Covid-19 edo Koronabirusak eragindako egoera honen aurrean, sagardo denboraldia eteteko neurriak hartu ziren bai Hernanin zein Astigarragan, eta horrekin batera tabernak ixtea ere erabaki zen. Hori horrela, Hernaniko Ekos, Haida eta Guria tabernek, euren iritziak partekatu nahi izan dituzte eta egoera nola bizi duten ere deskribatu diote Kronikari.
Koronabirusak, kaleak hustu ditu, eta hainbat komertzio itxi, Ekos tabernako jabeek azaldu dute, momentuz, 15 egun ixtearen agindua jaso zutela, baina argi daukate, gehiago luzatuko dela, «garai onenean gainera!». Haida tabernako jabea ere bat dator, izan ere, «egoera oso larria denez, 15 egun baino gehiago iraungo du honek, eta tabernek itxita jarraitu beharko dute, tamalez». Guria tabernak, bere ateak itxi behar izan ditu, jarri diren prebentzio neurriak direla eta, eta adierazi dute, ostiral goizean denak ohiko bizitza normala egiten ari zirela, «baina bat-batean harrapatu gintuen honek guztiak, eta ez genuen imajinatuko puntu honetara ere iritsiko ginenik».
Martxoa amaitzear da, eta etorkizun hurbil bati begira, Ekos tabernak, uste du, gutxienez hilabete iraungo duela itxierak. «Guk zoritxarrez ezer gutxi egin dezakegu… Ezarritako neurriak bete eta beste gauza batzuk egiteko aprobetxatu, hala nola, garbiketa, inbentarioa…». Haidak dio, egoera larria denez, krisi bat egongo dela, «egia esan, esan daiteke krisi batean sartuak gaudela jadanik. Hala ere, uste dut, herritarrok gure eskuetan dagoena egin behar dugula, eta lanean jarraitu, birusari eta egoerari aurre egiteko». Guria tabernakoek ere antzera, «egia esan etorkizun iluna ikusten dugu», gainera, azaleratu dute bakoitzak egoera ezberdin bat daukala, baina «denak aterako gara kaltetuak egoera honetatik». Argi dute, beraien eskuetan dagoena egin dutela, «taberna itxi dugu eta etxean sartuta gaude egun osoa, gainontzekoa mediku eta erizainen eskuetan dago, beraz beraiengan jarri behar dugu konfiantza».
Txotx irekiera eteteak, ustekabean harrapatu zituen hainbat hernaniar eta behar bada, taberna eta komertzioak. Hala ere, Ekos tabernak adierazi du, beraien ustez erabaki logikoa dela sagardotegiak hartutakoa, «eta guk, tabernariek, berdina egin dugu egoerak hori eskatzen duelako». Hala ere, azpimarratu du, «ekonomikoki kolpe gogorra, harik eta gehiago gauetako giroak azkenaldian duen eboluzioa ikusita. Azkenean guretzat, txotx garaia oso garrantzitsua da, urteko bolada txarrak pasa ahala izateko gehienbat». Haidak dio, txotx denboraldia atzeratzeak, kalteaK ekarriko dituela, «batez ere Hernani eta Astigarragako tabernei eta noski sagardogile eta sagardotegiei. Logikoa dirudit egin dutena, baina, egoera normalera itzultzeko gogoz nago, ea laister konpontzen den kontu guzti hau». «Ematen duenez inoiz baino txotx denboraldi motzagoa izango da» dio Guria tabernak, gainera, honek duen eragin kaltegarriaz ere jardun du, «hilabete pasatxo generaman txotx denboraldia hasi zenetik, baina beti ere jende gehien biltzen duen hilabetea martxoa izaten da. Txotx denboraldiak sektore askotan eragiten du eta honek kalte handiak ekarriko dizkigu bati baino gehiagori… Ea behintzat txotx denboraldiaren azkeneko hilabeteaz gozatzeko aukera daukagun!»
Hartu diren prebentzio neurriak, berriak dira tabernarientzat, ez baitute horrelako egoera larririk bizi izan inoiz. Ekosek dio, denentzat bezala, beraientzat ere berria dela egoera, «ez dakit noizbait izan den horrelako egoerarik. Gainera ostalaritza izan da neurri hauek gehien jasaten ari den sektoreetako bat, pentsa, gure soldatak, alokairua eta gastu gehiago… hauek ez dira eteten». Haidako tabernako nagusiak, urteak daramatza tabernan lanean, eta argi utzi du ez duela honelako neurririk hartu behar izan «25 urte daramazkit Haidan buru belarri, eta ez zait sekula halakorik gertatu. Honek, kalte handia egingo digu ekonomian, eta oso zaila izango da urtean zehar honi buelta ematea». Guria taberna bat dator, izan ere, «taberna horrelako hilabete batean ixtea, oso kaltegarria da ostalaritza munduan lan egiten duenarentzat», halaber neurriak hartzea erabaki dute, eta «tokatutako egoerari aurre egiten saiatuko gara».
Etxean gelditzeko agindua ere luzatu du Gobernuak, eta tabernariek, euren egunerokotasuna kontatu digute. Ekosek dio, «momentuz ondo esan beharko, oraindik egun gutxi batzuk besterik ez dira pasa. Baina argi dago oso luze egingo zaigula, nahiz eta badaukagun zer egin, noiz arte luzatuko den, eta zer gertatuko den ez jakiteak ezin egon handia sortzen du. Egunak pasa ahala, gero eta gogorragoa izango da, ziur». Haidako nagusiaren egunerokotasuna zeharo aldatu dela ziurtatu du, «orain denen antzera, ez naiz etxetik irteten, txakurra ateratzera eta behar beharrezko gauzak egitera, bestela egun osoa etxean pasatzen dut, familiarekin. Astuna da, 24 orduz etxean egoteak ez du laguntzen, eta saiatzen naiz buruari ez buelta asko ematen». Guria tabernak dio, erabat aldatu zaiela bizitza, «ez gaude ohituak egun osoa etxean pasatzera, gainera denbora guztian albiste berdinak entzun eta irakurtzen… Hala ere, oraindik eta zorionez, humorea ateratzen duen jende asko dago inguruan, eta berrogeialdi hau eramangarriagoa egiten dute!».
Neurri hauek, beharrezkoak diren edo ez galdetu diegu eta Ekosek baiezkoa dio, «esango nuke berandu hartu direla erabakiak, beste herrialdeetan gertatutakoa ikusita, argi zegoen honaino iritsiko zela». Haidakoak berriz, aipatu du, aspaldi hartu beharreko erabakiak zirela duela gutxi hartutako prebentzio neurri hauek. Hala ere, «herritarron esku daude gauza asko, esaterako etxean geratzea ez kutsatzeko, eta gure esku dagoena egin beharko genuke, lanean jarraituz». Guriakoen ustez ez dira jakitunak honetan, baina, «egoeraren larritasuna gutxi ez denez, esaten diguten neurriei kasu egitea besterik ez zaigu gelditzen!».
Herritarrentzat animoak, datozen egunetarako
Tabernariek, amaitzeko gehitu dute, gustatuko litzaiekela denek errespontsabilitate minimo bat hartzea, «egoera hau ahalik eta azkarren pasatzen laguntzeko, lehenbailehen normaltasunera itzuli ahal izateko. Gainera ez goaz bide txarretik eta denok saiatzen bagara lortuko dugu. Animo denoi, pasako da eta!».