Goiz Eguzki

Ez-ohiko batzarra Goiz Eguzkin, zuzendaritzarako

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 13a, 00:00

Jubilatuen etxea «egoera estuan» dago, zuzendaritzak dimisioa aurkeztu baitu, 14 urteren ondoren «nekatuta» dagoelako, eta erreleborik ez dagoelako. Ez-ohiko batzarra deitu da gaur 17:30etan.

Kinka larrian dago Goiz Eguzki jubilatu etxearen etorkizuna. Izan ere, egungo zuzendaritzak 14 urte daramazki lanean, eta «nekatuta» dago, Paco Goya lehendakariak Kronikari azaldu dionez. Horregatik, pasa den urriaren 21eko batzordean zuzendaritza osoak dimisioa aurkeztea erabaki zuen. «Ideia berriak dituen eta elkarteari bultzada sortzailea emango dion kide gazteak sartzea beharrezkoa da».

Erreleborik ez dago, ordea, eta beraz, «Goiz Eguzkiren etorkizuna eta existentzia bera daude jokoan».

Ez-ohiko batzarra gaur, bazkide guztiek
Gauzak horrela, egungo zuzendaritzak lanean jarraituko du otsaileko Bazkideen Batzarrera arte, baina ez gehiago.

Horregatik, egoera bideratzeko, ez-ohiko batzarrera deitu dira gaur bazkide guztiak, 17:30etan Goiz Eguzkin. Bertan izango dira, baita ere, Xabier Lertxundi, alkatea; Joselon Etxart, Zerbitzu Sozialetako kudeatzailea; eta Goiz Eguzkiko egungo zuzendaritza.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!