Erreportajeak

«Tristea da guk ez ezagutzea ur-satorra, hemen beti egon dena eta orain galzorian dagoena»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00

Oso zaila da ur-satorra ikustea, gauez bizi eta egunez ezkutatu egiten baita. Argazkia: Amaiur Esnaola Illarreta

Garai batean oso zabalduta zegoen muturluzea edo ur-satorra, Iberiar penintsularen iparraldean eta Pirineoetan, baina bere populazioak modu kritikoan egin du behera. Artikutzan dago bere populazio bakanetako bat, gaur egun. Animalia berezi horri buruzko tesia egin du Amaiur Esnaola Illarreta donostiarrak, eta dibulgazio artikulua argitaratu, tesian oinarrituta. 
CAF-Elhuyar Saria jaso berri du.

Animalia berezia da Pirineoetako muturluzea edo ur-satorra: txikia, frenetikoa, tronpadun xagutxo baten tankerakoa, eta gauez bizi dena, errekako ur-lasterretan. Garai batean, ez zen hain arraroa muturluzea gure erreketan izatea, baina gizakiaren esku hartzeak eraginda, galzorian dago egun. Artikutzan dago ur-satorraren populazio bakanetako bat. «Paradisu moduko bat da Artikutza, muturluzearentzat», dio Amaiur Esnaola Illarreta donostiarrak.

Ur-satorrari buruzko tesia egin zuen berak, 2016tik 2020ra; eta dibulgazio artikulu bat argitaratu zuen ondoren, tesian oinarrituta. CAF-Elhuyar Saria eskuratu berri du lan horrekin, eta jendeak muturluzearen berri izatea lortzen ari da, pixkanaka: «iruditzen zait badudala aportatu beharra, animalitxo hau babesten eta aurrera egin dezan saiatzen».

Amaiur Esnaola Illarreta, CAF-Elhuyar Sariarekin. Berea izan da tesian oinarritutako dibulgazio artikulu onena.


CAF-Elhuyar Saria jaso berri duzu. Pozik hartuko zenuen...

Horrelako sariketa batera aurkezten zarenean, beti daukazu saria jasotzeko ilusioa, baina ez nuen espero. Beraz, oso pozik, bai.

 

Pirineoetako muturluzeari edo ur-satorrari buruzko lanarekin jaso duzu saria.

Dibulgazio artikulu bat zen, nire tesian oinarritutakoa; funtsean, nire tesiaren laburpen bat zen. Eta bertan argitaratu nituen gauza gehienak, dagoeneko argitaratuta neuzkan, zientzia artikuluetan. Tesian zehar joan nintzen horiek argitaratzen, euskeraz eta ingelesez. Baina badaude beste zenbait kontu, argitaratzeke daudenak; horiek ere argitaratzeko bidean daude.

 

Nolakoa izan zen tesiaren lanketa?

2016an hasi nuen, eta 2020ko uztailean bukatu; lau urte pasatxoko lana izan da, eta oso lan konpletoa. Hasieran errekan izan nuen lan asko, Artikutzako Elama errekan eta Leitzaranen: laginketak egin, muturluzeak harrapatu, irrati-telemetria bidez jarraitu, beraien gorotzak bilatu, eta jaten dituzten zomorroak lagindu, ikusteko zein zomorro zeuzkan errekan eskuragarri jateko. Ondoren, laborategian eta bioinformatikaren bidez, gorotzetatik ikusi nuen zer jaten duen ur-satorrak. Laborategiko bestelako lanak ere egin nituen: zomorroak identifikatu, genetika egin... Eta azkenik, ordenagailuko lan asko. Gauza desberdin asko egin ditut.

 

Zein helburu zuen ikerketak?

Galzorian dagoen espeziea da muturluzea, eta oso animalia txikia da, iheskorra, gautarra... Orain arte ez zegoen ezagutza askorik bere inguruan, eta galzorian egonda, babesteko behar genuen aurreneko gauza zen berari buruzko informazioa: zer behar duen bizitzeko, eta zer babestu behar dugun bera babesteko. Kudeaketa nola planteatu jakiteko, oinarrizko ezagutza falta zitzaigun. Horretan sakontzea izan da nire tesiaren helburua.

 

Galzorian dagoela aipatu duzu...

Bai, eta atzerakada nabarmena jasaten ari da, gainera. Nire laginketak 2016 eta 2017 urteetan egin nituen, eta gerora beste harrapaketaren bat ere egin nuen, beste konturen baten harira. Oraintxe bertan ezingo nuke egoeraren mapa erreal bat egin, baina badakit oso egoera zailean dagoela bere populazioa; aurrera egiteko zailtasun haundiak dauzka.

 

Artikutzan dago bere populazio bakanetako bat. Zer eskaintzen dion Artikutzak?

100 urtean zehar, Artikutzan ez da izan inpaktu haundiko giza jarduerarik, baso naturala mantendu da, eta errekan ere, onerako lanak egin dira: presak bota dira, Enobietako urtegia hustu dute, ibilgia naturalizatze aldera lanak egiten ari dira... Artikutza paradisu moduko bat da. Nik ikusi dudanagatik, muturluzearentzako kaltegarriena da giza jarduera; gizakiok erreketan, ibar-basoetan eta arro guztian egiten ditugun jarduerak. Artikutza denez leku bat natural mantendu dena azkeneko urte luzeotan, esango nuke paradisu moduko bat dela muturluzearentzat. 

Muturluzea errekaren barruan ibiltzen da, uretan. Bere gotorlekuak egiten ditu ibai-ertzetan, arrakalatxoetan eta; baina ezin dira ikusi. Ia ezinezkoa da muturluzea ikustea, eta bere kabiak ez dira inoiz aurkitu. Beraz, imajinatu dezakezue zeinen zaila den berarekin lan egitea... Muturluzeak erreka ulertzen du karretera bat bezala; eta karretera horretan eraikitzen bazaizkio oztopoak, presak adibidez... Eta ez presaren paretagatik bakarrik, baita presaren putzu luze horrengatik ere. Muturluzeak ur-lasterrak behar ditu, eta oztopo horiek, bere errepide horretan, ez diote pasatzen uzten, edo zailtasun haundiak jartzen dizkiote. Uraren kalitate exkaxak edota baso kudeaketa ezegokiek ibaiaren egoera okertzen dute, eta horri presak bezalako oztopoak gehitzen badizkiozu, muturluzeari zaildu egiten diozu aurrera egin ahal izatea, populazioak beraien artean gurutzatu ahal izatea...

 

Ereñotzun ere izan zen muturluzea duela hamarkada batzuk, bertan 'ur-arratoya' bezala ezaguna.

Bai, izan dut horren berri. Lehen askoz ere zabalduago zegoen, eta ez zen hain arraroa muturluzea egotea. Baina gizakiok erreketan egin ditugun jarduera guztiek eta basoen kudeaketak, zuzenean eragiten diote. Eta lehen oso zabalduta zegoen penintsularen iparralde osoan eta Pirineoetan, baina orain geroz eta gutxiago dago, eta erreka askotan dagoeneko galdu da.

 

Animalia berezia da ur-satorra, ezta?

Gauez bizi den animalia bat da, erreka barruan bizi dena, eta erabat frenetikoa. Oso animalia txikia da, ugaztuna, eta bere gorputzaren tenperatura mantentzea ezinbestekoa du. Eta erreka hotzetan sartzen den momentuan, azkar egin behar du igeri, eta uneoro elikatu; bestela hil egiten da. Nire lanean behin eta berriro azpimarratu dut animalia frenetikoa dela, hori delako ikusi dudana. Berezia da bere gorputzarengatik ere. Xagutxo baten tankerako gorputza dauka; isats luzea, igeri egiterakoan lema funtzioa egiten duena; oinetako hatzen artean, ahateek izaten duten mintz hori; eta denetan bereziena, muturrean daukan tronpa, elefanteak daukanaren antzekoa. Oso modu frenetikoan mugitzen du tronpa ere. 

Eta animalia berezia da, era berean, Euskal Herrian galzorian dagoelako, eta ia inork ez duelako ezagutzen. Gure esku dago animalia honen biziraupena. Denok ezagutzen ditugu hartza, katamotza, eta beste animalia ponpoxo batzuk. Baina ur-satorra bezalako animalia bat, hemen beti egon dena, guk ez ezagutzea, pixka bat tristea da. 

 

Ur-satorra edo muturluzea, eskuetan hartuta. Oso animalia iheskorra da. Argazkia: Amaiur Esnaola Illarreta

 

Nondik datozkio ezaugarri horiek?

Eboluzioaren bitartez. Munduan gauden animalia guztiak eboluzionatzen joan gara, beste espezie batzuetatik gatoz, eta bakoitza moldatu da ingurunera hautespen naturalak baimendu dion bezala. Garai batean, ur-satorrak Europa mailan baziren dexente, espezie asko eta genero asko. Baina denborarekin galtzen joan dira, eta gaur egun bi genero bakarrik daude munduan. Bata da Errusiako desmana, ur-geldoetan, putzuetan eta horrelako lekuetan bizitzera moldatuta dagoena, eta gorputz haundiagoa daukana. Erabat desberdina da bere ekologia. Eta bestea, hemen daukagun ur-satorra, dago moldatuta erreketako ur-laster horietan bizitzera. Bere gorputza da, eboluzioaren poderioz, ur-laster horietan bizitzea errazen egin dion adaptazio bat. Denborarekin lortu dituen ezaugarriak dira, bere habitatera eta bere bizimodura ondoen egokitzea baimendu diotenak.

 

Uneoro elikatu behar duela ere aipatu duzu.

Hain animalia txikiak, hain metabolismo altuarekin biziraun ahal izateko, etengabe jan behar du, etengabe eman behar dio elikagaia gorputzari; bestela, motorra gelditu egiten da. Guk ez dugu zuzenean ikusi elikatzen, ia ezinezkoa delako. Gauez ibiltzen da erreka barruan, eta oso animalia txikia da, frenetikoa eta iheskorra. Guk irrati-telemetria bidez ikusitakoarekin interpretatzen dugu etengabe elikatzen dela, horrelako beste animaliatxo batzuekin ere ikusi izan delako, hain metabolismo altuarekin etengabe elikatu behar dela bizirauteko. Eta guk ere, zeharka bada ere, hori ikusi dugu.

 

Gauez bizi eta egunez ezkutatu. Ez da erraza izango ur-satorra aurkitzea. Nola moldatu zineten?

Nire tesirako, 31 muturluze harrapatu eta jarraipena egin ge­nien. Jartzen genituen erreke­tan tranpa berezi batzuk, bermatzen zutenak muturluzeak ez zirela bertan hilko, noski. Mekanismo berezi bat zeukaten. Horretarako, 40 gauz jarraian egin genuen lan, horrek dakarren lo faltarekin. Izan ere, ez da gaueko lana bakarrik, egunean zehar tranpak prestatu behar dira. Egun osoko lana da. Muturluzeak harrapatzen genituenean, itsasten genien ipurdi aldean antena moduko bat, irrati-emisora bat. Denboraren poderioz, kolaren efektua galdu eta erori egiten zen, eta animaliei ez zien inolako kalterik egiten. Itsatsita zuten tarte horretan, 4-6 bat eguneko tartean, jarraitu genituen gau guztian zehar, irrati-telemetria tresneriaren bidez. Horrekin ikusterik izan genuen, errekan nondik nora ibiltzen den gauean zehar.

 

Gizakiaren presentziarekin ihes egiten duen animalia izango da, noski.

Oso animalia iheskorra da, eta ez bakarrik gizakiarekin. Berak badauzka bere harrapariak; bisoi amerikarra edota lertxuna esaterako. Uneoro ihesean eta babestu beharrean ibiltzen da. Gizakia ez da errekan izan dezakeen mehatxurik haundiena. Mendiko erreketan gauez ez da hainbeste jende ibiltzen gaur egun. Gizakiongandik ihes egingo luke, noski; baina beste harrapari garrantzitsuagoengandik ere ihes egin beharra dauka.

 

Zer jaten duen ikertzeko modua bitxia izan zen. Ohikoa da gorotzei erreparatzearena?

Animalia bat naturan behatzerik ez daukazunean, ezin duzunean zuzenean ikusi zer jaten duen, bere gorotzak aztertu behar dituzu. Eta hori historian zehar asko egin da. Agian berritzaileagoa da gorotzak aztertzeko modua. Lehen morfologikoki aztertzen ziren; ikusi egiten zen gorotzetan zer zegoen, eta bertan zeuden kondarrak zein harrapakini zegozkion ikusita, jakiten zen zer jan zuen. Izan zitekeen harrapakinen ileak detektatzea, hezurtxoak... Muturluzearen kasuan, zomorroen estalkitxoak ikusi zitezkeen, adibidez. Horrelako lanak egin izan dira, baina gaur egun, hain modan jarri diren PCRak eta DNA metabarcoding teknika erabiltzen dira. Guk horiekin egin dugu lan, ikusi dugulako oso tresna baliotsua direla, baimentzen digulako identifikatzea gorotzetan dagoen DNA guztia, edo gehiena behintzat. Ez dugu bakarrik ikusten zein harrapakinen oskola dagoen; harrapakin bigunen DNA ere identifikatu dezakegu. Lehen ezinezkoa zen hori, zomorro bigunak desegin egiten direlako, eta ez delako kondar identifikagarririk gelditzen. Baina DNAren bitartez hain molekula txikiak identifikatzea lortzen dugu, eta sekulako abantaila izan da. Horrek baimendu digu muturluzearen dieta zehatzago deskribatzean.

 

Nolako erantzuna jaso dute tesiak eta argitaratu dituzun artikuluek?

Tesia, beste edozein tesi bezala, unibertsitatean gelditzen da. Egiten duzu, eta zure tesi liburu mardul hori zure etxeko balda batean gelditzen da hautsa hartzen. Baina nire kasuan, orain jasotako sariak, eta aurretik jaso ditudan beste bi sarik, lagundu dute nire lana gizarteari helarazten. Hiru dibulgazio artikulu idatzi ditut euskeraz Elhuyarren, eta horri esker, nire tesiak zabalpen bat izan du behintzat. Orain zinean ematen ari diren 'Urak aske' dokumentalean ere kontatzen dugu nire tesian ikusitakoa, eta Elhuyarrek 'Teknopolis' saioan erreportaje batzuk egin dizkigu. Horrelako gauzek baimentzen dute tesi bat gizartera iristea.

 

Beteko zintuen, egindako lanak zabalkundea eta oihartzuna izan duela ikusteak...

Bai, ur-satorraren egoerak arduratzen nauelako. Eta pena ematen dit, nire etxeko balda batean horrelako tesi bat egon eta gizarteak informazio hori ez izateak. Iruditzen zait badudala erantzukizun bat, behintzat jendeak ezagutu dezan, eta nahi duenak honi buruz irakurtzeko aukera izan dezan.

 

Halako lotura-sentimendu bat ere sortuko zen zure baitan, muturluzearekiko.

Bai, noski. Nik kariño berezia hartu diot. Asko disfrutatu dut nire tesian zehar, eta zortea izan dut, gustuko gai bat tokatu zaidalako. Ur-satorra nire parte dela sentitzen dut, eta iruditzen zait badudala aportatu beharra, animaliatxo hau babesten eta aurrera egin dezan saiatzen.

 

Jarraitu duzu muturluzea ikertzen, gerora?

Zuzenean ez, baina unibertsitatean jarraitzen dute ur-satorrari buruzko ikerketarekin, eta ahal dudan heinean laguntzen saiatzen naiz. Bizitzak eramaten gaitu beste behar batzuei erantzutera, une batzuetan; eta orain ikerketatik aparte xamar nabil. Baina oso gustuko dut, eta batek daki... Bizitzak buelta asko ematen ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!