Yoni Salaberria Zabala Rig3l musikari goizuetarrak Azeriak bere lehenengo diskoa argitaratu berri du. 26 urterekin musikarekin amesten du egunero, Trap generoa euskeraz landu daitekeela erakutsiz. Instagramen Rig3ldust kontuan eskatu daiteke diskoa eta YouTuben ere Rig3l kanalean entzun daiteke.
Zer da Rig3l eta zein da Yoni Salaberria?
Rig3L proiektua jaio zen, duela bost urte, Mexikora egindako bidaia batean. Egoera gogor batek harrapatu zidan bertan, horren emaitza izan zen txabola batean bizitzen egon nintzela hiru hilabetez. Bertako familia batek hartu zidan bere etxean, eta nire momenturik txarrenean musika sortzen zuen Leitzako lagun batek base mordoa bidali zizkidan, musikako instrumental mordoa. Hori izan zen musikaren sorkuntzarekin lehendabiziko kontaktoa. Barruan sentitzen nuen korapilo hori ateratzeko beharra sortu zidan bizi izan nuen egoerak eta hor hasi nintzen base horietan idazten. Kantatzen ere orduan egin nituen lehendabiziko probak. Berak ezer jakin gabe, bizia salbatu zidan. Mila esker Gorka.
...
Bestetik, Rig3l da izar baten izena. Rigel izena hartuta zegoen eta horregatik idazten dut 3 zenbakiarekin. Iluntasunean ikusten den argi izpi bat da niretzako, base instrumental horiek izan zirenak niretzako. Simil bat da eta hortik izena.
Bizipen gogor horren aurretik musikaren munduarekin izan zenuen kontakturik?
Ez. Txikitatik marrazketa izan da niretzat pasioa. Musika beti izaten duzu buruan dutxan abesten zaudenean, baina keba. Bizipen gogor horretan sentitu nuen musikak laguntza ikaragarria ematen zidala nituen sentipen horiekin. Pentsatu nuen, modu batean, gustatuko litzaidakela musikaren bitartez egoera gogor horietan bizi diren pertsonengana ailegatzen. Nire horrenbeste lagundu bazidan, nik ere beste batzuei lagundu niezaiekela pentsatzen nuen. Helburu horrekin jaio zen proiektuaren Rig3l izena eta proiektua bera ere bai.
Zer musika estilo jorratzen duzu eta zergaitik?
Sad Trap generoa euskeraz jorratzen dut, Estatu Batuetako Soundcloud Rapper bizimodua Euskal Herrira gerturatzeko asmoz. Gitarra elektrikoak, sintetizadore ilunak eta perkusio elektronikoak dira nire lanaren ezaugarri bereizgarriena. Agian gaizki dago esatea, baina genero hori aukeratu nuen, errazagoa delako. Ez duzu taldekideen beharrik, ensaioak buruhauste izaten dira. Kasu honetan instrumental osoa hartzen duzu eta zuk ahal duzu horren gainean abestu eta bukatua geratzen da. Niretzako alde horretatik askoz ere errazagoa da. Bestetik, administratzeko edo lantzeko garaian ere, zuk nahi duzun denbora duzu aurrera egiteko, inorren menpe egon gabe.
Erraza egin zitzaizun musika munduan murgiltzea zerotik hasita 20 urteren bueltan?
Nire kasuan, hasiera hori, ez zitzaidan zaila egin. Marrazketa errazagoa egiten zait, baina musikara nahiko azkar egokitu naiz. Hasieratik gustatu zait eta nahiko suelto ikusi naiz hasieratik.
Goizuetakoa eta musika urbanoa lantzen duzu. Kontraesana dirudi. Nola uztartzen da hori?
Hasieran deitu eta esan zidaten 'El rey del trap', hobe duzu patata landatzen hasi... lagun arteko bromak. Kaskagorra naiz zorionez, erabaki hori hartu nuen eta horrekin 'a muerte' noa. Poliki-poliki jendea herrian ikusten ari da gauza serio hartu nuela. Hasieran normala da bapateko rollo urbanoak gutxiespen bat izatea, ez delako horren komuna, baina orain gero eta irekiagoa dago jendea. Azkenaldian, nahiko babes haundia ikusten ari naiz herrian, batez ere diskoa kaleratu eta gero.
Trap generoa gaur egun gazteen artean asko entzuten da. Goizuetan ere gazteek trapa entzuten dute?
Nik uste dut ez zela entzuten, ni hasi nintzenean seguru ezetz, baina orain jendea irekitzen ari da horretara. Komunikabideek asko bultzatu duten musika generoa da eta horrek errazten du jendearen belarrira iristea, bidea irekita dago. Orain dena urbanoa bihurtzen ari da eta bai edo bai, sujestio horrekin, jendeari erraztu zaio Trap generoa entzutea. Izebak esaten zidan zer musika arraroa egiten ari nintzen.
Musika urbanoa egiten duzu, baina zure nekazal sustraiak argi eta garbi ikusten dira argitaratu dituzun lanen iruditan, letretan...
Argi nuen gauza bat zen ezin nuela izan ez nintzen pertsona bat. Ezin nuela egin lan bat izango ez zena nire errepresentazioa. Ez zuen zentzurik izango. Nire eguneroko bizia erakusten saiatzen naiz letretan eta soinu askotan ere bai. Etxeko, baserriko, soinu asko hartu ditut, animalien soinu batzuk ere bai, distorsionatuak.
Baliabide aldetik zer moduz moldatu zara?
Osabarekin obran lanean ibili nintzen udara batean eta orduko soldatarekin ekipo txiki bat (mkrofono bat, kasko batzuk eta soinu txartel bat) erosi nuen. Trastero txiki bat dut pelutxeekin ohiartzunik ez izateko. Hortxe grabatzen dut dena. Nahasketak egitea asko gustatzen zait eta gela horretan pasatzen ditut orduak eta orduak. Denborarekin pareta joka eta joka lortzen duzu apurtzea eta ikasi egin dut.
Asko ikasi duzula esan duzu. Erreferentziak izan dituzu?
Bi urtetan deus egin gabe egon nintzen. Ofizialki nire bidea orain hiru urte hasi nuen. Bitarte horretan esperimentatzen ibili naiz. Leitzako Gorka lagunarekin munduko kanta arraroenak egiten genituen. Poliki-poliki horren ondoren joan naiz nire gustoa moldatzen. Bizitza osoan gustatu izan zaizkiten euskal taldeak, hasierako Ken Zazpi rockeroagoa, Berri Txarrak... nire soinuekin nahasten saiatu naiz. Soinu urbanoak daude, baina aldi berean punk rock-eko gitarrak entzuten dira. Instrumentaletan bateria mota batzuk daude genero urbanoan ohikoak ez direnak.
Trap generoaren bereizgarri diren elementu asko aurkitu daitezke nire lanetan. Trap generoaren barnean badaude adar ugari, asko entzuten ez ditudanak, eta nik Sad Trap edo Trap emozionala lantzen dut. Trap generoa sortu zen rapeatzen ez zekitenengandik, oso biszerala zen eta kaleko gertakari biolentoak aipatzen ziren. Nik ez dut hori lantzen. Emozioak eta barne munduaren azterketa dira gai nagusiak trap emozionalean. Flexibleagoa da, gitarrak sartzeko aukera dago eta barne begiradarako tartea eskaintzen du, traparen beste adarretan aurkitu ezin dena. Saiatu naiz soinu bereizgarri bat sortzen nire erreferenteetatik pasata.
'Azeriak' diskoa argitaratu arte single-ak argitaratu dituzu.
Probaketak egin ditut azken hiru urteetan. Single-ak eta single-ak egin ditut estilo ezberdinak probatuz. Harrera hobea zein kantak zuen ikusten izan naiz eta hartu dudan erabaki dastrikoenetakoa izan da nire burua gehiago erakusten hastea. Orain arte inork ez zuen nitaz kontextu argi bat. Gehiago hasi naiz irekitzen eta pauso hori eman dudan momentutik, jendearekiko harrera asko haunditu da. Poiektuarekiko babesa ere askoz ere haundiagoa izan da. Konexioa errazagoa da jendeak erreferente bezala gizkai bat ikusten duenean.
Zergatik 'Azeriak' izena
Azeriak baserriko testu inguruan ez dira animali maitatuak. Niretzako azeria animal estimatua da. Azeriaren figurak errepresentatzen du zure bidea zure aldetik egitea, independentzia ematen dizu mentalki. Bizitzeko modu bat defendatzen du. Baserrikoa nintzela aprobetxatuz ni bezelakoak diren beste pertsonei dedikatutako diskoa da, orduan pluralean, azeriak denak biltzen ditu.
Azeri sentitzen zara?
Bai, pixka bat bai.
Goizueta izango litzateke baserria?
Bai, bai. Hortik doa ideia. Hasierako atximur hori egiteagatik. Azkenean globalizatu daiteke gehiagora. Errekuperatu nahi da arraro izatearen esentzia hori. Gizarteko aurreiritzien bidez nola izan behar den ideiaren kontra egiten dut. Harrera itzela izan du diskoak Goizuetan eta jendeak ulertu du.
Yoni Salaberria 'Rig3l', 'Azeriak' diskoarekin.
Goizueta mendi artean dagoen herri txikia izan arren, Mundu zabalari begira egon da beti.
Horrela da eta oso nabarmena da hori. Herri txikia izateak gauza on asko ditu. Lasaitasuna ematen dizu Goizuetak eta hiriko kaosetik zerbait aldentzen zara. Aldi berean, herri txikitako gauza ez ain onak ere hor daude.
Orain lan hori erakusteko garaia da?
Egin dudan lana baino erantzun haundiagoa eta hobea jaso dut. Hurrengoan gehiago egin behar dudanaren sentsazioarekin geratu naiz. Oso gustora geratu naiz lanarekin, jendeak ulertu du, baina izan duen harrera izugarria izan da. Zortez ez dut oraingoz ezezkorik jaso.
Diskoan bidelagunak izan dituzu?
Internet eta sare sozialen eraginez, munduko txoko ezberdinetan dauden pertsonekin lan egitea asko erraztu da. Azeriak diskoan erabili ditudan instrumental gehienak, Londresko Mors ekozile lagunak eginak dira eta Errenteriko Txuso ekoizleak egin du Parkean abestiko, diskoko hirugarrena, basea. Ainhoa Zabaleta herrikideak ere parte hartu du. Morsekin feedback bat jaso dut euskera nola entzuten duen fonetikoki kanpoko pertsona batek. Asko gustatu zaio fonetikoki euskera nola erabili daitekeen. Iritsi garen konklusioa izan da oso praktikoa dela erakutsi dezakezulako agresibitatea eta goxotasuna. Agresibitatera joan nahi baduzu r, k, t, tza, tze, tzi soinuekin kolpe hori baduzu. Goxotasunera joan nahi baduzu x, z, s, bokalak sartuz lortzen duzu. Oso interesgarria da. Bestetik, Ainhoa Zabaletak izugarrizko ahotsa du. Diskoaren barruan kolaborazio bat sartu behar nuela sentitzen nuen eta Ainhoa Zabaletari proposatu nion elkarlan bat egitea. Oso gustura gelditu ginen emaitzarekin.
Zer topatuko dugu disko honetan?
Nire erretratu garbi bat: familia, animaliak, oroitzapenak… eta noski, gertutasuna. Nire lana entzuten duen orok, gure baserriko tximinia alboan, babarrun plater bero bat jaten ari dela sentitzea nahi nuen. Lan etxekoi bat, su motelean egina.
Zureak dira hitzak?
Abesti baten arima garrantzitsua da, baina arima hori hobeto ulertzeko letrak ere bere lana egin behar dute. Niri asko gustatzen zait puntu hau lantzea. Letrek nortasun propioa izan dezaten, beharrezkoa iruditzen zait lan hori norberak egitea. Egunerokotasuna, sentimenduak, beldurrak… Guztiok dugun barne mundu hori da inspirazio iturri onena niretzat.
Kontzertuak eskaini dituzu, Goizuetan ere bai?
Orain bi urte, festetan abuztuaren 17an eskaini nuen. Txiltxoko kolektiboa ekarri genuen. Oso polita izan zen. Euri asko egin zuen, plazan eskaini behar genuen kontzertua eta 17a herriko festetan girorik ez dagoen eguna izaten da. Bapatean jende asko hurbildu zen eta toldo baten azpian jarri genituen denak. Udalekoek asko lagundu ziguten, lekuz aldatu zen eta giro itzela sortu zen. Sentsazio oso polita izan genuen.
Non gehiago entzun da Rig3l?
Orain gutxi Iruña Rock-en izan ginen, Nafarroa Arenan. ETS eta gero taularatu ginen. Eromena izan zen. Navarra Music Commissionekoak jarri ziren kontaktuan eta astebete nuela prestatzeko esan zidaten eta ea animatzen nintzen. Nik baiezkoa eman nuen pentsatu gabe. Gure lana ongi egin genuen. Donostiako festibalean ere izan ginen. Oiartzunen eta Errenterian eman izan ditugu kontzertuak eta harrera oso ona egiten didate. Irailaren 21ean Errenteriako Atlantikaldian partehartzekoa naiz.
Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun... ea animatzen diren.
Argi geratu dadila Kronikan. Ni irekita nago gonbidapen bat egiten bada kontzertua eskaintzeko.
Gaztea maketa lehiaketan ere hartu zenuen parte.
Finalerdietara sailkatu ginen. Esperientzi polita izan zen. Diskoa argitaratu aurretik izan zen. Alde batetik ongi dago, jendea ezagutzen duzu, proiektu ezberdinak ezagutzen dituzu, baina uste dut honelako proiektu batera aurkeztu aurretik proiektua sendotuta izan behar duela. Oinarri sendorik gabe BBK Live jaialdira joaten zara eta proiektua ez baduzu sendoa aukera ez duzu behar bezala aprobetxatzen.