Suziria lehertu eta festa giroan murgilduko dira goizuetarrak gaur, eguerdiko 12:00etan. Udaletxeko balkoian izanen dira Emakume Taldeko kideak, Goizuetako Fiestei hasiera emateko ardurarekin. Herri osoa ikusmiran izatea ez da nolanahiko gertakizuna, eta une hau mezu argi bat oihukatzeko erabiliko dute: «festetan gustura ibili eta ongi pasa, baina betiere, errespeturik galdu gabe».
Emakume Taldeko kideei egokitu zaizue aurten txupinazoa botatzea, nola jaso duzue albistea?
Festa Batzordeak luzatu zigun txupinazoa botatzeko gonbidapena. Zalantzarik gabe, pozik gaude, baina aldi berean, urduritasun puntu horrekin hartu dugu notizia, lehengo aldia izango baita Herriko Etxeko balkoia emakumez beteta ikusiko dena.
Txupinazoa jaurtitzeak aukera ematen du, besteak beste, mezu bat bidaltzeko. Zein izango da zuen mezua?
Hasteko, eskerrak emango dizkiogu Udalari eta Festa Batzordeari, aukera hau emateagatik. Ohore bat da adin eta inguru anitzetako herriko emakumeez balkoia osatzea. Ostera, bost egun hauek guztion gozamenerako izan daitezen, mezu argi bat oihukatu nahi dugu: jaietan gustura ibili eta ongi pasatzea, betiere, errespeturik galdu gabe.
Nortzuk osatzen duzue Goizuetako Emakume Taldea? Eta, nola antolatzen zarete?
Emakume taldea orain dela bost urte sortu zen, eta gaur gaurkoz, herriko 26 urtetik 60 urtera bitarteko zazpi emakumek osatzen dugu taldea. Antolaketa ez da erraza, denok elkartzea zaila izaten baita askotan. Hala ere, data zehatz batzuen bueltan beti elkartzen gara, hala nola, martxoak 8 eta azaroak 25. Ekintza jakin batzuk ere antolatzen ditugu urtean zehar, tartean, bakarrizketak, ipuin kontalariak edota kontzertuak. Orain, jaien antolakuntzarako ere elkartu gara, eta gure aletxoa jarri dugu.
Gaurtik hasi, eta igandera bitarte, herriko kaleak lepo egongo dira. Jai giroan eman daitezkeen erasoen aurrean nola jokatu jakiteko, eta babestuak egoteko lanean aritu zarete, zein izan da emaitza?
Festetan eman daitezkeen erasoen aurkako mahai bat sortu zen orain dela bizpahiru urte, herriko hainbat eragilez osatua. Honek, festak diren bakoitzean, erasoen aurkako protokolo bat martxan jartzea ahalbideratu digu. Protokoloaren helburua edozein erasoren aurrean behar duenari babesa, laguntza eta informazioa ematea da. Bestalde, abuztuaren 14tik 19ra bitarte, 24 orduz, telefono zenbaki bat egongo da martxan. Telefono zenbaki honek, erasoak salatu ahal izatea eta biktimak babestea izango ditu helburu.
Herriko giroan presente izango gara. Paretetan informazioz betetako zenbait kartel jarri ditugu, tartean, gure mugikor zenbakia nabarmenduz eta honen erabilpen egokia zein den adieraziz. Horretaz gain, prebentzioarekin lotutako zenbait material ere banatu ditugu herriko tabernetan eta txoznetan. Hemendik aurrera, norbaitek gure beharra izanen balu, e-maila erabili dezake: goizutakoemakumeak@gmail.com.
Zer izan behar dute gogoan herritarrek festek iraungo duten bost egun hauetan? Eta bisitariek?
Festak aske bizitzea, bakoitzak nahi duen bezala eta nahi duenarekin, alaitasunez eta pozez. Errespetuz. Eta ez badakizu egoten, geratu etxean. Ez zaitugu gurekin nahi.
Igandean amaituko dira festak, baina zuek lanean jarraituko duzue, zein erronka nagusi du taldeak aurrera begira?
Tamalez, diru laguntza iturria oso exkaxa denez, berriz ere, gure herrian ekintza xume, baina erakargarriak antolatzen jarraituko dugu. Orain artekoa mantenduko dugu eta aurrera begira emakume sortzaileei euren proposamenak gure herrian plazaratzeko aukera ematen saiatuko gara.