Gaur arratsaldeko 18:00etan Mikel Altzuart Zaldain abeltzainaren bisita izango dute goizuetarrek, ganbaran. Arizkundarrak Mundu orden berriko nekazal eta abeltzaintzaren politikak izango ditu hizpide eta isilpekoak argitara atera ditu, Kronikarekin izandako elkarrizketan.
Altzuartek elkarrizketa hasi bezain laster, azaldu du ez dela abeltzaintzaz eta nekazaritzaz soil-soilean ariko: «Goizuetarrek eskatu zidaten, abeltzaintzaz eta nekazaritzaz jarduteko, baina ez beti hitz egiten den bezala. Beraz, erabaki nuen, koiuntura geopolitiko batean kokatuko nuela hitzaldia, eta historia ekonomiko eta politikoan ere bai. Gainera, ez aditu baten ikuspegitik, baizik eta nekazari edo abeltzain baten ikuspegitik, eta nekazal sindikalgintzan aritu den ikuspegi batetik. Ohartu nintzen, geroz eta gehiago jarduten zela mundu orden berriaz, beraz, hor kokatu nahiko nuke gaurko hitzaldia: zer izan zen nekazaritza politika, zer den nekazal kultura, eta horrekin batera herri kultura, eta politikarik baden, ez den, nork egiten duen politika… ».
Arizkuneko abeltzainak lehen esaldia amaitu eta segidan, jarraipena eman dio bere hizketaldiari, hitzaldian kontatuko dituenak Kronikari helaraziz: «Zoritxarrez, hain zuzen ere, nekazal politikan agintzen dutenek, gauza gehienen inguruan agintzen dute. Eta esango nuke, politikoak direla haien txotxongilo edo morroiak. Gu entretenituta gaude komunikabideetan jartzen diren eztabaidekin, eta eztabaida hauek atzetik bultzatuak dira, ondorioz eztabaida garbirik ez dago. Herritarrak hor erortzen gara, ezker-eskuin eztabaidetan, eta eztabaida ideologiko gehienak mediatizatuak daude, izan ere, interesatuak daude benetako eztabaidei uko egiten, errealitatea tapatzeko. Benetako eztabaida ez da aterako medio masiboetan. Izan ere, hedabideen lana ez da informatzea, izan da iritzi publikoa kontrolatzea eta dominatzea, hau da, nahi dute jendeak hitz egitea nahi duten horri buruz, hedabideen nahia da jendeak azaletik jakitea, xehetasun askorik gabe».
Altzuartek nekazaritza eta abeltzaintza jarriko ditu gaur mahai gainean, baina «hitz egiten ez den hortaz» ere jardungo duela dio: «Kontestu zabalago batean hitz egiten dakit, nekazal sindikatuko kide gisa, manifestazioetan agerraldiak egin ditut, prentsaren aurrean ere hitz egin dut eta azaldu dut zeintzuk diren nekazari eta abeltzainen aldarrikapen historikoak. Baina, gaurko hitzaldian ez naiz horretan jardungo, hitz egiten ez den horretaz ariko naiz, perspektiba puntu bat jartzeko lagungarria izan daitekeen egiazko jendarte bat eraikitzeari begira. Hau da, nik kritikatzen dut hiritar kultura; hiritar kulturak gosez hilko gaituelako. Eta defendatzen dut herritar kultura eta nekazal komunitatea. Honek guztiak eskatzen du gainditzea gure estruktura mentala, eta ateratzea enfoke ekonomikoa, errentagarritasuna, merkatua eta eremu pribatua gure burutik, eta sortzea nekazalgo kultura berri bat, non ulertuko dugun nekazalgoa dela lurrarekin harremantzeko modu bakarra, eta modu zuzenena, iraunkortasuna bermatu dezakeen kultura bakarra. Gainerakoak dira mundua dominatzen dutenen araberakoak, haiei komeni zaizkien eztabaidak».
Bapatean, magia etorri zaio burura Altzuarti, baina ez beti ezagutu izan dugun magia; magia beltza baizik. Abeltzainaren ustetan, magia beltza erraz ikusten da nekazaritzan: «Alde batetik, hitz egiten da mundu mailan, mundu iraunkor batez, eta jasangarri batez, eta bultzatu den eredu merkantilista produktibo industriala izan da justu kontrakoa. Esan daiteke egiten dutela gauza bat aldarrikatu eta kontrakoa egin. Gaur egun, mundu osoan inplatatu nahi da Agenda 30. Zergatik diot hau? Ikusi daiteke, agenda 2030ean hitz egiten dutela nekazal politikaz jarduten dutenak, mundu osoan eta hitz berak erabiltzen dituzte». Jarraian, Altzuartek mundu orden berriak dituen hiru leloak eman ditu aditzera, honakoak hain zuzen: jasangarritasuna, ekonomia berdea eta digitalizazioa. «Badirudi hitz horiekin dena esanda dagoela eta hitz horietan dagoela gure etorkizuna, eta ez dago debate zintzorik. Arrazoia argia da, Agenda 2030 mundua kontrolatzen dutenek jartzen dute, eta horren atzean dago: oligopolioa, monopolioa, krisi alimentarioa eta jendarte honen amaiera».
Zientzialarien egi absolutuak apurtzen
Zientziaz ere jardungo du Arizkuneko abeltzainak, egi absolutuak zalantzan jarriz: «Nire ustetan, zientziaren egi absolutuak desmontatu egin behar dira. Gauza bat delako jakinduria eta jakintza, eta hori pertsona guztien bizi esperientzien metaketa bat da, denek daukagulako bizi esperientzia bat, jakintza bat… Baina gero dago zientzia, zientziak jarri ditu adituak eta haiek esaten digute zer den egia eta zer ez. Ikusi dugu zientziaren perbertsio nagusia dela elite horiek kontrolatzen dituztenek mekanismo guztiak izatea. Euskal Herrian oso sartuta dugu; irratian, eta medio gehiagotan, dago korronte bat esanez, politikoek gaizki egiten dutela beti, zientzia kontutan hartzen ez dutelako. Hauentzat zientzialariek agindu beharko lukete, eta horrek zer esan nahi du? Etorkizun hurbil batean, ez ditugula politikaririk beharko, esperto komite batzuk izango ditugu, eta hauek lehen aipatutako korporazio nagusientzat egingo dute lan».
«Etorkizuneko mundua birtuala izatea nahi dute, beraz, galduko genuke harremana naturarekin eta errealitatearekin»
Errealitatea marraztu ostean zer?
Altzuartek, bere ustezko errealitatea marraztuko die goizuetarrei, eta argi dauka herritarrek honako galdera botako dutela: errealitate hau marraztuta, zein da honi aurre egiteko modua? eta Kronikak ere, horixe bera galdetu dio, eta abeltzainak honakoa erantzun du: «Zaila da, izan ere, kontrol mental bat dago, eta aspalditik bizi dugun errealitatearen pertzepzioa mugatua da eta zuzenduta dago. Kontrol mental honetan, parte hartu dute erlijio faltsuek, egiazko espiritualitatea galaraziz, baina baita ere, komunikabideek, jendearen iritzia sortzeko erabili izan baitira askotan. Garai batean telebista, eta gaur egun, berriz, mundu birtuala. Etorkizuneko mundua, birtuala izatea nahi dute, beraz, galduko genuke harremana naturarekin eta errealitatearekin, eta gure egunerokoa egongo litzake zuzendua mundu birtualera. Askok beste mundu bat ezagutzeko aukera izan dugu, baina gaur egungo gazteak teknologiekin bizi dira, telefonoak sortuak ziren dagoeneko, eta txikitatik jakin dute erabiltzen. Baserri garaietan telefonorik ez zegoen, gure aurreko belaunaldiek baserrietan ezagutu dute argia ez egotea. Esan daiteke, teorian uste baino libreago garela, askatasuna dugula, baina askatasun faltsua da».
«Gogoz nago gaurko hitzaldirako, jakin nahi dut goizuetarrek zer dioten eta nola ikusten dituzten aipatuko ditudan adibideak eta errealitateak»
Goizuetarren parte hartzea, Altzuarten nahia
Abeltzainak dio gaurko hitzaldia ez dela monologo bat izango, jendearen parte hartzea baita bere nahia: «Gogoa dut jakiteko, nik aipatzen ditudan errealitateaz eta adibideez goizuetarrek zer dioten, nola ikusten duten… Oro har, nire proposamena da, hiritar kultura nagusitzen ari denez herrietan, herri kultura eta nekazal kultura ezagutzea, eta ikustea komunitate kulturala posible dela. Hiritar kulturala da kultura indibiduala, norberaren eskubideetan oinarritzen dena bakarrik. Aginduak bete morroiak bezala, funtzionario izan nahi dugu, estatuaren babesa nahi dugu… Hori da hiritar kultura. Aldiz, herritar kultura da komunitatea egitea, bizilagunek elkar ulertzea, bertako baliabideak erabiltzea, eta hori gauzatu daiteke herri ttiki batean, kasu honetan, Goizuetan, non ez dugu herri-mamuak bilakatu nahi. Baztanen hala ari gara bihurtzen, turismoaren menpe gaude gaur egun, eta turismoa nagusitzen den herri bat, herri-mamua bilakatzen da. Zu ez zara ezer ere ez, zu zara norbaitek ikusteko zauden norbait».
«Turismo rurala saltzen da denen onurarako balitz bezala» dio Altzuartek, baina nekazal komunitate batetik ikusita «mundu industrializatu zentzugabe» baten adibide argi bat dela dio: «Beste adibide bat da emergentzia klimatikoa. Mundua kutsatzen ari garela, baina gero, ez dugu erreparorik oporretan kotxea hartzeko, ezta? Ez naiz kontraesanetaz arituko, baina bai kultura horiek kontrajarriko ditudala. Izan ere, amnesia ikaragarria bizi dugu. Amnesia sortu digute herritarroi betidanik, eta amnesia horrekin, ez gara kokatzen edo hobe esanda, ez dugu gure burua kokatzen koiuntura aktualean. Ez dugu begiratu nahi nondik gatozen, eta nora goazen, eta amnesia horrekin, inertziaren arabera jokatzen dugu. Bizi dugun indibidualismoan nagusitu egin dira horrelakoak».
Pandemia garaia eta ondorengoak
Pandemian bizitakoaz ere jardungo du arizkundarrak, eta garrantzia emango dio «kontrol sozialari»: «Nik pandemiaren ikuspegia dut, eta azken bi urtetan publikoki agertu naiz. Hegazti gripeaz jardun dut askotan. Hor dago hegaztien gripearen mehatxua, baina nik diot ez dela mehatxua, autoritate sanitarioak bai dira mehatxua, abeltzaintza munduan. Oraindik hemen gaude, maskarila kendu edo ez aztertzen ari dira, eta behin baino gehiagotan demostratu da maskarak osasunean izan duen eragina zein izan den. Horrekin guztiarekin nahi dute sumisioa eta esperimentazioa, honekin ikusten dute agintzen ari direnek, noraino duten dominatua populazioa eta zenbateraino dugun autonomia erabakitzeko, eztabaidatzeko… Urruneko aldizkari zientifikoetan dioten guztiari amen egiten diogu. Nik horregatik kritikatzen dut zientzia, zenbat eta gehiago sartzen zaren edo interesatzen zaren, ikusten duzu zer nolako mafia dagoen toki guztietan».
Jarraian, Altzuartek, eguraldiarekin alderatu ditu bai ekonomia eta baita politika ere, eta honakoa adierazi du: «ekonomia eta politika ez dira eguraldia bezala. Hau da, ez dela inflazioa gertatzen gertatu behar duelako, ekonomistak saltzen digute hala dela, eta geopolitikaz ere jarduten dute eguraldia balitz bezala. Ekonomian eta politikan badira benetan planifikatzen dutenak eta agendak egiten dituztenak. Agenda 2030 den moduan, nekazal politiken agenda aspalditik egon da, eta hitzaldian 1986a ekarriko dut, izan ere, data klabe bat da hau: hor sartu ginelako, orduan zen Comunidad Economica European. Elite horiek sortutako egitura bat da, ez da herritarrek nahi genuen erabakitik sortutako zerbait. Bertan sartu edo ez sartu jendeak zalantza zuen, eta oroitzen dut, garai hartan maisu batek esaten zigula Europako komunitatean sartzea zela europarrekin progresua eta aurrerapena, eta ez sartzea zela Afrikarekin gelditzea. Ikusten duzu nola urte hartatik ere lelo bera erabiltzen den, aurrerapena, teknologia eta zientzia. Horrek erakusten du, gaur egun ere, deshumanizazio batean ari garela sartzen, eta hau berreskuratu daiteke soilik lurrarekin benetan lotuz. Lurra maitatzea ez da bertara paseatzera joatea, baizik eta ulertzea hark bizitza ematen digunez ikasi beharko genukeela lurrarekin harremantzen eta elkar ulertzen».
Altzuartek esandakoaren arabera ondorioztatu liteke abeltzaintza industrializatzen ari dela, eta ondorengo erantzuna eman du, errespetu haundiz: 'ari dela' ez da egokia, industrializatuta dago dagoeneko, eta teknologizatzen ari da. Eta gaurko hitzaldian, bioteknologiaz ere jardungo dut, elikagaiak sortzeko kapaz ikusten dira artifizialki, esan nahi dut, agenda honetan elikagai sintetikoez hitz egiten da, nahiz eta haiek ez erabili hitz hori. Dira proteina begetalekin egingo dituzten haragiak, arrautzak… Ez dute aipatuko elikagai sintetikoak direla, jarriko dituzte mahai gainean elikagai etikoak, eta hor indartuko da korronte animalista eta beganismoa…».
Amaitzeko, Altzuartek ozen esan du gaur egun, nekazaririk eta abeltzainik gabeko nekazaritza batean bizi garela: «eta hitzaldian azalduko dut, nekazal kulturan eta herritar kulturan norberak ez badu egiten, ez duela inork harengatik egingo».