Istripua

Urumea ibaira eroritako kotxea ateratzen ari da grua

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 8a, 09:20

Erreskate taldeak Loidi inguruan dabiltza bilaketa lanetan.

Oraindik ez dute konfirmatu desagertutako hiru lagunak barruan ote dauden, baina barruan jendea dagoela ziurtatu dute.  Larunbat gaueko 23:30ak inguruan gertatu da ezbeharra, Osiñaga auzoan. Kotxeko gidariak kontrola galdu du eta uretara erori da. Bost lagun zijoazen bertan; bi atera dira, eta kotxea ezin aurkitu ibili dira arratsaldeko 17:00ak arte. Desagertutako hiru lagunen berri ez dute eman oraindik. Hernaniarrak direnik konfirmatu ez badute ere, herriarekin harremana dutela azaldu du udaltzainburuak.

Arratsaldeko 17:00ak inguruan aurkitu dute kotxea, bart gaueko  23:30ak inguruan Osiñagako Loidi inguruan Urumea ibaira erori zena. Desagertutako hiru lagunak barruan dauden, ordea, ez dute ziurtatu. Dena den, Pedro Anitua, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ziurtatu du «barruan jendea» dagoela. «Ur korrontea indartsua da, eta kotxea aseguratu badute ere, ezin da argi ikusi zenbat lagun dauden barruan».

Grua arratsaldeko 18:30ak inguruan iritsi da, eta lanean hasi da. Josu Bujanda ertzainburuak azaldu du, 19:30ak inguruan, kotxea pintza eta sokekin lotzen saiatzen ari zirela, «aseguratzeko». Izan ere, «kotxea dagoen lekuan uraren abiadura nahiko haundia» dela azaldu du, eta «bazterrera ekarri» nahi dutela, «urpekariek lasaiago egin dezaten lan, gorpuak barrutik ateratzeko». Izan ere, zenbat ziurtatu ezin badute ere, «barruan pertsonak daudela» ikusi dute. «Ura nahiko zikin dijoa, eta ezin dugu ondo lan egin. Ez dakigu bi edo hiru diren, eta horretan lanean ari gara». Behin kotxea leku lasaiago batera mugituta, identifikazio lanak egiteko moduan izango direla jakinarazi du, eta identifikaziorik ez dutenen kasuan, senitartekoei eskatuko zaie laguntza. Bertan daramate egun osoa.

Bost lagun, inplikatuta

Bost lagun zijoazen bart gauean uretara eroritako kotxean, eta haietako bi beraien kabuz atera ziren bertatik, baina beste hiruren berri ez dute eman oraindik, zehatz-mehatz: 55-60 urteren bueltako bi gizonezko eta emakume bat dira desagertuak, Andoni Mirena Pikabea, Hernaniko udaltzainburuaren esanetan. Oraindik hernaniarrak direnik ezin dela konfirmatu azaldu du, baina herriarekin harremana dutela dio. Xabier Lertxundi alkatea ere bertaratu da.

Bi lagunak onik atera dira, batek hipotermia zantzuak bazituen ere. Ospitalera earman dituzte; Donostiako Poliklinikara eta Tolosako Asunción Klinikara, baina onik daude. Horietako bat, gidaria bera, ezbeharra gertatu den tokira gerturatu da. Beste hiruren berri, ordea, ez dute eman oraindik zehatz-mehatz, kotxean gorpu batzuk antzeman badituzte ere. 

Ertzaintza, suhiltzaileak eta larrialdietako zerbitzuak aritu dira bilaketa lanetan, Loidi inguruan, eta helikopteroa eta bilaketa lanetarako txalupa ere gerturatu dira. Azken egunetako eurien ondorioz ura hazita dator Urumean, eta lanak zaildu egiten ditu horrek. Grua kotxea uretatik ateratzeko lanetan ari zen, Kronikak 20:30etan erredakzioa itxi duenean.

Erlazionatuak

Istripua Osiñagan

Kronika - Erredakzioa 2020 mar 08 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!