GOIZUETA Beñat Los Arcos
Hasieratik «zapetekoak» jasotzera ohituta, ez du bide erraza izan Aritz Zubiri Gamio erremontista goizuetarrak, sari preziatura iritsi bitartekoa. Baina lortu du, baita gutxien espero zenean lortu ere. Astelehenean bete zituen 39 urte, baina oparirik polittena hiru egun lehenago egin zion bere buruari: Binakako Txapelketa Nagusia irabazi zuen Imanol Ansa urnietarrarekin.
Ametsetako txapela zuen, goizuetarrak berak aitortu duenez; baina bereziki liberazioa sentitu du hura lortutakoan, duela urte batzuk txipa aldatu zuen arren: «Urtez urte txapelketa nagusitik kanpo geratuta, frustrazioa sentitzen nuen, eta malaletxeak etxera eramaten nituen. Erabaki nuen erremonteagatik etxean gaizki egon behar banuen, utzi egingo nuela. Eta txipa aldatu nuen. Erremonteaz disfrutatu nahi izan dut ordutik».
Frontoiko txokoan eseri, eta aritu gara txapelketaz, bere kirol ibilbidearen gorabeherez, erremonteaz, Galarretaz... eta 'erretirorako adinean' sasoi puntu onenean egoteaz.
Txapela eskuetan hartuta, zer sentitzen duzu?
Egia esateko, liberazio bat bezala izan da txapel hau. Asko desiatzen nuen txapela zen, eta nire ibilbideko amets bat bete dut lehenengo mailako binakakoaren txapel honekin.
39 urte betetzear zenituela lortu zenuen. Amesten zenuen honezkero iritsi zitekeenik, txapelketa nagusi batean?
Norberak badaki zein den bere maila, eta nik beti borroka horretan aritu behar izan dut, lehenengo mailako txapelketan sartu edo ez. Askotan geratu naiz kanpoan, eta horrelakoetan frustrazio haundia sortzen dizu. Nahi eta ezinaren sentsazioarekin geratzen zara. Eta sartzea lortzen duzunean, erakutsi nahi duzu balio duzula hor aritzeko. Orain zer esan dezaket ba? Oso oso gustura nagoela txapela lortuta.
Adina gorabehera, badirudi zure ibilbideko une gozoenean zaudela...
Bai, disfrutatzen ari naiz erremontean. Joko puntu onean nago, eta asko aldatzen da puntu bat gehiago izan edo ez. Puntu hori daukazunean, partiduak irabazten dituzu, gauzak ondo ateratzen dira; eta puntu hori falta duzunean, dena gaizki ateratzen da. Partidu bat galtzen baduzu, dinamika txar batean sartu zaitezke. Momentu onean tokatu zait puntu hori izatea, eta aprobetxatzeko balio izan dit.
Txapelketa bikaina osatu duzue Imanol Ansak eta biok. Nola bizitu duzu torneoa?
Txapelketa hasieratik, tentsio puntu extra batekin. Ez genituen albiste onak jaso, enpresak itxi egin behar zuela... Horri gehitu betikoa, batzuk txapelketan sartu eta besteak kanpoan geratzen direla. Tentsio haundia zegoen pilotarien artean, nabaritu egiten zen, eta egia esan, txapelketa osoan zehar nabaritu dut. Tentsio horrekin bizitu dut, eta indar extra bat eman dit horrek. Eta esan bezala, puntu honetara txapelarekin iritsita, lasaitasun haundia sentitzen dut.
Gainera, txapelketa berezia zen biontzat. Izan ere, elkarrekin aritu zineten 2015eko promozioko Binakakoan, eta baita txapela lortu ere.
Oroitzen dut, bai. Orduan Imanol Ansa debutatu berria zen. Niretzako mutil koxkor bat bezala izan da. Lehendik ere ezagutzen nuen, baina bera erremontean hasi zenean ordu asko sartu genituen elkarrekin Galarretan. Eta berak debutatu zuenean, txapelketa hura elkarrekin jokatzeak poza eman zidan. Txapela lortuta, zer esanik ez! Bera oso eskertuta zegoen. Behin eta berriz esaten zidan, niri esker lortu zuela txapel hura, eta nahi zuela nirekin beste txapel bat lortu; nolabait bueltatu behar zidala hori opari. Erremontariko bi txapelketa jokatu genituen elkarrekin, baina orduan ez ziren gauzak nahi bezala atera. Orain, Binakako Txapelketa Nagusian jokatu dugu hirugarrenez elkarrekin, eta esaera bete da, hirugarrenean kunplitu da.
Aipatu duzu txapelketan sartu edo kanpo geratzeko tentsio hori. Aurten ezustean harrapatu zaitu txapelketa nagusian aritzeko aukerak?
Sorpresa ez da izan. Nik banekien hasieratik, zeinekin borrokatu beharko nuen. Endika Barrenetxea fijo bat izaten da txapelketan, atzelarien artean; eta berak txapelketa hau ez jokatzeak beste ate bat zabaltzen zuen, behetik gatozenontzat. Alde horretatik, esperantza baneukan. Joko puntu onean harrapatu ninduen, eta txapelketan berriro aritzeko aukera lortu nuen.
Aurretik beste behin bakarrik jokatua nuen lehenengo mailako Binakakoa, Javier Urrizarekin, duela urte batzuk; eta orduan semifinaletara iritsi ginen. Nik beste joko puntu bat neukan orduan, orain baino bajuagoa. Presioak ere eraginda, ez nuen behar bezalako partidua jokatu semifinal hartan, eta galdu egin genuen.
Urtez urte kanpoan geratzeak sortzen duen frustrazioaz aritu zara. Esperientzia pilatzeak laguntzen du hori hobeto eramaten?
Bai, zalantzarik gabe. Momentu guztiak ez dira berdinak pilotari baten ibilbidean, eta tokatu zait malaletxe dexente pasatu izana. Horrelakoetan pentsatu izan dut, ez didala merezi horrelako malaletxean egoterik erremonteagatik. Etxean ere une txar asko pasa izan ditugu. Eta erabaki nuen, horregatik gaizki egon behar banuen, bereziki etxean, erremontea utzi egingo nuela. Orduan txip aldaketa bat egin nuen. Ni erremontean ari naiz gustatzen zaidalako, frontoia gustuko dudalako, eta disfrutatu egin nahi dut. Niretzako pilotan eta frontoi barruan jarraitzea plazer bat da, eta etxekoei ere gustatu egiten zaie. Hortik aurrera, betikoa da: galtzen duzunean pena eta irabaztean poza. Baina erremontearekin disfrutatu nahi dut, eta ahal dudan bitartean horretan segiko dut.
Galarreta eta erremontea ondoen ezagutzen dituenetako bat izango zara honezkero...
Nahi edo ez, Galarretan urte gehien daramazkiena naiz, eta baita plantillako zaharrena ere! 15 urte pasatxo dira debutatu nuela, eta denetik bizitzea tokatu zait. Debutatu eta hilabete gutxira, orduko enpresa itxi egin zen, eta orduan ere halaxe geratu ginen, zer gertatuko zen ez genekiela. 16 urte polit izan dira. Politak diot, gustatzen zaidan zerbait delako, beti ez baita erraza izan. Urte oso gogorrak izan dira tartean. Batzuetan hobexeago eta besteetan okerrago, baina ahal genuen ondoen aritu gara lanean. Urtebete gehiago daukagu horretan jarraitzeko, eta ea aurrera begira beste norbait azaltzen den honi segida emateko.
Nolatan hasi zinen erremontean?
Eskuz beti aritu izan naiz, baina pilota gogorragoak hasi zirenean nik ez nuen aguantatzen, eta utzi egin nuen eskuzkoa. Orduan ikastera ere Hernanira etortzen hasi nintzen, eta aukera sortu zitzaidan erremontea probatzeko. Gustatu egin zitzaidan, hasieratik engantxatu ninduen.
Eta nola gogoratzen dituzu aurreneko urte haiek?
Aurreneko haiek ere frustrazio urteak izan nituen. Nik afizionatu mailan lau urte egin nituen, eta tarte horretan nirekin entrenatzen zutenek egin zuten debuta profesionaletan. Momentu bat izan nuen, gainera, zalantza egiten nuena jarraitu edo ez. Izan ere, talde polita ginen entrenatzen aritzen ginenak, baina horietatik bik debutatu zuten, beste batek utzi egin zuen, eta ni bakarrik geratu nintzen. Laukote polit bat izatetik, entrenatzera joan eta bakarrik egotera, egunero-egunero... Hilabete batzuk izan nituen, pentsatzen nuena: 'Zertara nator ni hona?'. Baina orduan Sarasua genuen entrenatzaile, eta berak animatu egiten ninduen. Ordurako erretiratuta zegoen, baina xextoa lotu eta nirekin aritzen zen. Ondoren gazte berriak sartu ziren, eta haiekin berriro taldea osatu genuen. Horrela jarraitu nuen.
Hasieratik izan dituzu zailtasunak, beraz...
Egia esan, hasieratik jaso ditut zapeteko horiek, bai!
Nolakoa zen erremonte mundua orduan, eta zertan aldatu da?
Galarretara lehendabiziko aldiz sartu nintzenean, harrituta geratu nintzen. Zenbat jende joaten zen, eta zein planteamendu zegoen: esku pelota partiduetara joaten zen jende berdintsua bai, baina apustu egitera joaten zen jendea zen beste asko. Edozein langile arruntek diru pila bat jokatzen zuen orduan apustuetan. Horrek asko harritu ninduen. Orain guztiz kontrakoa da. Familia txiki bat bezala geratu gara, eta Galarretara joaten dena da pilotarien inguruko jende asko, animatu egiten zaituena. Garai batean ez zuten denek animatzen, batzuk desahogatzera ere joaten ziren. Aiton batek esaten zuen bezala: etxean andreak errista ematen ziola, eta frontoira joan eta desahogatu egiten zela. Beraz, gu ginen kolpeetarako zakua. Alde horretatik, giroa asko aldatu da.
Eta erremontistei dagokienean, aldatu al da perfila? Belaunaldi ezberdinak ezagutu dituzu zuk...
Erremontisten aldetik berdintsu jarraitzen duela iruditzen zait. Orduan baziren batzuk besteak baino gehiago prestatzen zirenak, orain bezala. Lehen bazegoen ondo prestatutako jendea, eta orain ere bai. Denek entrenatzen dugu astean hirutan behintzat, eta asteburuan partidua jokatu. Lehen askoz ere partidu gehiago zeuden, astean bitan edo hirutan jokatzen zuten, eta beraz, entrenamenduren bat gutxiago egingo zuten. Orain astean partidu bat jokatzen dugu, eta askotan bi astetik behin.
Ezagutu dituzun erremontista horien artean, zein dira gehien harritu zaituztenak?
Javier Urriza denok dakigu nolako kirolaria izan den. Baina hasieran, debutatu eta berehala gehien harritu ninduena Iñaki Lizaso izan zen. Figura bat zen niretzat, sekulako pilotaria zen, onenetakoa. Eta harritu ninduen debutatu berriak nola hartu gintuen. Enpresa gaizki zegoen, ixtera zijoan; eta debutatu berriak eta bigarren mailakoak gehien defenditu gintuen pertsona izan zen.
Kolokan dago Galarretaren eta erremontearen biziraupena. Zein etorkizun ikusten diozu?
Ez da erraza bere etorkizuna aurreikusten. Iruditzen zait aurrera begira zabaldu egin beharko dugula. Gu ohituta gaude Galarretan jokatzen, nahiz eta azkeneko urteotan herriz herri ere ibili garen. Eta zentzu horretan, uste dut gehiago ireki beharko dugula herrietara, erremontearen biziraupena bermatzeko. Ez da berdina Galarretan jokatu edo frontoi motzetan, baina modalitate baten biziraupena ziurtatzeko eraldaketa hori beharko duela iruditzen zait.
Lehenengo pertsonan hitz egiten duzu Galarretaz ari zarenean. Honezkero zure bigarren etxea izango da...
Hortxe-hortxe, bai. Etxetik kanpo ordu gehien ematen dudan lekua da. Astean hiru entrenamendu gehi partidua, arratsalde osoa han sartuta, ordu pila bat dira. Lehen esan bezala, han jokatzea gustatzen zaigu, hori da nahi duguna, baina denborarekin, aurrera begira, leku gehiagotara zabaltzen hasi beharko dugu.
Hainbeste urteren ondoren, norberak modu nabarmenagoan biziko du kezka barruan, erremontearen etorkizunaren inguruan, ezta?
Bai, hala da. Egia da ni ere momentu berezian harrapatu nauela honek. Azkeneko urtea dela esan digute, baina nik 39 urte dauzkat. Eta egia esan behar badut, nire ibilbidearen bukaera gertu ikusten dut. Gustatuko litzaidake jarraitzea, baina nire etapa hau itxitzat ematen dut. Edozein kasutan, gazteek erremontean jarraitu nahi dute, eta Galarretan jokatzen segi nahi dute. Eta hori posible izan dadin, ikusi beharko dugu norbait badatorren eta nola jarraitu dezakeen honek aurrera.
Hain juxtu, erretiroarekin lotuta egin behar dizut azkeneko galdera. 39 urterekin horretan pentsatzea da ohikoena, baina oraintxe daukazun sasoi puntuarekin eta txapel hau lortu berri... Zein aldetara egiten du balantzak horrelakoetan?
Nik beti esan izan dut, fisikoki eusteko gai naizen bitartean, erremontean jarraituko dudala. Lesioak ere izan ditut. Batek baino gehiagok esan dit orain sekula baino hobeto nagoela, baina sekula baino gehiago zaintzen naizelako ere bai. Lesio horiek izan nituenetik, askoz ere gehiago zaintzen dut nire burua. Arlo fisikoa askoz ere gehiago lantzen dut, eta jatekoari ere askoz ere gehiago begiratzen diot. Batez ere horregatik, nahi dudalako erremontean segitu, eta horretarako eta hainbeste kolpe ez izateko, hori exijitzen didalako gorputzak.