Istripua

Desagertutako hiru gorpuak bertan aurkitu dituzte, gruak kotxea uretatik atera duenean

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 9a, 00:00

Kotxea ibai bazterrera ateratzen bukatu zuten eguna atzo, erreskate taldeek.

Bost lagun zijoazen kotxean, larunbat gauean Urumea ibaira erori zenean, Osiñagan. Bi lagun onik atera ziren. Kotxea atzo arratsaldean aurkitu zuten.

Atzo arratsaldeko 17:00ak ingurura arte ez zuten erreskate taldeek kotxea aurkitu, larunbat gaueko 23:30ak inguruan, Osiñagan, Urumea ibaira erori zena. Kotxea Loidi inguruan topatu zuten. Bost lagun zijoazen bertan, eta bi onik daude. Beste hirurak kotxean aurkitu zituzten, uretatik ateratakoan, 21:30ak inguruan.

Bi lagun, onik
Kotxean zijoazen lagunetatik bi beren kabuz atera ziren bertatik, batek hipotermia zantzuak bazituen ere. Ospitalera eraman zituzten, baina onik daude. Horietako bat, gidaria, ezbeharra gertatu zen tokira gerturatu zen.

Beste hiru lagunen, berri, ordea, ez zuten zehatz-mehatz ematerik izan, kotxea uretatik ateratzea lortu arte, 21:30ak inguruan. 55-60 urteren bueltako bi gizonezko eta emakume bat ziren, Andoni Mirena Pikabea, Hernaniko udaltzainburuaren esa­netan, eta Hernanirekin lotura dutenak.

Kotxea arratsaldeko 17:00ak inguruan topatu zuten, eta Pedro Anitua, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ziurtatu zuen «barruan jendea» zegoela. Grua kotxea ur bazterrera eramateko lanetan ari zela, 19:30ak inguruan, Josu Bujanda ertzainburuak azaldu zuen kotxea pintza eta sokekin lotzen saiatzen ari zirela, «aseguratzeko. Kotxea dagoen lekuan uraren abiadura nahiko haundia da, eta bazterrera ekarri nahi dugu, urpekariek lasaiago egin dezaten lan, gorpuak barrutik ateratzeko». Ezin izan zuen ziurtatu, ordea, zenbat ziren. «Ez dakigu bi edo hiru diren, eta horretan lanean ari gara». Azkenean, 21:30ak inguruan kotxea uretatik atera, eta hiru gorpuak bertan zirela ziurtatu zuten. Senitartekoek bertan egin zuten egun osoa, eta gorpuak identifikatu ahal izan zituzten.

Goizean, jarraipena
Kronikak azken berriak jasotzen jarraituko du gaur, egunean zehar. Webgunean egin daiteke jarraipena.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!