Nola jaio zen Goizuetako Feria?
2004 urtean hasi zen berriz ere feri hau berreskuratzen. Izan ere, garai batean Zerri Feria egiten zen. Data berdinean, azaroko azken larunbata. Udazkenean zerriak gizentzen izaten zituzten mendian, eta gero saltzeko ekartzen zituzten herrira. Feria hura azkenekoz 1972an ospatu zen. Antza, 1973an trikinosia gaitza problema handi bat izan zen herrian eta horregatik utzi zioten egiteari. Orain 23 urte hasi ziren berreskuratzen. Ni, orduan, umea nintzen, ez dut orduko berri askorik. Batzordeko kide izandakoak aittuta badakit pixkat garai horietara moldatuz hasi zirela berriz antolatzen. Eta geroztik, pandemia urtea salbu, urtero ospatu dugu.
Eta egun, nolakoa da antolatzen duzuena? Bertaratzen denak zer aurkituko du?
Festako egun bat esango genuke. Ez da beste leku askotan izaten den feria handi hori bezala, baina oso bertakoa den feria bat. Egia baita Goizuetan oso bertako eta lehengoa den azienda klasea dugula. Oso estimatua den bertako ardi klasea izango da, lehengo klase zaharrekoa. Urtero xuxen-xuxen artzai batzuek ekartzen dituzte, 80 bat buru izango dira. Jende asko etortzen da ardi horiek zein ahariak ikustera. Hemen hainbeste ditugun Betizu horietatik dozena bat ekarriko dira erakusteko. Bertako behorrak ere, Jaka Nabarra arrazakoak. Baita euskal astoa ere. Bertako arraza eta bertako aziendaren erakuslehio da Feria. Herrian bada oraindik azienda edo nekazaritzatik bizi denik, gutxi baina bada. Lekuak agintzen du eta zaila da hemen lehen sektoretik bizitzea. Baina egia da animali, eskulan eta horrelako gauzei eutsio dionik badela, beste lanaz aparte. Hori erakusteko eguna ere bada.
Antolaketa lanak noiz hasten dituzue eta nola egiten da?
Batzorde bat dago. Eragile ezberdinetako bina ordezkari edo etortzen dira; dela guraso taldea, dela soziedade… eta gero gustuz edo hurbiltzen gara. 10-12 inguruko lagun talde bat gara. Bileretan eta pixka bat serio xamar iraila-urria buelta horretan hasten gara. Egia da, ordea, urtean zehar bakoitzak bere ideiak dituela eta elkarren artean komentatzen aritzen garela.
Ze giro izaten da?
Ba oso gertuko giroa esango nuke. Goizueta herri txikia da eta giroa sortzen den guztia oso gainean, hurbil izaten da; izan postuak, izan aziendak… gertuko giro bat. Goizuetakoak ez ezik goizean goizetik kanpoko jende asko etortzen da feria bera ikustera. Goizpasa egin eta taloa edo pintxoa hartuta erretiratzen direnak. Baina bada beste talde handi bat, aurrekoei erreleboa eginda herri bazkarirako etortzen direnak. Frontoian egin izan ohi dugu bazkaria eta 500 bat lagun batzen gara. Asko horretarako etortzen dira; bazkaldu eta osteko parranda girora.
Azinda, artisau eta nekazari postuez gain, programa ederra ondu duzue larunbaterako. Zein izango da aurtengo nobedadea?
Orain arteko ferietan egin ez den gauza bat izango dugu; ezti sortzea. Bertako eztigile eta erlezain den Joxe Ramon Jimenez ariko da eztia hasieratik amaierarako prozesua erakusten plazan bertan. Goizuetan erlezain bat baino gehiago dago, beti postuak jarri izan dituzte. Jimenezek, ordea, berak eskaini zigun aurten erakusketa modukoa egitea. Gure partetik oso gustura hartu genuen eskaintza. Kuriosoa eta politta iruditu zitzaigun, gainera leku askotan ikusten ez dena.
Desafiorik ere izango aurten...
Azienda eta artisau postuez aparte, denentzako erakargarria den zerbait jartzea gustatzen zaigu goiz erdian, zerbait ikusgarria. Aurreko urtean Dermatosis nodular zela medioa, animaliak ezin ekarria eta egin ezin izan genuen gauza berreskuratu nahi izan dugu: Paollaren 'Tximista' zaldia Basozabalen 'Txato' eta 'Moro' idi parearen aurka, 800kiloko harria 15 minutuko txandan zeinek plaza gehiago egin.
Zein da aurreikuspena?
Zurrumurru asko mugitzen du beti eta aurten ere mugimendu pixkat bada. Batek bate, besteak beste… momentuan gehiago pizten da hori, azienda bera ikusita.
Bazkariko menua ere ederra...
Bertako babarrunak eta gisadoa. Betizu gisadoa. Oso ona egiten dutena, portzierto. Oiartzuarrei eskerrak eman beharra dago gainera, borondatez etortzen baitira bazkariaren parte bat egin eta zerbitzatzera. Eta bazkal osteko dultzaineroak, horiek ere bertakoak.
Arratsaldean foodtruck Txirrinta burger, Feriko toke modernoa?
Bai, modernoa baina badu horrek ere bertako kutsu handi bat. Goizuetako Feria antolatzeko garaian buru belarri murgiltzen gara bertakoaren bila, lotzen. Eta bai, hanburgesak egingo dituzte baina bertako ikatzarekin. Goizuetan bertan izan bada Txondorgileen elkartea, herrian bertan ikatza egiten dutenak. Ba aurtengo maiatzean egindako txondorretik ateratako ikatzarekin egingo dira hanburgesak.
Gauean Gaztetxean kontzertua, herriko musikariekin eta musikari ohiekin. Bolo bakarra edo gira baten hasiera?
(Barrez) Ez dakigu… egia da egun honetara ondo ezkontzen den gauza bat dela musika eta bertako musikariekin osatzen den talde baten kontzertua. Ez dakigu gehiegi baina egun honetarako behintzat eta berriz egun honetarako egingo balute, oso ongi etorriko litzatekeela seguru. Ensaiatzen seguru ari direla eta kapritxokin, seguru baietz.
Baserritarrez janzteko deia egiten duzue, jendeak kunplitzen al du?
Herritarrak ia %100 baserritarrez jantzita atera izan dira azken urte pila baten. Hori oso ondo eusten den ohitura bat da. Eta hori hala izanik, urtero etortzen den jendeak ere kutsu hori hartzen du eta hala etortzen da jantzita. Esango nuke, gainera, gehiagorantz doala.