KORONABIRUSA

«Sintomak gainditzen ari naiz, orain dela zortzi egun nabaritzen hasi eta gero»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 19a, 00:00

Hernanin ere bada COVID-19 edo Koronabirusarekin kutsatu den herritarrik. Haietako batek Kronikarekin hitz egin du, eta azaldu du gripe «gogor bat bezala» ari dela pasatzen gaixotasuna, etxean. Astelehenean eman zuen positibo, probetan.

COVID-19 edo Koronabirusaren bueltan, lurraldekako datu orokorrak ari dira ematen Osasungintzatik, baina horien artean, bada Urumea bailarakorik ere. Bere prozesua nolakoa ari den izaten eta nola daramakien kontatu dio Kronikari, positibo eman duen hernaniar batek.

Zer moduz zaude?
Orain sintomen fasean, baina aurreko egunetan baino hobeto. Errekuperatzen ari naiz.

Nola jakin duzu COVID-19 birusarekin kutsatu zarela?
Igandean egin zizkidaten probak, eta astelehenean baieztatu zidaten positibo eman nuela.

Egun bat geroago, beraz.
Horrela da, baina etxean nago. Ez naute ingresatu eta etxean geratzeko agindua dut ezertarako atera gabe.

Noiz konturatu zinen kutsatuta egon zintezkeela?
Martxoaren 11n, asteazkenean, lehendabiziko sintomak argi nabaritu nituen, nahiz eta asteartean zerbait sumatu. Eztula, eztarria gaizki, ondoeza nabaritu nituen. Hurrengo egunean oraindik ere okerrago nengoen. Ondoezak gora egin zuen, eztulak ere bai, nekatua nengoen, buruko mina, sukarra neukan... Eta Osakidetzak herritarren arretarako jarri duen telefonora deitu nuen. Makinatxoak egiten zuen salto, eta inork ez zidan erantzuten; saiatu arren, ez zen posible izan. 

Eta zer egin zenuen?
Etxean geratu eta hurrengo egunetan deitzen saiatu, baina ezerrez. Ostiralean ondoeza haunditu egin zen. Arnasketarako zailtasun gehiago nabaritu nuen, eta larunbatean berdin jarraitu nuen. Horiek izan dira bi egun okerrenak. Nire erabakia izan zen Hernaniko anbulategira joatea. Urgentzitara joan nintzen, eta koronabirusa izatearen zantzua nuela esan nuen. 

Babestu zinen anbulategira joaterakoan?
Bai. Maskarilla eraman nuen jarrita. Guanterik ez, ez neuzkalako etxean.

Zer gertatu zen orduan?
Gela batera eraman ninduten, sendagilea galderak egiten hasi zitzaidan, eta neumonia proba egin zidaten. Apestatua sentitu nintzen, gelaren beste puntan zegoelako, baina hartu beharreko neurria da. Horrela da errealitatea. 

Zergatik neumonia proba?
Neumonia proban positibo emanez gero, ospitalean ingresatuko ninduten, baina negatibo eman nuen. Galderak egin ondoren, etxera joateko esan zidaten. Nirekin kontaktuan jarriko zirela.

Nolako galderak izan ziren?
Ea zer egin nuen azkeneko egun eta asteetan. Nire mugimenduen berri jakin behar zuten, jakiteko nola kutsatu naizen. 

Eta hurrengo egunean egin zizkizuten probak, ezta?
Bai, hala da, igandean egin zizkidaten. Etxera etorri ziren, eta bertan egin zizkidaten probak; eta esan zidaten, nirekin kontaktuan jarriko zirela. Astelehenean deitu zidaten eta positibo eman nuela baieztatu zidaten.

Nolakoa da proba?
Belarritako makiltxo baten antzeko makiltxo bat erabiltzen dute, haundiagoa; ahotik sartu, eta kanpanillaren atzean lagina hartzen dute. Oso azkarra da.

Badakizu nun kutsatu zaren?
Ez, baina bi hipotesi nagusi egon daitezke egin dudana kontuan hartuz gero. Bidai bat egin nuen eta Barajaseko aireportuan egon nintzen lehendabiziko sintomak azaldu baino 13 egun aurretik. Sintomak asteazkenean nabaritu nituen eta lau egun aurretik sagardotegia eduki nuen eta ondoren Hernanin ibili nintzen parrandan. Lehendabiziko sintomak normalean  kutsatu ondoren batipat 4, 5, 6 edo 7 garren egunean ateratzen direla esaten dute, baina 14 egunetara sintomak nabaritu dituztenak ere badaude. Beraz oraindik ez dakigu.
Jakin daiteke hori?
Nik ez dakit hori erantzuten, baina egunero deitzen didate, jakiteko zer moduz nagoen eta sintomen eboluzioa nolakoa izaten ari den. Esan zidaten informazioa biltzen ari direla, birus berri hau hobeto ezagutzeko. Dena da berria.

Bakarrik eraman duzu gaia?
Ez, senitartekoei esan nien ostiralean gaizki nengoela. Egunez egun, ostiraletik, dena nola joan den azaldu diet.

Ezagutzen duzu beste kasurik Hernanin?
Bai, eta hitz egin dugu. Berak dio Gasteizen kutsatu dela ziur asko, bertan egon baitzen. 

Sintomak gripe baten antzekoak direla diote.
Horrela da?
Nire kasuan esan daiteke baietz. Zerbait indartsuago izan dela nabaritzen dut, baina oso antzekoa, bai. 

Hemendik aurrera zein pauso eman behar dituzu?
Egunero deitzen didate, eta osasun arduradunen esanetara nago. Zortzi-bederatzi egun pasa dira aurreneko sintoma eduki nuenetik. Zenbat egun egon behar dudan isolatuta, eta gero kuarentenan, beraiek esango didate.

Nola daramazu hori, etxetik ezin ateratzearena?
Gaizki. Kalea, mendia, bidaiatzea asko gustatzen zait... ez naiz etxean sartuta egotea gustatzen zaion horietakoa, eta egia esan, ez daramakit oso ondo. Baina ez dago besterik. Birusa ez dutenak kalera irten daitezke erosketak egitera, edo lanera joateko. Ni horretarako ere ez.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!