«Erasmus ikasle bezala, sentsazioa da denbora galtzen ari garela, edo ez garela aprobetxatzen ari»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 22a, 00:00

Ander Berrondo hernaniarra, Italian, Padovako ikasleen erresidentzian.

Iraila bukaeran joan zen Padovara, Italiara, Ander Berrondo hernaniarra, ikasturte osoa bertan pasatzeko asmoz. Ingeniaritza Informatikoa egiten ari da, Erasmus programaren barruan. Koronabirusaren hedapenak bete-betean harrapatu du Italiako aurreneko gune gorrietan.

 

Koronabirusaren hedapenak bete-betean harrapatu zaitu Italian. Noiz hasi zineten aurreneko neurriak nabaritzen?

Hemen, Koronabirusaren aurkako neurriak hartzen hasi ziren otsaileko azken astean. Egin zutena izan zen, hasiera batean, unibertsitateak, diskotekak, liburutegiak... leku publiko gehienak itxi. Gero, gauzak gehitzen joan ziren. Gune gorriak ezarri zituzten Italia osoan zehar, eta Padova horietako bat izan zen. Orduan, geunden tokitik ez ateratzeko muga jarri ziguten. Gero, Italia osoa izendatu zuten gune gorria, eta beraz, ezin genuen mugitu Italian barrena ere, leku batetik bestera. Azken dekretua martxoaren 8koa izan da, eta ordutik ezin dugu etxetik atera, ez bada erosketak egin edo farmaziara joateko. Beraz, ordutik gaude etxetik atera gabe.

«Gune gorriak ezarri zituzten Italia osoan zehar, eta Padova horietako bat izan zen. Orduan, geunden tokitik ez ateratzeko muga jarri ziguten»

Eta nola moldatzen zara?

Ni erresidentzia batean bizi naiz, eta gela partekatzen dut lagun batekin. Nire lagun guztiak hemen ditut; gutxi-gora­be­hera 15 bat izango gara. Ge­hienbat, pelikulak eta serieak ikusten pasatzen dugu eguna, eta ikasten ere bai. Unibertsitatetik klaseak online ematen dizkigute, eta, beraz, klaseak jarraitu eta etxerako lanak egiten ditugu. Eta noizean behin, erresidentzian daukagun patiora jaisten gara denak batera egotera. Baina, beti, distantzia minimo bat mantenduta, metro bat ingurukoa. Hala ere, ez gara askotan elkartzen.

 

Badakizue neurriak noiz arte egongo diren indarrean?

Azkeneko dekretua apirilaren 3ra arte aplikatuko dute, baina aukera dago gero ere luzatzeko. Beraz, gauzak ez badu hobera egiten, pentsatzen dut luzatu egingo dela.

«Nahiz eta guri ez eragin, gure gertuko norbaiti eragin diezaioke. Denon kontua da, eta garrantzitsua da neurriak betetzea»

Beldurrik edo ezinegonik sentitzen duzue?

Beldurrik ez, gazteak baikara. Badirudi gaixotasunak ez digula gehiegi eragiten. Zaila da guk gaizki pasatzea honengatik. Beldurrik ez, baina beti sentitzen da halako ezinegona, gaixotuko zaren edo ez. Hobe, gaixotzen ez bagara, baina ez dugu hainbesterainoko beldurrik. Gehien molestatzen duena da, Erasmus ikasleak garela; etorri gara hona urtebetez Erasmusera, eta hau behin bakarrik egiten da. Sentsazioa da denbora galtzen ari garela, edo ez garela ari aprobetxatzen. Ez dago gure esku; argi dago. Baina izorratu egiten du Erasmus egitera etorrita, hemen egon behar izatea hilabetez edo gehiago, kalean edo bidaiatzen aritu beharrean.

 

Euskal Herrian orain gutxi murgildu gara egoera beretsuan... Gomendiorik baduzu?

Hemen bezala zaudete honezkero, etxetik ezin aterata, eta dena itxita dagoela. Emango nukeen gomendioa da esaten diguten hori betetzekoa: etxetik ez ateratzea, ez bada erosketak egiteko. Gero, eskuak ondo garbitzea eta higienea mantentzea. Eta, batez ere, gazteei, gaixotasunak guri hainbeste eragiten ez digunez eta beldurrik ez dugunez, agian etxetik ateratzeko gogo gehien daukagunoi, esango nieke garrantzitsua dela esandakoa betetzea. Nahiz eta guri ez eragin, gure gertuko norbaiti eragin diezaioke. Denon kontua da, eta garrantzitsua da neurriak betetzea, gauza oso serioa baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!