena. Federazioak proposatu zuen apirilaren 30era arte itxarotea, erabakitzeko aurtengo denboraldia bertan behera utzi edo jokatzen jarraitu.
Horren aurrean, Ohorezko Mailako taldeek lehentasuna eman nahi diote guztien osasunari eta gaixo daudenak sendatzeari, eta taldeetako giza baliabideak estatuko emergentzian laguntzera bideratu nahi dituzte: «atsekabetu egiten gaituzte Koronabirusak eragindako heriotzek, eta erantzukizun sozialagatik, uste dugu ez dela momentua lehiaketetan pentsatzeko. Horregatik, ez ditugu partidu gehiago jokatuko, denboraldi honetan».
Federazioak aurtengo denboraldia bertan behera uztea erabakitzekotan, zehazteko geratuko da, nola abiatuko den hurrengoa. Gerta daiteke une honetako sailkapena kontutan hartuz bukatutzat ematea Ohorezko Mailako liga; edota aurtengoa baliorik gabe utzi, eta denboraldi berria hutsetik hastea. Aurreneko kasuan, Ohorezko B Mailan jokatuko luke Hernanik, datorren denboraldian, une honetan sailkapeneko azkeneko tokian dagoelako. Eta bigarren kasuan, aldiz, mailarik gorenean jarraituko lukete trikoloreek, beste urte batez.
Dagoeneko bukatutzat eman dutena, 23 urtez azpiko taldeen liga da. Hala erabaki du Espainiako Errugbi Federazioak, eta beraz, Hernani-Atletico San Sebastian taldeak agur esan dio, denboraldiari.