Erreportajeak

«Osasunak lau printzipio nagusi ditu eta pandemiak hauek guztiak urratu ditu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

Juanjo Martinez zirujauak Goizueta bisitatuko du, gaur arratsaldean.

Covid-19az eta osasunaz ariko da, gaur arratsaldean, Juanjo Martinez zirujaua Goizuetako ganbaran: «hainbat gai ekarriko ditut mahai gainera, besteak beste, maskarillen erabilera eta txertaketa». 

Gaur, arratsaldeko 18:00etan, Juanjo Martinez zirujauaren bisita izango dute Goizuetako bizilagunek. Izan ere, herriko etxeko ganbaran hitzaldia eskainiko du, Covid-19a eta osasuna hizpide izanik. Kronikak Martinez zirujauarekin jardun du, eta hitzaldian aipatuko dituen gaien hainbat zertzelada eman ditu. 

 
Covid-19a eta osasunari buruz ariko zara gaur, zer kontatuko duzu? 

Hitz egingo dut pandemiaz, eta bi urte luze hauetan gertatu denaz. Kutsatzeak saihesteko hartu diren neurriei buruz ere jardungo dut, osasunaren aurka baitaude, besteak beste etxeratzea, itxiera perimetralak, maskarillen erabilera… Neurri guzti hauek osasunaren aurka doaz eta horri buruz hitz egin nahiko nuke. 

 

Zure arabera, beraz, neurri hauek osasunaren kalterako izan dira…  

Bai, osasunak lau printzipio nagusi ditu, eta honako hauek dira: elikadura osasuntsu bat eramatea, eta ez du zertan begetarianoa izan behar; arnasketa kontziente bat, eta kasu honetan, maskarillarekin ez dugu arnasketa egokia egiteko aukerarik izan; ariketa fisikoa da hirugarren printzipioa, edozein adinetan, betiere adinari egokitutakoa, eta etxeratzearekin hau ez da bete. Etxean giltzapetuta egoteak ez du ariketa fisikoan laguntzen, ez baita erraza etxean, lau horma artean kirola egitea. Eta azken printzipioa, ingurumenarekin kontaktua izatea da. Azken batean, bi-hiru hilabete pasa ditugu etxean, ingurumenarekin harremanik izan gabe, eta honek bere ondorioak ditu. Oso osasungarria da mendira joatea, paseoak ematea…Hau guztia ezin izan genuen egin etxeratze-agindua zegoelako, eta, ondoren, itxiera perimetrala etorri zen. 

 

Eta honek guztiak zein eragin izan du? 

Honek guztiak, oreka emozionalean izan du izugarrizko eragina. Esan nahi dut, autoritate sanitarioek eta politikoek hartutako erabakiek, ondorio kaltegarriak ekarri dituztela. Gainera, sekulako beldurra sartu dute gizartean, eta beldur honek gizakion osasun mentalean ere izan du eragin kaltegarria. 

Frogatuta dago, ikerketa askok eta azterketa askok hala baieztatuta, ezarri zituzten neurri hauek desegokiak zirela, eta horietako batzuk inkonstituzionalak ere badira. Baina hau guztia jakin da, atzera bueltarik ez zegoenean.  

Txertoari buruz ere hitz egingo diet goizuetarrei. Eta txerto izena jarri bazaio ere, ez da txerto bat izan. Hau egin dute jendeak medikamentu modifikatuak hartzeko, duela gutxi arte Europan ilegala zena, hain zuzen ere. Legaltzat jo zuten 2020ko uztailean larrialdi egoera zelako. 

 

Honen guztiaren emaitza zein izan da? 

Frogatu da txertoa ez dela eraginkorra izan, txertatutako jendeak kutsatzen jarraitzen du, eta izugarrizko albo-kalteak eragin ditu. Saldu zuten zerbait, gero ez zena bete, esaterako, txertatuta immunitatea lortzen zela. 

 

Aipatu duzu maskarillaren erabilerari buruz ere hitz egingo duzula… 

Ume eta haurdun daudenak ekarriko ditut mahai gainera. Izan ere, maskarillaren erabilera kaltegarria da haurdun dauden pertsonetan. Orain arte, askoren ahotan egon dira umeak, baina haurdun daudenak zer? 

FFP2 maskarillen kaxetan, lehen behintzat, informazioaren baitan aipatzen zen ez zela gomendagarria haurdun dauden pertsonek erabiltzea. Eta hau ez da gizarteratu, ez da esan, isilpean gorde da. Sanitarioek haurdun dauden pertsonak maskarillak erabiltzera gonbidatu dituzte. 

Momentu oro nire esperientziak, eta nire iritziak plazaratuko ditut. Horrexegatik azalduko dut zergatik uste dudan haurdun daudenak eta haurrak  ez luketela txertatu beharko. Izan ere, sortu duten txerto hau berria da. Azken aldian albo-kalteak agertzen ari dira txertatuta dauden pertsonetan, eta frogatuta dago azken 20 urtean ez dela horrelako albo-kalterik sortu duen txertorik izan. 

 

Zeintzuk izan dira albo-kalte hauek? 

Iktusak, miokarditisak eta perikarditisak, infartuak… Horrez gain, tronbosiak ere azkenaldian igo egin dira, biriketako sinbolismoak… Halaber, osasunean lanean aritzen garenok, ikusi dugu azken boladan, txertatutakoek immunitatea ez dutela lortzen. Honekin zer esan nahi dut? Edozein infekziok ondorio kaltegarriagoak eragin dizkietela. 

Txertatutako herritar askori nekea areagotu egin zaio, min muskularrak ere bai, hilerokoan alterazioak eragin dizkio… Adibide horiek dira guk osasunean lanean ari garenok ikusitako kalteak eta komunikatu dizkigutenak. 

Europako Medikamentuen agentziak eta Espainiako medikamentu eta produktu sanitarioen agentziak azterketa bat egingo dute honi guztiari buruz. Izan ere, Extremaduran 17.500 emakumek izan dituzte hilerokoan alterazioak, eta azterketa honen arabera, txertatzearen eraginez izan da, eta batzuk diote Covid-19ak eragin duela… 

Gaixo asintomatikoa zer den ere azaldu nahiko nuke. Izan ere, kontraesan bat da. Pandemiaren prozesua kudeatu eta eraman duen, Carlos III institutu nazionaleko  zuzendariak, urtarrilean jakinarazi zuen gaixo asintomatikoa ez zela existitzen. Kontraesana baita, hitz egitea sintomarik ez daukan gaixoaz. Batzuk aspalditik genion hau guztia zentzugabea zela, baina duela gutxi egiaztatu da.

 

Osasun printzipioei buruz ariko zara gaur, Ganbaran. Gomendio edo pautarik emango duzu?

Bai, osasunaren printzipioei buruz hitz egingo dut, hauek urratu egin baitira osasun alarma ezarri zutenetik. Eta gomendio batzuk emango ditut, egoera on batean egoteko, eta edozein mehatxu edo infekzioren aurrean, indartsu erantzuteko. 

Birusaz ere hitz egingo dut, eta honekin ulertzen da Covid-19az hitz egingo dudala, baina ez da horrela. SARS da birusa eta gaixotasuna da Covid-19a, eta hori argitu nahiko nuke hitzaldi honetan. PCR frogez ere mintzatuko naiz. Ez dut gaietan asko sakonduko, gai ugari ukituko ditut, zertzelada txiki batzuk emanez. 

 

Entzuleak bakarrik nahi dituzu, ala parte-hartzaileak nahiago? 

Jendeak lasai galdetzea nahiko nuke. Nahiago dut gutxiago hitz egin eta jendearen zalantzak argitu. Beraz, gaur hitz egingo dut, baina ez dut astuna izan nahi eta jendearen parte-hartzea eskertuko dut. Askoz ere eramangarriagoa eta interesgarriagoa izango da hitzaldia, modu honetara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!