COVID-19 birusaren eraginaren aurrean, Hernaniko adinekoen egoitzan «neurri zorrotzak» hartu ditu Udalak, bertako egoiliarrak babesteko, «kolektibo zaurgarriena izanik». Hori horrela, bisitak bertan behera utzi dituzte: «badakigu neurri gogorra dela, senideentzat zein egoiliarrentzat, baina derrigorrezko prebentzio neurria dela iritzi dute osasun adituek».
Azaldu dute, egun hauetan dei asko jaso dituztela egoitzan, eta ezinezkoa dela guztiei momentuan erantzutea; baina jakinarazi dute, egoiliar bakoitzaren familiak egunero jasoko duela deia, bere senidearen egoeraren berri izateko. Gainera, aditzera eman dute, whatsapp bidez bideodeiak egiten hasi direla, ahal den kasuetan senideek egoiliarrak ikusi ditzaten.
Udalak nabarmendu du, era berean, adinekoen egoitza sektoretan antolatu dutela, isolatu beharreko kasurik egotekotan, banaka isolatu ahal izateko. Gainera, jakinarazi dute, osasun langileek zein animatzaile eta psikologoek jarraitzen dutela lanean, ahalik eta normaltasun haundienarekin jarraitu eta lasaitasuna transmititzeko. Eta eguneko zentroa itxita dagoenez, bertako langile batzuk ere ari dira adinekoen egoitzan, zerbitzua indartzeko. Garbiketa ere, indartu egin dute.
Kolektibo arriskutsuenetako herritarrei etxera deituko diete, haien egoera ezagutzeko
Udalak aurreratu du, bestalde, etxera deituko dietela udal langileek, arrisku gehien duten kolektiboetako herritarrei; bereziki 80 urtetik gorakoei, Hernanin 1400etik gora baitira.
Dei horietan, galdetuko diete zer moduz dauden eta zer behar dituzten, beharrezko neurriak hartzeko. Gainera, Urumea Herriguneak martxan jarri duen Zaintza Taldearen informazioa eta telefonoa helaraziko diete.
Azkenik, Udalak jakinarazi du, Elikagai Bankuarekin harremanetan dagoela, apirileko banaketa egin ahal izateko, prebentzio neurriak betez: «hori nola egin lantzen ari gara».