Itxita dago Hernaniko Alberdi harategia, astelehenetik, atean abisua jarrita: harategiko langile batek COVID-19 birusaren sintomak sumatu dituenez, prebentzio neurri gisa, harategia itxita egongo da emaitzak jakin bitartean. Felix Alberdi jabea bera da aipatatutako langilea: «igandean eman zidan sukar pixka bat, baina hilabete neraman eztul txar batekin, eta aurreko lau egunetan paliza haundia hartu nuen lanean», azaldu du. Ordutik, probak egiten saiatu da, Koronabirusa ote daukan deskartatzeko: «baina kuarentenan jarri naute, eta ez didate probarik egiten», dio. Hori horrela, «nik etxean geratu behar izanda, eta beste langile bat bajan daukagunez, ixtea erabaki genuen, ezin genuelako utzi lan guztia hiru langileren esku. Jende faltagatik itxi dugu, ez Koronabirusa daukagulako», argitu du.
Felix Alberdik azaldu du, «gaizki» daramakitela egoera: «gustatuko litzaiguke bezeroei eta herritarrei zerbitzua ematea. Eta lasai asko ireki ahal izango genuke, hala esan digu Osakidetzako medikuak. Gainera, langileek ez daukate sintomarik. Baina ezin diet eskatu lan bikoitza egiteko. Ez zaigu etikoa iruditzen egoera honetan irekitzea».
«Lasai asko ireki ahal izango genuke, baina ezin diet eskatu langileei, lan bikoitza egiteko; ez da etikoa»
Beraz, azpimarratu du, ez dutela itxi «kontaminatuta dagoelako, zerbitzua emateko jende nahikorik ez daukagulako baizik». Jakinarazi du, 15 egun barrurako eman diotela alta, eta dena ondo bidean, epe hori igarota irekiko dutela.
Bitartean, daukaten jeneroa txartu ez dadin, bi langile joango dira, «guztia despiezatu eta konjelatzera; eta astero egiten dugun bezala, harategi osoa lejiarekin garbitzera».