Elkarrizketak

Ozenki, 25 urte lagun artean

EGILEA: ANDONI REKONDO IZAGIRRE

Hogeitabosgarren urteurrena tar­teko, Ozenki abesbatzako kideak izango dira jaiei hasiera eta amaiera emango dietenak. Egindako ibilbide luze bezain politaren ondorioa da haientzat urteu­rren berezi hau, eta emanaldi  ugari eskainiz amaitu dute ikasturtea. Udako oporrei hasiera borobila emateko modu bezala ikusten dute txupinazoaren eki­taldia. Haietaz gehiago jakiteko, abes­ba­tzako hainbat kiderekin hitz egiteko aukera izan dugu: Mari Carmen Santa Cruz, Maite Zabala, Ainhoa Pineda eta abesbatzako zuzendari den Imanol Kamiorekin.


Aurtengoa urte berezia da zuentzat, 25garren urteurrena ospatzen duzue. Nola bizi duzue egoera?

Bai, hala da. 25 urtera iristea ez da lor­pen makala. Ospatzeko eta gauza bere­ziak egiteko unea da, eta urteak ahalik eta ondoen betetzeko lana egiten ari ga­ra. Inoiz baino gogo haundia daukagu eta lanean jarraitzeko asmoa daukagu.


Urteurren berezi horri begira, emanaldi bereziak ere izango zenituzten?

Bai, noski. Jada bi egin ditugu, lehena bakarrik eta bigarrena Kantuz eta Goizuetako Umore Ona abesbatzekin ba­te­ra. Urtean zehar beste hainbat ema­nal­di berezi ere izango dira. Bes­teak beste, Llodioko eta Galiziako abes­batza batzuekin kantatzeko aukera izango dugu.


Nola bizi izan duzue abesbatzarekin egindako ibilbide luze hau?

Momentu on eta ez hain onak pasatu ditugu. Hasierako urteak ez ziren batere errazak izan, beti kostatzen da proiektu berri bat martxan jartzea. Ereñotzuko jendeak bakarrik osatzen zuen abes­batza eta zaila zen kanpoko jendea erakartzea. Gaur egun, aldiz, asko aldatu da gure egoera. Herri askotako jendea daukagu geure artean, eta esan beharra dago urte guzti hauetan abesbatzatik pasa den jende guztia­re­kin oso eskertuta gaudela. 


Zein uste duzue dela hainbeste urtetan irauteko gakoa?

Imanolek berak eragin handia eduki du abesbatzaren iraupenean. Oso ondo ezagutzen du taldeko kide bakoitza, eta taldea kohesionatua mantentzea lor­tzen du. Bestalde, harreman ona edu­kitzeak eta familia handi bat izateak asko lagundu digu. Halako kasuetan eztabaidan hasiz gero ezinezkoa da aurrera egin ahal izatea.


Bat aukeratzekotan, zein da bereziena izan den unea?

Momentu guztietan izan dira kontzertu eta emanaldi politak. Hala ere, azken urte­etan egindakoekin geratuko gina­teke. Urteen poderioz geure maila ere handitzen joan da eta horrek gauza zailagoak eta ikusgarriagoak egiteko auke­ra eman digu.


Beraz, hasiera zail hartatik gaur egunera, zuen mailan hobekuntza handia ikusi duzue?

Bai, dudarik gabe. Urtero saiatzen gara pixkanaka gora egiten eta lan horrek bere fruituak ematen ditu. Esaterako, Kursaalen, Vigon edota Ribadeon kontzertu handiak eskaini ditugu.  Hala ere, abesbatza honen ezaugarri nagusia giro ona edukitzea dela esango genuke. Az­ken finean, disfrutatzen dugulako ga­ra proiektu honen parte eta hori man­ten­tzea iruditzen zaigu garran­tzi­tsuena.


Nola jaso zenuten jai batzordearen deia?

Egia esan, ez genuen espero. Halako dei bat ez da egunero jasotzen eta guretzat ohore handia da herriko jaietan halako protagonismoa eta paper garrantzitsua edukitzeko aukera izatea.


Hotzean pentsatuta, zer sentitzen duzue txupinazoaren enkargatu izatean?

Momentu oso berezia izango dela iru­ditzen zaigu. Udaletxeko balkoira atera, plaza gainezka ikusi eta hitz batzuk esatea? Pentsatze hutsak hunkitu egiten gaitu. Sentimendu handiarekin egiten saiatuko gara, eta han bertan emozio asko aterako direla argi dago. Horregatik, gogo eta ilusio ikaraga­rriarekin ekingo diogu. Itxaron luzea izan arren, momentu handia iristen denean pena mereziko duela iru­ditzen zaigu.


Nolako San Joanak opa dizkiezue hernaniarrei?

Herriko festak herritar guztiok disfru­tatzeko egunak dira. Hernaniz gozatzea eta egitarauan dauden ekintzez goza­tzea opa diegu denei. Bestalde, bai txu­pinazoan eta bai banderaren jaitsieran herriko plaza betetzeko eskaera egin nahiko genieke, denon artean mo­men­tu politagoa sortu ahal izateko.


Hemendik urte amaierara, baduzue ekintza berezirik?

San Joanetako ekintzekin amaitzen dugu ikasturtea. Txupinazoaz gain, he­rriko beste abesbatzekin hainbat kon­tzertu eskainiko ditugu. Oporren ondo­ren, urteurrena tarteko, zenbait abes­batzaren bisita jasoko dugu, haiekin kontzertu bereziak egiteko. Besteak beste, Vigoko abesbatza etorriko da. Aurreko batean, gu geu joan ginen Galizia aldera, eta aurtengo urte bere­zian haiek egin nahi izan digute bisita. Hala ere, urteroko kontzertuak ere egiten jarraituko dugu, gabonetakoa esaterako.


Nola definituko zenukete, hitz gutxitan, Ozenki abesbatza?

Zaila da hitz gutxitan esatea. Daukagun giro onarekin familia bezala definituko genuke. Elkar ezagutze horrek eta daukagun konfiantza mailak ematen digutelako aurrera jarraitzeko behar dugun indarra. Horrez gain, ausartak garela iruditzen zaigu. Lan asko egiten dugu astean zehar eta lan hori abesti zailak eta ezohikoak prestatzeko erabiltzen dugu. Batzuetan hobeto eta besteetan okerrago egin dezakegu, baina, ausardia puntu horrek ondo definitzen gaitu.


Etorkizunera begira, nola ikusten duzue abesbatza?

Oraingoz gogotsu eta ilusio handiarekin gaude denok. Etorkizunean zer gerta­tuko den ezin du inork ziurtatu; hala ere, urte luzez lanean jarraitzeko inten­tzioarekin gaude. Esan bezala, ondo pasatzen dugu eta oso gustura joaten gara edozein tokira abestera. Horre­ga­tik, aurrerantzean ere halaxe jarraituko dugu.


50. urteurrenera begira jarri da Ozenki?

Hori ez dago gure esku. Urte asko dira oraindik aurretik ditugunak, baina, jende gazteak hartu behar du hel­du­e­nen erreleboa. Jende gazte hori era­kartzea izango da gure abesbatzak epe luzera duen erronka handiena. Azken finean, halako aldaketak beharrezkoak dira jarraitu ahal izateko.


San Joan hauetan non ikusi ahal izango dugu Ozenki abesbatza?

Bi ekitaldi nagusi izango dira. Atzo Aurorak ospatu genituen eta herriko kaleetan zehar ibili ginen kantuan. Gaur San Joan bezperako kontzertua emango dugu, Kantuz abesbatzako eta Amher elkarteko lagunekin batera. Oso ekitaldi polita izaten da hori, eta Urbieta kaleko esze­natokian egongo gara arra­tsaldeko 18:30etatik aurrera. Herritar guztiei egiten diegu kon­tzer­tura azaltzeko deialdia, seguru ez direla damutuko.