Saria irabazi duzu argazki lehiaketan. Nondik datorkizu zaletasuna?
Txikitatik datorkit afizioa. Gurasoek beti izan dute etxean bideo-kamera bat, eta txiki-txikitatik ikusi izan ditut argazkiak eta bideoak ateratzen. Normalean, aitak erabili izan du beti, eta esango nuke hortik datorkidala interesa, etxetik, hain zuzen. Gerora, gainea, argazki-kamera oparitu zidaten, Reflex horietako bat, eta saltseatzen aritzen nintzen, argazkiak han eta hemen ateratzen.
Gaur egun ere argazki-kamerarekin ateratzen dituzu argazkiak?
Egia esan, ez. Hautsita dut argazki-kamera, eta mugikorrarekin aritzen naiz. Gero, pixkatxo bat editatzen ditut Photoshoparekin. Horretan nabil orain, hainbat programarekin eta interneten ikasten, nire kabuz.
Zertan oinarritzen zara?
Galdetu izan didate ea zein argazki mota dudan gustuko, baina egun bakoitza ezberdina da, eta norberaren animoak eta egoerak eragina du argazkietan. Hau da, egun txarra baldin badut, argazkia ilunagoa izanen da ziurrenik. Baina, pozik baldin banago, argazkia, normalean, alaiagoa izaten da. Adibidez, gertatu izan zait mendira joatea egun ona izan ez dudanetan, eta arrazoi horrengatik, fundamentuzko argazkirik ez ateratzea; eta, alderantziz, hurrengo egunean berriro ere mendi buelta egitera irtetea, eta alai nengoenez, argazki politak ateratzea. Horregatik, beti diot argazkiak bakoitzaren emozioaren isla direla.
Azkenaldian, Instagramera igotzen ditut ateratako argazkiak. Aplikazio horri esker, guztiak artxibatuta gelditzen dira, hurrenkera kronologikoa jarraituta. Bada, nire kontua (@garaziiii) begiratuta, argazkia atera nuen momentuko aldartearen arabera, nabaritzen dut aldaketa dagoela irudietan. Koloreetan, esaterako, aldea nabarmena da. Argazki batzuk oso sekuentzialak dira, gama bera dute; baina, une zehatz batetik aurrera, ordea, kolorea erabat aldatzen da. Eta horren guztiaren arrazoia emozioak dira, unean uneko aldartea, hain justu.
Paisaiak eta jaiak dira zure argazkien protagonistak.
Bai, hori da. Gai horiek gustatzen zaizkit, gehienbat. Euskal Herrian, paisaia ederrak ditugu, eta argazkitarako aukera paregabea dugu. Sare sozialetan ere paisaien kontuak jarraitzea dut gustuko, eta horiek dira, nolabait esateko, nire erreferenteak. Horrez gain, fiestak joko haundia ematen duten momentuak dira. Kolore asko, mugimendua… Gainera, editatzean, asko ikasteko aukera ematen duten argazkiak izaten dira.
Zein da zure indargunea?
Inprobisatzea gustatzen zait, eta hori ona dela uste dut. Alegia, ez naiz argazki baten bila joaten eta ez dut helburu zehatzik. Nire ustez, hortxe dago gakoa. Izan ere, ideia zehatz batekin joan eta gero hori lortzen ez bada, triste amaituko nuke eguna. Baina, aldiz, inprobisazioari lekua eginez gero, emaitza oso bestelakoa izanen da.
Arabako ALEAko lehiaketarako aurkeztutako argazkiak, esaterako, inauterietakoak dira hirurak, eta Iturengo joaldunarena da momentuan ikusi nuen une eder baten argazkia. Emakume oso gutxi zeuden joaldun gisa, eta emakume hura gizon helduago batekin ikusi nuenean, belaunaldi aldaketa irudikatu nuen.
Eta ahulgunea?
Argazki asko ateratzen ditut. Batzuetan, gehiegi. Horregatik, zaila izaten zait bakarra aukeratzea… Zalantza haundiak izaten ditut.
Ateratako argazkiak errebelatzeko ohitura duzu?
Ez, eta aitortu behar dut mobila argazkiz gainezka daukadala. Saiatzen naiz kanpo-memoria batean edo ordenagailuan gordetzen. Baina, bestelakoan, ezabatu egiten ditut. Gehien gustatzen zaizkidanak aukeratu eta gainerakoak… kanpora. Pena da, baina ezinezkoa da guztiak gordetzea. Gaur egun, gainera, beti izaten dugu mugikorra eskutan, eta uneoro gabiltza argazkiak ateratzen. Hortaz, ezabatzen ditudanak nire memorian geldituko dira gordeta, eta listo.
Arabako ALEAko lehiaketara aurkeztutako argazkiek ba al dute esanahirik?
Esan dudan moduan, inauteriek zeresan haundia dute niretzat. Topera bizitzen ditut beti. Dantzaria naiz, nire herriko inauterietan parte hartzen dut modu aktiboan, eta festa bereziak dira. Halaber, azken urteotan, emakumeon presentzia gero eta nabarmenagoa da inauterietan, eta argazki irabazlean, horixe bera ikus daiteke. Garrantzitsua da hori ere argazkien bidez izoztea.
Pozik hartu zenuen irabazlea izan zineneko berria?
Bai, oso pozik. Egia esateko, ez nuen espero. Argazkiak aurkeztu nituen, eta jakin banekien sarietako bat publikoarena zela. Hau da, jendearen bozken bidez erabakitzen zela argazki irabazlea. Hala ere, bozkatzeko esteka topatu nuen azken eguna heldu baino lau-bost egun lehenago. Lagunei eta gertukoei esan nien parte hartu nuela eta animatzeko bozka ematera, eta horrelaxe, espero gabe, publikoaren saria eta epaimahaiarena irabazi ditut.
Hala ere, lehiaketako antolakuntzaren erabakiz, bi sariak banatze aldera, laugarren argazki botatuenari eman diote publikoarena. Nik Errigorako saskia irabazi dut eta besteak, Gasteizko denda bateko produktu-lotea.
Ingurukoek zer esan dizute?
Zoriondu egin naute eta, horrez gain, batzuek galdetu didate ea zergatik ikasi dudan zuzenbidea eta ez, berriz, argazkilaritza. Baina, besterik gabe, bide horren aldeko hautua egin nuen, eta pozik nago ikasitakoarekin.
Ba al duzu argazki kuttunenik?
Mugikorrarekin ateratzen ditugu orain argazkiak eta, orokorrean, ez ditugu paperean izaten. Hala ere, joan den urteko lagun ezkutuan, argazki-albuma oparitu zidaten, eta hortxe ditut gordeta niretzat bereziak edo kuttunak direnak. Horien artean dago ni agertzen naizen bat, inauteritakoa, Zagi bezala atera nintzenekoa.
Kamera aurrean egotea gustatzen zaizu?
Bai, ez zait arrotza egiten. Ez dut posatzen, ez dakidalako, baina bai, gustuko dut neure burua argazkitan ikustea. Aurtengo inauterietan, adibidez, gurasoek atera dizkidate batzuk, eta Felix Loiartek beste hainbat. Argazkilari trebea da Felix, eta bera aritzen da inauterietan eta fiestetan argazkiak ateratzen.
Hori bai, normalean ni izaten naiz argazkilaria, eta, horregatik, argazki gutxitan ateratzen naiz.
Zer behar du argazki batek ona izateko?
Oso subjektiboa da. Argazki bat ateratzea da emozio bat transmititzea, eta hori lortuz gero, argazkia ona izango da ziur. Momentua izoztea baino, momentua izoztea eta zerbait helaraztea da argazki on bat ateratzea. Adibidez, lehiaketara aurkeztu nuen argazkietako bat izan zen Iturengo hartza eta, nire ustez, sekulako indarra helarazten du irudi horrek. Beraiek erabiltzen dute Lurra esnatu leloa, eta argazkiak berak hori erakusten du. Bi urteko geldialdiaren ostean, pandemia eta gero, berriro ere esnatu da lurra eta, horrekin batera, bueltatu eta esnatu dira ohitura zaharrak.
Goizuetan ere ateratzen dituzu argazkiak, ezta?
Bai. Goizueta idilikoa da argazkiak ateratzeko. Zulo batean dago eta eguzkiak bertan jotzen duenean, oso argazki politak atera daitezke. Horretarako aukera ederra ematen du Goizuetak, eta beste arrazoien artean, horregatik ere maite dut nire herria.
Etorkizunerako, afizioa edo ofizioa?
Afizioz bai, jarraituko dut argazkiak ateratzen. Ofizioz, gustatuko litzaidake, baina mundu zaila da. Momentu honetan, ez nuke jakingo nola bideratu lanbide moduan, baina nork daki, ikusiko da, bizitzak mila buelta ematen ditu!