Gabonak gertu diren honetan, San Joan Bataiatzailearen parrokiara eramango dituzte beraien doinu eta ahotsak, Urumea bailarako hiru taldek: elkarrekin ariko dira Hernaniko Musika Banda, eta Ereñotzuko Ozenki eta Goizuetako Umore Ona abesbatzak, gaur.
Arratsaldeko 20:00etan hasiko da Gabonetako kontzertu berezia, eta oraingo honetan, obra gehienetan elkarrekin ariko dira hiru taldeak. Gainera, kolaboratzaile gehiago ere izango dituzte emanaldian, izen haundiko hainbat lagun gonbidatu baititu Musika Bandak, gaurkoan. Batetik, Helena Orcoyen sopranoa egongo da bertan, nazioartean oso ezaguna: «prestigio haundiko emakumea da, eta ohore bat izango da bera gure artean egotea eta bere ahotsaz disfrutatzeko aukera izatea», nabarmendu dute. Eta bestetik, bakarlari gisa arituko da Jon Imanol Etxabe, abestietako batean. Doinu Zaleko akordeoi orkestraren laguntza ere izango dute abesbatzeko, obra batean.
Hori horrela, aurreratu dute «mota askotariko taldeak eta abestiak» entzuteko aukera izango dela kontzertuan: «ganbera musika, haizezko instrumentazioa perkusioaren laguntzaz, akordeoi orkestra, bakarlari lanetan ariko den sopranoa... Guzti horietaz eta musikaz Gabonetako giroan disfrutatzeko, aukera paregabea».