Goizuetatik Hernanirako bidea zabalik, eta Leitzarakoa ere ireki dute

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 10a, 18:26
Lurjausi batek errepidea hartu du, Ibero eta Artzan artean.

Arranbideko zubia hartu du Urumea ibaiak goizean, eta Hernanirako bidea itxita egon da orain arte, baina zabaldu dute dagoeneko. Eguerdian, berriz, lurjausia izan da Ibero eta Artzan artean, eta Leitzarako errepidea itxita egon den arren arratsaldeko 18:00etan ireki dute.

Gainezka egin du Urumea ibaiak gaur, euritearen eraginez, bailarako zenbait tokitan. Eta Goizuetatik Hernanirako bidean, zenbait puntutan atera da ura. Goizean goizetik eman dute abixua, Olatxon ibaiak gainezka egin duela, bideoan ikusi daitekeen bezala. Eta Arranbideko zubia ere hartu du urak goizean, ibaiaren mailaren gorakadarekin. Hori horrela, Goizuetatik Hernanirako bidea ixtea erabaki du errepideetako zerbizuak, baina arratsaldearen hasieran zabaldu dute berriro. Dena den, kontuz gidatzea eskatu dute, putzuak eta lokatza daudelako errepidean.

Hernanirako errepidea libratu dute, baina, aldiz, itxita dago Leitzarako bidea. Lurjausi haundia izan da Ibero eta Artzan artean, bidea erabat oztopatu du, eta ez dago bertatik pasatzerik.

 

Lurjausia Loiditik Altzuetara bidean eta bidea itxita

Gaur arratsaldean beste lurjausi bat egon da Loiditik Altzueta bidean. Ibaiak lurra higatu du eta arriskua ekiditeko bidea moztuta dago. Bide alternatiboa: Usategieta jatetxea-Lepatxiki bidea da.

 

Erlazionatuak

Urumea ibaia aterata, Olatxon

Kronika - Erredakzioa 2022 urt 10 Urumea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!