Erreportajeak

«Jendeak disfrutatu egiten du txakurrek nola lan egiten duten ikusiz»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Jabier Olaziregi eta Aby txakurra Maisu Borda baserriko atarian.

13 urteren ostean, bueltan da artzain txakurren erakustaldia Goizuetako ferian. 12:30etan izango da Barrenetxeko belasoan eta Jabier Olaziregi izanen da hiru parte hartzaileetako bat. Egun hauetan lan haundiak izan ditu: artzainak bilatu, itxiturak egin... Ziur dago erakustaldi «polita» izanen dela eta ikusle ugari bertaratuko direla espero du.

Jabier Olaziregi abeltzaina erdi goizuetarra eta erdi donostiarra da. Duela 20 urte oparitu zioten lehen Border Colliea, arraza hori zer zen ere ez zekienean. Orduz geroztik makina bat artzain txakur txapelketatan parte hartu izan du, eta «bizio hutsa» dela dio. Urteak daramatza lehiatu gabe, baina gaur parada izanen du beste behin erakustaldia emateko Aby txakurrarekin batera. Ekitaldi horretan Jexux Razkin (Etxarri-Aranatz) eta Jose Antonio Ormazabal (Gaintza) ere izanen dira, Euskal Zakurra eta Border Colliearekin, hurrenez hurren.

 

Nola eta zergatik otu zaizue Goizuetan artzain txakurren erakustaldia eskaintzea?

Orain dela urte batzuk hasi nintzen ni txakurrekin txapelketetan, eta hemen herrian hainbat pertsonak komentatu zidaten: «Txakurrei irakatsi nahi nieke». Apur bat erakusten hasi ginen; batekin, bestearekin, bat ekarri bestea erosi… horrelaxe. Eta urte batean esan genuen: «Zergatik ez dugu egiten hemen lehiaketa edo erakustaldi bat?». Herriren bat bada txakurra behar duena ardiekin lan egiteko, hori Goizueta da. Oso zelai txikiak daude. Gainera, hemengo ardiak sasi ardiak dira, hasi zaitez gora eta behera haien atzetik… eskertzen da txakurra. Horrela hasi ginen. Erakustaldi moduko bat egin genuen duela 13 urte, ondo gelditu zen eta orduz geroztik ezer ez, asko hitz egin baina egin gutxi. Aurten, ordea, esan dugu: «Egin behar dugu». Eta halaxe izan da.

 
Nolakoa izan da aste hauetan prestaketa lana? 

Nik txapelketa izatea nahi nuen, baina udaletxean nahiago zuten erakustaldia izatea. Zergatik? Gerta zitekeelako jende guztia hona etortzea  eta gainontzeko guztia erdi husik gelditzea; postuak, esaterako. Nik beti izan dut Border Collie arrazako txakurra, baina Euskal Herrian asko defendatzen dute hemengo txakurra, txakur gorria deitzen diote, eta ez dute arraza hori galtzerik nahi. Ni lehen Atxate Elkartean nengoen [artzain txakur lehiaketen antolatzailea] eta hor beti borroka txiki horretan ibiltzen ginen. Txakur gorriak gutaz aparte aritzen ziren. Niri hori ez zait ondo iruditzen, nik denok parte hartzea nahi dut eta denok elkarrekin aritzea. Hortaz, erakustaldirako hiru txakur egon behar zirela esan zidatenean, Border Colliea duen lagun bati esan nion eta Etxarri Aranatzeko gizon bat ere badator, txakur gorriarekin.

 

Herriren bat bada txakurra behar duena ardiekin lan egiteko, hori Goizueta da

 

 

Itxiturak egiten ere ibili zara...

Bai. Beste bizpahiru lagunekin batera, udaletxetik ere etorri dira. Zelaiak aspaldi egindako itxitura bat zuen, baina sarea erdoilduta zegoen eta piketeak ere konpontzeko zeuden. Gero, eskortea [ardiak proban sartu behar diren zirkulua] eta erakustaldian erabili behar ditugun gainontzeko gauzak ere guk egin ditugu. 

 

Artaldea Maisu Borda baserriko zelaian.

 


Zein desberdintasun dago erakustaldia eta txapelketaren artean?

Txapelketan epaileak dauzkazu eta arauak daude. Hemen, berriz, gure artean eginen dugu zirkuitua, guri iruditzen zaiguna, epailerik gabe, erakustaldi txiki moduko bat. Ea datorren urtean txapelketa serio bat egiterik daukagun.

 

«Gure artean eginen dugu zirkuitua, epailerik gabe, erakustadi txiki moduko bat... Ea datorren urtean txapelketa serio bat egiterik daukagun».

 


Hiru parte hartzaile egongo zarete. Zertan oinarrituko da erakustaldia? 

Proba lehenengo amaitzen duenak irabaziko du, lana txukunen egiten duenak. 10 minutu jarri ditugu. Artzainaren ezkerrean, izkina batean, ardiak egonen dira, eta hasieran artzainak txakurra haiengana bidaliko du artaldea hona ekarri dezan. Hor guztia ikusten da: txakurra txintxo doan, nola obeditzen duen… Poliki-poliki ekarri behar du artaldea; txukun, denak elkarrekin eta ez korrika, kolpeka, batzuk alde batera besteak beste aldera dihoazela. Azken proba artaldea eskortean sartzea da eta horrek puntu asko ematen ditu.

 
Nolako harrera izango duela iruditzen zaizu?

Harrera ona. Bere garaian ere jende asko bildu zen, eta orain aurretik kartelak jartzen ibili dira hainbat herritan, Leitzan, adibidez. Eguraldiak asko eragiten du, baina jende asko etortzen da Goizuetako feriara. Pertsona asko bizi dira herritik kanpo, kanpoan dabiltzalako lanean, eta horiek feria egunean familiarekin etortzen dira. Larunbata izan ohi denez, jai eguna, jende asko biltzen da. Beraz, eguraldi oso kaxkarra egiten ez badu, jende asko etorriko dela uste dut.

Artzaina zara ofizioz?

Ez. Baserri bat daukat Goizuetan eta denetik dut bertan: behorrak, zaldiak, txakurra, ardiak... Orain dela 20 bat urte oparitu zidaten txakur kume bat, Border Colliea. Garai hartan ez nekien zer zen ere eta galdezka ikasten hasi nintzen eta.. hona arte. Hau bizio hutsa da.

 
Lehenago aritua zara halako lehiaketa batean?

Bai. Artxate elkartean. Urteak dira utzi nuela, baina lehen asko ibiltzen nintzen lehiaketetan. Herri bakoitzetik deitzen ziguten eta txapelketak egiten genituen.

Zer da gauzarik zailena lehiaketa hauetan?

Ardi klasearen arabera da, badaude oso ardi azkarrak eta egun beroarekin lehertu egin dezakezu txakurra haien atzetik. Edo ardiak elkarrekin burua beheraka dutela jartzen badira ere, horiek mugitzea nahiko zaila izaten da.

 

«Txakur azkarra eta polita da, umila eta obedientea. Abyrekin edozein tokitara joan naiteke, lagun bat gehiago da».

 

Nolakoak izan ohi dira txakurren entrenamenduak?

Normalean txakurrak 
txapelketan egin behar du baserrian egiten duen lana. Hortaz, etxean egiten badu, txapelketan ere egingo du. Baina hortaz aparte, badaude ariketa jakin batzuk. Hasieran, esaterako, borobil moduko bat egiten da txakur kumeentzat, ezkerra eta eskuina zer diren ikas dezaten. Borobil horren barnean bi edo hiru ardi sartzen dituzu eta haiek ikaratuta ihes egin nahian hasten dira, eta txakurra haien atzetik. Ezkerretara joaten bada zuk ezker esan behar diozu, eta eskuinera joaten bada eskuin. Azkenean, errepikatuz eta errepikatuz, ulertu egiten du zer den ezker eta zer eskuin. Gero, etzan, etorri, ekarri… ez duzu askoz gauza gehiago behar.

 
Zein arrazatako txakurrak dira onenak halako norgehiagoketarako?

Txakur gorria duenak esango dizu onena gorriak direla. Jende askok nostalgiagatik ditu txakur hauek, baina gero etxean askok pinttoak ere badituzte. Liburuek esaten dute Border Colliea dela guztietan arrazarik argiena. Nahiko erraza da horiei irakastea, zeren beraiek berezkoa dute afizioa, intuizioa, genetika…

 

Jabier Olaziregi Abyri aginduak ematen.

 


Aby da zure txakurraren izena. Nola definituko zenuke?

Txakur azkarra eta polita da, umila eta obedientea. Niri ikaragarri gustatzen zait. Bere aita eta ama ere oso onak ziren. Abyrekin edozein tokitara joan naiteke, lagun bat gehiago da. 

 

Erakustaldia ondo ateraz gero, datorren urteetan errepikatu daitekeela uste duzu?

Hori ez dago nire esku, udaletxeak esan behar du. 13 urte hauetan ez du ezer esan eta ez da egin. Aurten baiezkoa eman dute eta eginen dugu. Nik datorren urtean berriz egin nahi nuke, baina ez hiru txakurrekin. Esan bezala, txapelketa bat eginen nuke, epaileekin eta 6-10 txakurrekin. Lehiaketa horiek normalean bi zatitan banatzen dira, eta bigarren zatira ez dira denak klasifikatzen. Erakustaldia polita izanen da, bai edo bai. Edozein herritan, halako zeozer antolatzen duzunean jendea etorri egiten da, disfrutatu egiten du txakurrek nola lan egiten duten ikusiz.

 

GOIZUETA

AZAROAK 25, larunbata

10:00 Aziendak eta postuak.

11:00 Herriko dantzariak. Txino auzoan.

11:30 Herriko trikitilariak.

12:30 Artzai txakurren erakustaldia. Barrenetxeako belasoan.

14:30 Bazkaria. Babarrunak, betizu gisadoa eta postrea.

18:00 Matraka elektrotxaranga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!