Goizuetak izan du beherakadarik nabarmenena biztanlerian, azkeneko 20 urteotan, Urumea bailarako herrien artean. Izan ere, 2001ean baino 223 biztanle gutxiago ziren 2021ean. Alegia, %25 murriztu da biztanleria, bi hamarkadatan: 911 biztanle ziren mende hasieran, eta 688 joan den urtean.
Beherakada hori oso bortitza izan zen mende honetako aurreneko urteetan. Horrela, 97 biztanle galdu zituen Goizuetak hiru urtetan, 2001etik 2004ra: 814 biztanlerekin geratu zen. Ordutik, beheranzko joera ia etengabea izan arren, moteldu egin da.
Azkeneko beherakada nabarmena 2020an gertatu zen, baina pandemiaren testuinguruan kokatzen da hori. Urte horretan, 14 izan ziren hildako goizuetarrak, mende osoko kopururik altuena.
Jaiotza eta heriotzen datuei erreparatuta, begibistakoa da gehiago izan direla heriotzak Goizuetan, jaiotzak baino. Bi urtetan soilik gertatu da alderantziz; eta bitxia da, neurketaren aurrenekoa eta azkenekoa direla horiek, eta datuak errepikatzen direla: 2001ean eta 2021ean, bietan izan ziren 8 jaiotza eta 7 heriotza. Gainerako urteetan, ordea, gehiago izan dira heriotzak, nabarmen gehiago urte askotan: 2018an, esaterako, 3 jaiotza eta 11 heriotza; eta 2015ean 6 jaiotza eta 13 heriotza.
Zahartzera egin du Goizuetako adin piramideak, eta horren erakusle da, biztanleriaren beherakadarekin ere, gora egin duela 60 urtetik gorakoen kopuruak, 233tik 250era. Beste bi adin tarteetan, aldiz, beherakada izan da, oso nabarmena 20-59 urtekoetan: 488 izatetik, 325 izatera.