25 urte bete ditu aurten Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioen taldeak, eta beraiek botako dute Amabirjin fiestei hasiera emateko txupinazoa. Goizuetarren esku utzi zuten hautua, eta bozketa bidez hartu zen erabakia: Goizuetako Emakume Taldeak 33 boto jaso zituen eta suhiltzaileenak, berriz, 79 boto. Horrela, aurten beraiek igoko dira udaletxeko balkoira txupinazoa botatzera.
Sua itzaltzen dutenek festa piztuko dute bihar
Bihar izanen da egun haundia, 12:00etan botako baitute etxeferoa. Horregatik, Kronika bildu da Ibon Elizegirekin eta Fernando Goia Pollorekin, orain arteko ibilbidearen berri izateko eta fiesten atarian herrian zer giro dagoen jakiteko. «Herritarrek asko estimatzen dute egiten duguna», aipatu du Elizegik Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioen Parkeko bulegoan gaudela. «1997an taldea sortu zenetik, herritar mordoa pasatu da bertatik, 120 lagunetik goitti bai». Une honetan, 30 boluntario daude taldean eta, adierazi dutenez, «gazte asko animatu dira boluntario gisa aritzera, eta benetan pozgarria da hori». Ibonek 25 urte daramatza taldean eta Pollok, berriz, 2006an erabaki zuen egitekora batzea. «Taldekide guztiei luzatu digute gonbita, eta hantxe izango gara posible dugun guztiak. Momentu berezia izanen da eta ilusioa dugu hori bizitzeko!», aipatu dute.
Elkarrizketan murgildu aurretik, gogora ekarri dute talde hau sortzearen arrazoia. «Hau guztia ezbehar baten ondorioz sortu zen. Duela 26 urte, azaroan, baso sutea izan zen, eta bertara joan zen herriko neska gazte bat, Jasone, gure koadrilakoa. Baina, tamalez, ez zen itzuli, bertan galdu baitzuen bizia». Horixe izan zen abiapuntua, eta «beti» oroitzen dira horrekin. Horri tinko helduta, taldea sortzeko erabakia hartu zuten. «Formakuntza jasotzera joaten ginen 25 lagun, tartean bi emakume: Miren Terese eta Mari Jose. Joaten ginen Altsasura larunbatero, bertako suhiltzaile parkera, hiru hilabetez. Ilusio haundia genuen, herrian horretarako beharra zegoela sumatzen genuelako. Horregatik, gogoz egin genuen hasiera», oroitu du Ibonek.
Horrela, taldea sortu zenetik, makina bat interbentzio egin dituzte suhiltzaile boluntarioek. «Jendeak uste du guardiak egiten ditugula, baina ez. SOS Nafarroatik SMS bat heltzen zaigu suteren bat, istripuren bat edo arrisku egoeraren bat dagoen bakoitzean, eta, gero, guk gure Whatsapp taldetik zabaltzen dugu», kontatu du Elizegik. «Izan ere, gutako lehenengoak mezua jasotzen duenean, taldeko azkenak berea jasotzerako 5 minutu inguru pasatzen dira», zehaztu du Pollok. Eta horrelaxe hasten dute esku-hartzea. «Goizuetan bertan gaudenok parkera joaten gara, eta hor antolatzen dugu guztia. Anbulantzian ateratzeko, gutxienez 2 boluntario behar ditugu. Hau da, jende nahikoa ez badugu ezin dugu atera. Eta sute txikiak izaten direnean, tximinia batekoak, adibidez, nahikoa da bi suhiltzaile joatea», kontatu du Elizegik. «Baina, zorionez, taldeko gehienok herrian egoten gara eta aukera izaten dugu segituan parkean egoteko», adierazi du Pollok.
«Herritarrek asko estimatzen dute suhiltzaile boluntarioek herrian egiten duguna»
«Mezua bidaltzen digutenean, gu, askotan, Iruñeko suhiltzaileak baino azkarrago heltzen gara sutea dagoen tokira», nabarmendu du Pollok. «Haiek heltzerako, gu lanean hasiak izaten gara dagoeneko. Hori horrela, galdetzen digute ea laguntza behar dugun edo dena ongi dagoen, eta egoera aztertu ondoren, gurekin batera amaitzen dute egitekoa, edo, bestela, martxa egiten dute».
Suhiltzaileek lortzen dutenean sua itzultzea, jendea erreskatatzea edo bestelako egoeraren bat konpontzea, orduan heltzen da unerik lasaiena eta, batzuetan, eskertuena edo politena. «Interbentzioaren ondoren, gertatu izan zaigu lagundu diogun horrek edo horren senideren batek esatea boluntario izan nahi duela», kontatu du Ibonek. «Esker hitzak besterik ez dituzte izaten», jarraitu du Pollok. «Beti izan gara oso estimatuak, batez ere jendeak ikusten duelako laguntzen dugula eta prest gaudela horretarako», dio Elizegik. «Batzuetan galdetzen digute ea zergatik arriskatzen dugun geure burua horrenbeste ezer kobratu gabe. Baina, azkenean, gauza bat ongi egin baldin baduzu eta norbaitek eskerrak barren-barrenetik ematen badizkizu, hori bezalako saririk ez dago», azpimarratu du Pollok.
Elkarren arteko zaintza, Goizuetako indargunea
Auzolana nabarmendu dute bi goizuetarrek. «Jendea beti dago laguntzeko prest. Auzolana beti izan da hemen, edozein gauzetarako, eta harro egoteko moduko herria da Goizueta. 700 biztanletik beherako udalerri batean, ikusten da jendeak lagundu nahi duela. Aurreko urtean izan zen taldean sartzeko aukera, eta jendea sartu da», kontatu dute. «Umeak ginenean, oroitzen ditut su ezkilak hemen herrian», dio Pollok. «Suteak zirenean, su ezkilen soinua oso bereizgarria izaten zen eta jendeak bazekien sutea piztu zela inguruan. Gauzak hartu eta sua itzaltzera joaten ziren herritarrak, bi aldiz pentsatu gabe. Eta horrez gain, sirena ere izan genuen, eta herri osoan entzuten zen», jarraitu du. «Pentsa, ni suhiltzaile sartu nintzenean, mugikorrik ez genuenez, SOS Nafarroakoek etxera deitzen zuten. Horregatik, telefonoak goizeko 04:00etan jotzen bazuen, bagenekin ezer onik ez zela pasa inguruan», aipatu du Elizegik.
Suhiltzaileen lana ez da nolanahikoa, eta prest egon behar da ikusiko eta biziko den horretarako. «Duela urte batzuk, adibidez, istripua izan zen feri egunean, hementxe, herri sarreran. Hasi berria zen suhiltzaile boluntario batek hartu zuen parte interbentzioan eta, heldu zenean, ikusi zuen auto barruan pertsona bat hilda, gerrikoak lepoa moztuta. Gaupaseroak eta jendea hurbildu ziren ezbeharraren tokira, eta berak manta batekin estali behar izan zuen agertokia, inork gertatutakoa ikus ez zezan», helarazi du Elizegik. «Gertatzen diren horrelako egoerengatik, gogorra da gure lana. Gainera, gure inguruan aritzen garenez, batzuetan herriko jendea izaten da topatzen duguna, edo ezagunak, eta latza izaten da», gaineratu dute. «Baina, esan bezala, helburua lortzen dugunean eta jendea salbu ateratzen dugunean, heltzen zaizkigu gutunak, deiak eta bestelako mezuak egindakoa eskertzeko. Eta horregatik bakarrik, merezi du egiten dugunak», bat egin dute biek.
Formakuntza ezinbestekoa da suhiltzaile lanetan aritzeko, eta hori ere aipatu dute biek. «Boluntario izateko, azterketa gainditu behar da eta, gainditu ezean, laguntzaile tankerako postua lor daiteke. Behin hori zehaztuta, hilean behin, suhiltzaile profesionalen eskutik jasotzen dugu formakuntza gehiago», dio Pollok.
Horrez gain, Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioen parkean bada parkea bera bereizten duen funtsezko elementua: anbulantzia. «Nafarroan boluntarioen zazpi parke daude, eta guk bakarrik dugu anbulantzia», kontatu du Pollok. «Gaur egun, erdi mailako gradua izatea eskatzen da anbulantzian lanean ari ahal izateko. Guk askotan borrokatu nahi dugu goikoekin hori aldatzeko, jendeak, oro har, ez duelako denbora bere lanaz gain ordu asko eskatzen dituen ikasketak beraien ordu librean egiteko. Taldean bada hori egin duen baten bat, pixkanaka titulua ateratzen ari dena poliki-poliki, baina salbuespena izaten da», dio.
Edonola ere, Elizegik argitu duenez, dekretu bati esker, duela urte batzuk anbulantzia gidatzeko ikastaroa jaso zutenek aukera dute horretan aritzeko. «2011. urtea baino lehenago Anbulantzietako Laguntzaile Teknikoaren titulua atera zutenek, aukera dute gure anbulantzian lan egiteko. Hori bai, soilik gurean eta ez beste batean».
Herriak egin du herria
Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioek argi utzi dutenez, herriak egin du herria, Goizuetan. «Familia osoak ere egon izan dira gure taldean, beti laguntzeko prest», dio Ibonek. Bere kasuan, txikitatik ikusi zuen etxean eskuzabaltasun hori, eta ez zuen dudarik egin suhiltzaile boluntarioen taldean sartzeko lehenik, eta suhiltzaile profesional izateko gero. «Ni, lehenbiziko aldiz, 16 urterekin joan nintzen sute batera osabarekin. Goizeko 05:50etan hasi ziren su ezkilak, eta aitak esan zidan sua piztu zela nonbait. Pisuan ginen, eta osaba Agustinekin batera, Angel Salaberriarekin eta koadrilako besteren batekin plazan elkartu, udaletxeko Land Roverra eta aitzurrak hartu, lehen batefuegoak ez zeudelako, eta hara joan ginen denok», egin du denboran atzera Ibonek.
Amaitu aurretik, azken asteotako sute arrisku larriak medio, gogoratu dute ingurua zaintzea funtsezkoa dela. «Baina aldaketa ugari ematen ari dira, eta gauzak antolatzeko eta egiteko modua aldatzen ez bada, bide okerretik goaz». Aipatu dituzte, besteak beste, «aldaketa klimatikoa, haziendaren eskasia eta baserri bizimoduko aldaketak. Gaur egun, beste modu batekoa da dena. Mendia eta landa eremua zaindu gabe daude, eta horrek kalte haundia egin du suteetan. Landaketarako milaka euroko dirulaguntzak eman beharrean, hobe da duguna zaintzea. Egia da jendea asko kontzientziatu dela, salbuespen batzuekin, lehen batere pentsatu gabe sua pizten zelako mendi garbiketak egiteko. Baina, orain, dagoen egoera ikusita eta dagoen kontrolagatik, baserritarrek eta artzainek kontu haundiagoa izaten dute», hausnartu du Elizegik.
Esanak esan, orain arteko bidea jarraituko dute Pollok eta Ibonek, gainerako suhiltzaile boluntario guztiekin batera, eredu baitira herrian ez ezik, Nafarroan eta Euskal Herrian ere