KIROLA

Koronabirusak kirol ekitaldiak kaltetu ditu

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 00:00

Hernaniko kiroldegiak ateak atzo itxi zituen.

Euskal Herri guztian bezala, kirol ekintzak bertan behera geratu dira bailara osoan zehar, kirolariak eta kirol taldeak kaltetuz.

Kirolean koronabirusaren krisiak kalte haundiak sortu dizkie kirolariei eta kirolari berari ere. Bertan behera geratu dira eskola kirola eta federatutako kirolari lotutako ekitaldi guztiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak «eskolaren esparruan hartutako prebentzio neurriekin koherenteak» izateko dei egin duela-eta.

Horrela, Hernani, Goizueta, Arano, Ereñotzu eta Astigarragako kirolariek ez dute izango partidurik palan, futbolean, eskubaloian, saskibaloian, boleibolean, hockeyan, waterpoloan, pelotan, errugbian... Era berean, JOCC txirrindulari taldeak antolatuta asteburuan Hernanin jokatzekoa zen Hernani Saria proba ere bertan behera geratu da, eta beraz, ez da errepidean mozketarik izango.

Kirol instalakuntzak ere itxita daude bailara guztian; bai Hernaniko kiroldegia, baita Astigarragakoa ere.

 

Taldeek aktibitatea geratu dute

CD Hernaniko atletismo sailak kirol jarduera guztiak bertan behera utzi zituen atzotik behin behinean: eskola kiroleko entrenamendu zein txapelketa guztiak, atletismo eskolako entrenamendu zein txapelketa guztiak, emakume korrikalarien entrenamendu guztiak, federatutako kategorien entrenamendu zein txapelketa guztiak. Benjamin, alebin, infantil eta kadeteen kasuan bete beharreko erabakiak dira. Jubenil zein ondorengo kategorietan gomendioak dira, baina CD Hernanik jarraitu egingo ditu. Futbol eta pelota sailek ere jarraituko dituzte. Palan, jarduera guztiak suspenditu dira.

Mundarrok sail guztietako partidu zein entrenamenduak bertan behera utzi ditu. «Gure elkartetik, gizarteak aurrean duen erronka honi aurre egiteko, arduraz jokatzeko deia zabaldu nahi du».

Hernaniko Eskubaloi taldeak ere oharra atera zuen. Entrenamendu eta partidu guztiak bertan behera utzi dituzte abisu berria izan eta jaso arte.

Euskal Herriko igeriketa txapelketa bertan behera geratu da eta bertan egon behar zuten bailarako igerilariak ez dira ariko.

 

Iñigo Llopis Blumetik etxera, zentroa itxi dutelako

Eliteko kirolean edo estatu mailan aritu behar zuten kirolariek ere kalte haundiak izan dituzte krisi honen eraginez. Igeriketan, adibidez, Iñigo Llopis Tokioko Joku Olinpikoak prestatzen ari zen Errendimendu Altuko Madrilgo Blume zentroan. Blumeren ateak itxi egin dituzte eta bere entrenamenduak bertan behera utzi beharrean aurkitu da.

Aste honetan Oviedon Espainiako infantil mailako igeriketa txapelketan parte hartu behar zuen Enaitz Goñik eta asteartean ez jokatzea erabaki zuen espainiar federakuntzak.

Izotz hokceyan, Txuri Urdin taldean badira jokalari hernaniarrak, eta asteburu honetan Ligaren bila finaleko lehenengo partidua jokatu behar zuten, baina suspenditu egin da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!