Larunbat honetan ospatuko dute Feri Eguna Goizuetan, 22garrenez

Julen Borreguero Fernandorena

Jendetsua izan zen, pasa den urteko Feri Eguneko herri kirol emanaldia.

Larunbat honetan ospatuko dute Goizuetako azinda, artisau eta nekazarien Feri Eguna, 22garrenez. 10:00etan zabalduko dituzte ateak, eta jarduerarik izanen da egun osoan zehar. Goiz osoan izanen dira talogileak, trikitilariak eta erakusketak, 10:00etan hasita.

12:00etan, beheko landan, desafioa izanen da: 'Paolla'ren Tximista zaldia, 'Basozabal'en Txato eta Moro idi parearen aurka. 800 kiloko harriari tiraka ariko dira, 15na minutuko txandan. Joan-itzuli gehien osatzen dituenak irabaziko ditu 1.000 euro.

Bazkariaren ondoren, musika izanen da arratsaldeko protagonista: Pasai txaranga ibiliko da herrian zehar 18:00etan, eta Gaztetxean kontzertua izanen da arratsalde-gau partean. Ohi bezala, Goizuetako Feri batzordeak antolatu du 22garren edizio hau, eta herritarrak animatu ditu baserritarrez janztera.

 

Boluntario bila, auzolanerako

Antolakuntzatik aditzera eman dute boluntario bila dabiltzala, Feri Egunean laguntzen aritzeko. Trafikoa antolatzeko, 09:30-11:30, 11:30-12:30 eta 12:30-13:30 bitartean launa lagun behar dira; aparkalekua antolatzeko, 09:30etatik 11:30etara beste lau pertsona; eta igandean garbiketa lanak egiteko, 09:30etatik 11:30etara, beste lau. Apuntatzeko azken eguna da gaurkoa, udaletxean zein Amaianen.

 

GOIZUETAKO FERI EGUNA

EGITARAU OSOA

LARUNBATA, azaroak 28

10:00, Feriaren hasiera. Goizean zehar: Talogileak, trikitilariak eta erakusketak.

11:00, Ekitaldia, Plazan. 'Eztia sortzen' erakusketa, Jose Ramon Jimenezen eskutik.

12:00, Desafioa beheko landan, 1.000 euro jokoan: 'Paolla'ren Tximista zaldia, 'Basozabal'en Txato eta Moro idi parearen kontra. 800 kiloko harria, 15na minutuko txandak.

14:00, Bazkaria, dultzaineroek girotuta: bertako babarrunak, betizu gisadoa eta postrea. Txartelak Amaianen (948 51 42 42): 0-3 urte doan, 4-12 urte 6 euro, ikasle/langabetuak 18 euro, eta langileak 25 euro.

18:00, Pasai txaranga.

19:30, Foodtruck Txirrinta burger. Kea klub hanburgesa, Goizuetako ikatzarekin ketua.

Ondoren, Gaztetxen kontzertua. Herriko musikari eta musikari ohiek sortutako taldea.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!