Erreportajeak

«Asko gustatzen zait abizenen gaia eta oso motibaturik nago museoarekin»

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Eneko Bernaldo de Quiros, Goikitxe Etxeako sotoaren parean.

Goizuetan euskalnaparren museoa zabaltzea xede hartuta, Crowdfunding bat jarri zuen abian duela urtebete Eneko Bernaldo de Quirosek. 10.000 euroko proiektu pilotua du esku artean, urtebeteko proba izango dena, eta bildu du dagoeneko aurrekontuaren erdia, Euskal Herriko zein nazioarteko dohaintzei esker. Museoak, besteak beste, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako izen eta abizenen jatorriaren berri emango die bisitariei, eta Goizuetako etxerik «handi eta zaharrenean» eraikiko da: Goikitxe Etxeako sotoan.

Noiz eta nola hasi zinen abizen napar-euskaldunak ikertzen?

Ni Iturgoyengoa naiz, Lizarra ondoan dagoen herri txiki batekoa eta betidanik gustatu izan zait ikertzea. Iturgoyeni buruz datuak biltzen hasi nintzen: armarriak, familiak, etxeen izenak, kondairak, esaera zaharrak… Eta hori egiteko egin behar izan nuen ikerketa bat abizenei buruz eta konturatu nintzen mundu hori gustatzen zitzaidala. Liburua idatzi nuen, argitaratu zen nire herriari buruzko liburu hori eta esan nuen: abizenen informazioa dudanez, zergatik ez dut partekatzen jendearekin? Azkenean bertan dauden abizen batzuk errepikatzen dira ondoko herri batzuetan, eta hasi nintzen partekatzen.

 

Nolakoa da ikerketa prozesua? Zenbat denbora tarte eskaini behar izaten diozu?

Lehendabizi sailkapen bat egiten dut. Abizenak 400 urte baino gehiago baditu gure lurraldeetan ikertu egingo dut, eta 400 urte baino gutxiago badaramatza hemen ez. Hau da, kanpotik etorria bada ez dut ikertzen.

 

Nola kanpotik etorria?

Kanpotik etorritako abizen asko daude, Industrializazioan, XIX. mendean, hona inguratu zirenenak. Hasten banaiz abizen espainolak ere ikertzen… ez dago mugarik. Jendeak Apellidos Vasconavarros web orriaren bidez abizena ikertzeko eskatzen dit, eta nik sartzen dut zerrenda batean. Gaur egun dena digitalizaturik dagoenez, hartzen dut abizen hori eta hainbat webgune bisitatzen ditut: Euskadiko artxibo historikoa, Nafarroakoa… edo bestela genealogiako web orrietan begiratzen dut, non ateratzen diren bataioak, ezkontzak… Erregistro guztiak begiratuta, pixkanaka joaten naiz ikusten, mendeak atzera joanda, nola joaten den mapa hori txikitzen. Azkenean ailegatzen naiz leku batera, eta hor hasten naiz sakonean ikertzen:  non dagoen baserria, non familia… baina beti erregistroekin, ez dut deus asmatzen, beti da erregistro ofizialekin.

 

Zenbat denbora eskaini behar diezu? Abizenen arabera aldatuz doa denbora hori?

Bai. Abizen batzuekin egon izan naiz egunak eta beste batzuekin, berriz, ordu pare bat. Abizen batzuk oso pertsona gutxik daramatzate eta oso errazak dira ikertzeko. Olaizola baserria dago Oiartzunen, adibidez. Baina Etxeberria abizena? Zenbat Etxeberria daude… Abizen haundiekin egon zaitezke urteak ikertzen, baina ni saiatzen naiz egun batean egiten: ordu pare bat edo hiru ordutan. Gainera jada martxa hartu dut eta ondo moldatzen naiz, programa informatikoak ditut azkarrago egiteko dena.

 

Afizioz egiten duzun zeozer da, oker ez banabil.

Bai. Ni Informatikoa naiz, funtzionarioa Nafarroako gobernuan eta hau egiten dut nire denbora librean. Hala ere, etorkizunean ez dut baztertzen hontaz lan egitea. Orain ikerketak dohainik egiten ditut zerrenda bat jarraitzen, baina ikerketa egiterakoan egiten ditut lamina polit batzuk, jartzen ditut salgai eta batzuetan jendek erosten ditu. Orduan autonomoa ere banaiz, bi lanbide ditut, baina ezin naiz hontaz bizi, hori argi daukat.

 

Zerk ematen dizu dirurik jaso ez arren proiektuarekin jarraitzeko grina?

Batetik, gustatzen zait asko gai hau eta, bestetik, oso motibaturik nago museoaren kontuarekin. Eta ikusten dut jendeari ere gustatzen zaiola, dohaintzak egiten dituztela, animoak bidaltzen dizkidatela Instagrametik, jarraitzaile asko dauzkadala… horrek ematen dit indarra jarraitzeko. Baina batzuetan egon izan naiz oso estresatuta: nire lanarekin, honekin, urte beteko ume txiki batekin…

 

Instagram kontua sortu zenuenean pentsatu zenuen hainbeste jarraitzaile izatera helduko zinela? Ia 23.000 zarete!

Ez, ez! Hasieran lagunek eta ezagunek jarraitzen ninduten eta orain Euskal Herri erdiak. Munstro batean bilakatu da. Orokorrean telebistan edo irratietan atera naizenean jarraitzaile dezente irabazi ditut; batez ere,  telebistan atera nintzenean, ETBko teleberrian. Hala ere, orokorrean izan da gutxinaka-gutxinaka.

 

Zenbat pertsona jarri dira zurekin harremanetan abentura hau abiatu zenuenetik

3.300 abizen daude itxaron zerrendan baina asko errepikatu egiten ziren. Esango nuke 50.000  pertsona baino gehiago jarri direla nirekin kontaktuan. Ez nago ziur, hori ezin dut kalkulatu.

Euskal Herritik kanpo ere jaso dituzte eskakizunak? 

Bai. Argentinatik, Txiletik, Perutik, Kolonbiatik, Mexikotik eta Estatu Batuetatik ere asko! Gainera askotan dira euskal abizenak baina deformatutakoak: hau da, bertan aldatu direnak. Batzuetan galtzen dute hizki bat, edo zeozer aldatzen dute.  Adibidez: hemen ondoan dago herri bat Huitzi eta han idazten zuten s-rekin: Huisi. Latinoamerikatik askok idatzi didate, eta Frantziatik ere.

 

Zein da ikertu duzun abizenik zaharrena?

Izan dudan dokumentaziorik  zaharrena  Lasterra abizenarena da, Artaxoakoa, Nafarroako herri batekoa. 1000. urtekoa zen, baina zer gertatzen da? Erregistroak normalean bilatu daitezkeela XVI. mendera arte, eta hortik 1000.  urtera arte dagoen informazioa… Dokumentazio zaharra da, ez daude zuhaitz genealogikoak, ez daude bataioak, ezta ezkontzak ere. Orduan oso zaila da elkartzea 1500. urteko pertsona bat, 1000. urteko batekin. Baina beno, abizen zaharrenak dira “-ez”-en amaitzen direnak. Martinez, Jimenez… 

 

Eta zergatik? Badakizu?

Izan zelako lehengo modua abizenak jartzeko jendeari. Baldin bazinen Ximenoren semea, izango zinen Ximenez. 

 

Zein dira deskurbitu dituzun abizenik esanguratsuenak?

Galtza gorri, esaterako, Narbartekoa. Galtza gorri zergatik? Pertsona horrek Iratxo baten itxura zuelako edo galtza gorriak ematen zituelako. Beste abizen bat: eskutxuri. Zergatik? Ogiarekin lan egiten zuelako, iriñarekin,  eta esku txuriak izagen zituelako.. esanguratsuak halakoak dira edota elkartutakoak: Garciahandia, Lopegorria…

 

Orain museo bat ireki nahi duzu Goizuetan aztertutako informazio guztiarekin. Zergatik? Eta zer dela eta Goizuetan?

Goizuetan ireki nahi dut hemen bizi naizelako. Hemen nahi dut bizitza egin, hemen sortu dut familia. Gainera iruditzen zait Euskal Herriko erdigunean dagoela gutxi gorabehera. Eta zergatik museo bat? Informazio asko dudalako eta dagoelako jende ugari ez duela erabiltzen Instagramik, ez duela erabiltzen Internetik, Smartphone-ik. Gainera, latinoamerikako jende asko etorri da Euskal Herrira bere abizena ikertzera edo etxe baten bila, eta iruditzen zait horiek ere bisitatuko dutela museoa. Gustatzen zaizkie halako gauzak. Falta da halako museo bat.

 

Marta Pionedak izango du museoa sortzeko ardura

Bai. Orain dela gutxi joan ginen hemen gertu dagoen herri batera, Elgorriagara, eta hor dago Ameriketako Euskal Artzainen museoa. Sartu ginen ikustera eta gustatu zitzaidan asko. Orduan jarri nintzen kontaktuan museoko kideekin eta esan zidaten diseinatzaile Marta Pineda izan zela. Marta hemendik gertu bizi da, Malerrekan, eta berarekin jarri nintzen harremanetan.

 

Berak esan zizun 10.000 euroko kostua izango zuela museoak?

Alderantziz. Nik esan nion 10.000 lortuko nituela eta berak diru horrekin egingo zuela ahal zuena. Esan zidan baietz modatuko ginela. Kalkulua egin nuen urtebeteko proba egiteko materiala erosteko 10.000 euro nahikoa zirela. Berak kobratzen duena, gehi materiala, gehi obra txikiren bat, argiak… behar da dirua.

 

Eta gero nork mantenduko du?

A! Hori nire dirutik (barreak). Ez dakit sarrerak egongo diren… Edo agian lortzen dut etorkizunean Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bat.

Eta zer moduz doa diru bilketa? 10.000 euroak bildu arte itxarongo duzu zeozertan hasteko?

Bai ez daukat presarik, eta ez dut denbora gehiago inbertituko momentuz, nahiko saturatuta nagoelako. Diru bilketa  motel doa baina urte batean lortu dugu erdia baina gehiago, hortaz hemendik urte batera jada izango dugu gutxi gorabehera. Ez daukat presarik.

 

Eta Goizuetako jendeak zer esan dizu honi buruz?

Gustatzen zaiela ideia. Azkenean sortzen bada halako museo bat hemen, agian etorkizunean sortu daitezke lanpostu batzuk, ez dakit! Eta gainera herriko etxe esanguratsu bati emango zaio erabilpena, herriko etxe handiena, zaharrena...

 

Eta nola erabaki duzu zein etxe hartu museorako?

Nik behar nuen etxe bat hori egiteko eta gustatzen zitzaizkidan Goizuetako etxe batzuk. Orduan, jarri nintzen kontaktuan nagusi batzuekin: lehenengoa zen apezaren etxea, bikario etxea deitzen zena, baina egon nintzen apaizarekin, “hitz egingo dugu” esan zidan, eta hor gelditu zen gauza. Gero jarri nintzen Hernaniko familia batekin kontaktuan, direla Goikitxe Etxeako nagusiak eta esan zidaten proiektua gustatzen zitzaiela pila bat biei eta beraiek utziko zidatela etxearen zati bat. Etxea oso handia da eta sotoa utziko didate alokairu merke baten truke.

 

Eta goizuetarrenbat etorri izan zaizu abizena ikertzeko eskatuz.

Bai, noski (barreak). Hemen konfiantza dagoenean, badakizu…  Eta asko ikertu ditut. Gainera, museoaren proiektuarekin hasi nintzenetik gauza bat egiten dut: norbaitek eskatzen badit abizen bat ikertzeko, eta dohaintza egiten badu 10 eurotik gorakoa, zerrenda horretan aurreratu egiten da, eta ikertu eta publikatu egiten dut, zeren modu horretan mugitzen du apur bat museoaeren kontua. Nik laguntzen diet eta bide batez beraiek laguntzen didate.  Gero museoa irekitzean jarraituko du zerrendak betiko moduan. 

 

 

Zein izan da jaso duzun dohaintzarik handiena?

200 eurokoa. Egon nintzen Zubietako eta Iturengo joaldunak ikusten, atera nituen argazki batzuk etxe eta harmarri batzuenak eta bertako gizon batek esan zidan: “Gustatzen zait pila bat zure proiektua tori 200 euro.” Baina gero orokorrean dira 50 eurotik beherakoak.

Nolakoa izango da museoa? 

Gutxi gorabeherako ideia bat badut. Abizenen sailkapena segur aski egingo dut lurraldeen arabera: Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa, izan ere asko aldatzen dira lurralde batetik bestera abizenak. Adibidez, Nafarroan orokorrean dira herrien izenak. Araban dira asko hitz elkartuak: Fernandez de Larrinoa, Perez de Eulate…. Bizkaian dira auzoa eta etxea: Garaika Etxeberria, Maguna Goikoetxea… Eta Gipuzkoan, berriz, baserrien izenak. Orduan asko aldatzen da. Nik uste egingo dudala horrela.

 

Eta jendeak bere abizena bilatu nahi badu museoan?

Gauza bat da nire Instagrama eta web orrian bertan, bilatu dezakezula zure abizena, eta beste gauza bat  izango da museoa. Museoak kontatuko du abizenen eta izenen historia: nola sortu ziren eta zergatik jartzen ziren horrela, zergatik lurralde batean hala eta bestean horrela. Gero bai egongo direla  ordenagailu pare bat bilaketa egiteko nahi baduzu. Egongo dira liburu zaharrak, erregistroak… baina hori aparte.

 

Zein dira diru bilketa honetan laguntzeko dauden aukerak?

Modu guztiak apellidosvasconavarros.es webgunean daude ezarrita: hor dago atal bat, menuan, jartzen duela ‘museoa’. Bertan sartuta proiektuaren azalpena dago eta ordaintzeko lau modu agertzen dira: bat da bizuma; beste bat bankuko transferentzia; bestea GoFundMe crowdfunding plataforma, eta azkena zuzenean web orritik txartelarekin ordaintzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!