Ostegunean egin zen Biterin, urtero Hernaniko Bertso Eskolak antolatzen duen Bertsolata zikloari hasiera eman zion emanaldia: eskolarteko bertso-paper lehiaketako sari banaketa.
Aurtengoan ere, Hernaniko Urumea, Elizatxo, Inmakulada eta Langile eta Ereñotzuko Txirrita eskoletako ikasleek hartu dute parte. Eta irabazlea, Langile ikastolako Irune Eizagirre izan da. Txapeldun izateko ohoreaz gain, aukera izango du gustukoen duen bertsolaria eskolara gonbidatzeko. Eskola bakoitzeko sorta banak ere jaso zuen saria, Iker Ormazabal eta Agin Laburu bertso eskolako kideen eskutik, eta bertso saioa ere eskaini zuten biek, ondoren.
Kalean edota epelean, bertsoen goxotasunean
Bertsolata hasi besterik ez da egin, hala ere, sari banaketa horrekin. Horrela, urtea bukatu arte, beste makina bat hitzordu jarri dituzte Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako kideek.
Hurrengoa datorren ostiralerako jarri dute. Hilaren 20an, bertso-poteoan aritzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei. Zein bertsolarirekin arituko diren zehaztu ez badute ere, arratsaldeko 18:30etan abiatuko dira kale-bueltan.
Hurrengo hitzordua ere, kalean jarri dute: urteroko erronda egingo dute Olentzero bizkar gainean hartuta, Eguberri bezperan, abenduaren 24an.
Jarraian antolatutako ekitaldiak, bestalde, areto baten epelean egingo dira: Agirre anaien Auskalo zeinek jarriak bertso jarrien emanaldia, eta urteroko bertso-jaialdia. Urtea bukatzeko, ordea, kalera aterako dira berriro, urteroko moduan, Urte Zaharreko errondan.
Agirre anaien bertso jarrietarako sarrerak, salgai
Bertsolatako emanaldi berezien artean egongo da aurten Eñaut eta Unai Agirre anaiek eskainiko duten Auskalo zeinek jarriak emanaldia. Hilaren 26an izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita, Biterin.
Emanaldi honetan, «bertso jarria eta bat-batekoa eskutik helduta» joan direla aldarrikatzen dute Agirretarrek. Bertso historikoak eta egungoak nahasten dituzte, eta txandaka edota elkarrekin aritzen dira.
Oraingoan, emanaldia Dobera Euskara Elkartea laguntzeko egingo dute, eta horrexegatik, sarrerak Doberan bertan erosi daitezke dagoeneko. 7 euroan daude salgai: gaurtik asteartera, bazkideek izango dute lehentasuna, eta denentzako irekiko da salmenta gero. Biterin ere erosi ahal izango dira emanaldiaren egunean, geratzen badira.
Jaialdia, puntako bertsolari eta gai-jartzailearekin
Urteko azken emanaldia, areto baten epelean egingo dena, abenduko ohiko bertso-jaialdia izango da. Abenduaren 28an izango da, iluntzeko 19:00etan hasita, Biteri kultur etxean. Sarrerak, urtero bezala, emanaldiaren aurretik erosi ahal izango dira Biterin bertan.
Bertsotan ariko direnak sei izango dira, eta ohi bezala, tartean izango dira Hernaniko Bertso Eskolako kideak; horrela, Eli Pagolak eta Eñaut Martikorenak kantatuko dituzte bertsoak, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Oihana Iguaranekin batera. Oholtza gainean izango da beste hernaniar bat ere: Maialen Lujanbio ariko da gai-jartzaile lanetan.
Urteari hasiera, tabernetan
Bertsotan alaituko du urte bukaera, Bertsolatak; eta bertsotan hasiko dute urte berria ere. Izan ere, bertso eskolako kideek gogorarazi dute, San Sebastian bezperan egingo dutela Tabernetako Bertsolari Txapelketa, ohi bezala, Garinen.
BERTSOLATA 2019
Abenduak 20
18:30 Bertso-poteoa kalean zehar, bertsolari desberdinekin.
Abenduak 24
Olentzerorekin, baserriz baserri.
Abenduak 26
19:00 'Auskalo zeinek jarriak' bertso jarrien emanaldia, Eñaut eta Unai Agirre anaiekin, Biterin. Sarrerak salgai 7 euroan, Dobera Euskara Elkartean. Asteartera arte, bazkideek lehentasuna.
Abenduak 28
19:00 Bertso-jaialdia, Biterin. Bertsolariak: Anfoni Egaña, Amets Arzallus, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Eñaut Martikorena eta Eli Pagola. Gai-jartzailea: Maialen Lujanbio. Sarrerak egunean bertan salduko dira, Biterin, emanaldiaren aurretik.
Abenduak 31
17:00 Urte-zaharreko erronda, Ohitura Zaharrak abesbatzarekin batean, kaxkoan barrena, Sandiusterrin abestu ondoren.