udala

COVID-19 edo 'koronabirusa' dela eta, protokoloa ezarri da zerbitzu sozialetan prebentzio bezala

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea eta Joxe Leon Etxart zerbitzu sozialetako gerentea.

Adinekoen zentroan, eguneko zentroan, etxez etxeko laguntza zerbitzuan, Lagunekin eguneko arreta zerbitzuan eta Ttapa-Ttapa egitasmoan jarriko dira martxan neurri hauek eta langileei, erabiltzaileei eta senideei eragiten diete.

COVID-19 edo koronabirusa dela eta, protokolo bat ezarriko du Hernaniko Zerbitzu Sozialetan, adineko pertsonen kolektiboa zaurgarria edo bulnerablea dela eta. «Prebentzio neurriak dira» azpimarratu zuen Xabier Lertxundi alkateak eta «alarmismotik urrundu nahi dugu».

«Osakidetzarekin eta Foru Aldundiarekin harremanetan gaude nolako neurriak hartu behar ditugun zehazteko» adierazi zuten Lertxundik eta Zerbitzu Sozialeko gerente den Joxe Leon Etxartek.

 

Zerbitzu Sozialetan, mahai bat sortu da prebentziorako

Prebentzio bide honetan hainbat neurri hartu dira eta horietako bat mahai tekniko bat sortzea izan da. Osakidetzako sendagilea, gerentea, tekniko soziosanitarioa, solairu arduradunak eta gizarte langileak osatzen dute.

Goizero, 8:00etan elkartzen dira egoeraren balorazioa egin eta aztertzeko. «Foru Aldundiak jakinarazi digu Hernaniko egoitzan bizi direnei eta senideei gutun bat bidaliko diete. Gutun horretan COVID-19 (koronobirusa) kutsatzea prebenitzeko neurriak eta aholkuak ematen dizkiete» nabarmendu zuen Etxartek.

Udaleko arduradunen esanetan «Hernaniko Zerbitzu Sozialetan, gure aldetik, neurri batzuk hartzen hasiak gara jadanik, bai adinekoen egoitzan bai eguneko zentroan, etxez-etxeko laguntzan, Lagunekin eguneko arreta zerbitzuan eta Ttapa-Ttapa egitasmoan».

Ttapa-ttapan saldarik ez

Neurri horiek kolektibo desberdinei eragiten diete: Langileei, egoiliarrien familiei, egoilarriei, eguneko zentroko langile eta erabiltzaileei eta zerbitzu desberdinen erabiltzaileei.

Osasun langileak dira gaixotasunarekin kontaktuan egon daitezkeenak eta neurri zorrotzenak haiek hartuko dituzte. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan eguneko zentroko neurri berak hartu behar dira, bai langileentzat bai erabiltzaileentzat. Lagunekin eguneko arreta zerbitzuan erabiltzaileei esan zaie sintomak edukiz gero, ez etortzeko.

Ttapa-ttapan, asteazkeneroko hitzordua mantenduko da, aire librean da eta kutsatzeko arriskua ez da hain haundia.

Hamaiketakoa -salda ematen zaie kiroldegian ibilaldiaren ondoren- bertan behera gelditzen da. Osakidetzaren aholkuei jarraituta, barruko espazioetan adinekoen bilera haundiak ez egitea erabaki da.

PROTOKOLOA

 

ADINEKOEN ZENTROA

Langileak:
Osasun langileak: gaixotasunarekin kontaktuan egon daitekeen kolektiboa da eta neurri zorrotzenak haiek hartuko dituzte. Haiek ez kutsatzeko eta besteei ez kutsatzeko helburuarekin.
Langileek taldeka ez egoten saiatu behar dute.
Haien arteko distantzia mantendu.
Egoiliarrekiko distantzia ere mantentzen saiatuko dira.
Egoiliarrek sintomak badituzte, maskarilla jarriko dute babes neurri bezala eta mediku eta erizainei jakinaraziko diete berehala.
Eskuak ondo garbituko dituzte ura eta xaboiarekin, ahal bada, egoiliar bakoitzarekin egon ondoren. Eskularruen erabilera zorroztu.
Langilegoari jakinaraziko zaie beraiek ere, sintomak sumatzen baldin badituzte, lanera ez etortzeko eta Osakidetzak ezarritako protokoloa jarraitzeko. Eguneko zentroan ere neurri berdinak.
Garbitzaileak: garbiketa zorroztuko dute, bereziki, mahaiak, pantaila taktilak, barandilak, telefonoak, teklatuak, gaineko azalera duten altzariak… eskuekin kontakturik haundiena dutenak, alegia. Alkoholarekin garbituko dute, hobeto desinfektatzeko. Gelen (jangela, bereziki) bentilazioa areagotuko da.

Egoiliarrien senideak: Gomendatzen da pertsona bakarra etortzea bisitan eta, ahal den neurrian, pertsona bera izatea. Etorri aurretik, eskuak ura eta xaboiarekin garbitzea eskatzen zaie. Bestela, sartu bezain laster, hemengo komunetan garbitu ditzaten. Irten ondoren ere, eskuak garbitzea gomendatzen da.
Familia eta bisitei helaraziko zaie informazio zehatza, hau da, arnas-bideko infekzio sintomak edukiz gero EZ etortzeko egoitzara. Hau da, sukarra, eztula edota arnaseztula edukiz gero. Nola helaraziko zaie? Postaz, e-mailez, atean informazioa jarrita, harrerakoak informazioa azpimarratuz.

Egoiliarrak: Taldeko ekintzak saihestuko dira. Sintomak dituztenei maskarilla jarri eta taldeko ekintzetatik kanpo geldituko dira.

 

EGUNEKO ZENTROA

Erabiltzaileak:
Sartu baino lehenago eskuak garbitu beharko dituzte bertan.Arnasketa arazoak baldin badituzte, senideei gomendatzen zaie ez ekartzeko.
Arnasketa arazoak baldin badituzte, eta hala ere, zerbitzura ekartzen badute, maskarilla bat jarriko zaio eta taldeetatik aparte edukitzen saiatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!