Erreportajeak

«Goizuetan, bertako nahiz kanpoko artisauak arrunt ongi zaintzen dira»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 8a, 00:00

Txirikorda proiektua sortu zuten Garazi Loiartek eta Koro Villarrek duela ia hiru urte, eta, ordutik, sortu eta sortu ari dira ama-alabak. Sortzaileon Azokan izan ziren joan den abenduan, eta sortzen dutenaren berri eman diote Kronikari. 

«Ama eta alaba batek sortutako proiektua». Horrelaxe definitzen dute, hain justu, Garazi Loiarte Villar eta Koro Villar Diez ama-alaba goizuetarrek Txirikorda proiektua. 2019an ekin zioten bideari, eta maitasun eta goxotasun haundiz sortzen dituzte eskuz egindako turbanteak, mototsekoak, poltsak, nezeserrak, belarritakoak eta beste hainbat produktu. Sorterrian dute inspirazio iturri nagusia, oso kuttuna baitute Goizueta. Bertan egiten dituzte, eskuz, lan guztiak, eta Urumea bailara osora zabaltzen dituzte.

Abenduan antolatutako Sortzaileon Azokan izan ostean, Txirikordaren berri emateko,   Kronikak Garazirekin hitz egiteko aukera izan du. 

Nola sortu zen ideia?
Etxean, josteko hiru makina genituen. Ama eta biok aspaldi geneukan ideia buruan, makinei probetxua atera behar geniela, eta horixe egin genuen. 

Txirikorda proiektuan eskuz egiten dituzte produktu guztiak. 

Noiz ekin zenioten proiektuari?
2019ko martxoan hasi ginen proiektuarekin. Aurretik planteatua genuen arren, ikasketak eta lana zirela medio, ez genuen nahikoa denbora josten ikasteko eta sortzen hasteko. Baina konfinamenduak zerbait ona ekarri badigu, gure afizioak garatzeko denbora nahikoa izan da. 

Zein da oinarria? 
Beti dago joera multinazional haundien dendetara joatekoa, edo zuzenean zerbait nahi dugunean, Internet bidez erostekoa. Herrian eta eskualdean badaude artisau asko, eta guk zerbait berria aportatu nahi genuen, alternatiba ttiki bat eskaini, merkataritza ttikia sustatuz. 

Ama-alabak zareten aldetik, polita izango da elkarrekin aritzea ezta?
Bai, arrunt politta. Atta eta anaia ere hortxe ibiltzen dira guri laguntzen, azoketan hortxe postuaren inguruan ikusiko dituzue!

Elkarrekin egiten dituzue lanak? 
Ikasten bai, elkarrekin hasi ginen. Baina hainbat produktu dauzkagunez, lana banatzen dugu. Amak produktu batzuk egiten ditu eta nik beste batzuk. 

Beti izan duzue sortzeko grina? Eta joskintza, beti gustatu izan zaizue?
Egia esan, bai. Ama herriko eskulanen ikastaroan urte askotan ibili da, eta egur-taila ere egiten hasi zen. Hala ere, joskintza azken urteetako kontua izan da. 

Zein da zuen inspirazio iturria? 
Goizueta herri ttikia izanik lasaitasuna egoten da, eta gauzak sortzeko anbiente hoberena da hau.

Zer sortzen duzue?
Hasiera batean, turbanteak eta mototsekoak egiten hasi ginen; eta, gerora, poltsak, diru-zorroak… Pandemia garaian, berriz,  musuko mordoa egin genuen. Azken hilabete hauetan zerbait berria probatu nahi genuen eta bitxiak egitearen aldeko apustua egin dugu. 

Zein da gehien eskatzen dizueten produktua? 
Garaiaren arabera izaten da. Esan dugun moduan, pandemia garaian maskarilla asko egin genituen. Udaran, turbanteak eskatzen dizkigute; umeak eskolan hasten direnean, hamaiketako poltsak; eta Gabonetan,  berriz, denetarik. 

Produktu guztiak eskuragai: @txirikorda_proiektua. 

Ba al duzue produktu kuttunenik? 
Oihal etniko bat izan genuen, eta horrekin egindako poltsa eta turbantea dira gure gustukoenak. 

Zintei izena jarri zenieten hasieran. Mezuren bat helarazi nahi duzue zuen produktuekin? 
Erosi genituen oihalek Afrikarekin lotura zeukaten kolore eta estanpatuak zituzten. Hainbeste sufritzen duen eta ahaztua dagoen kontinente hori gurera ekarri nahi genuen, eta hortik izenak. Izen guztiak daukate borrokarekin lotutako jatorria:  gehienak urdin kolorekoak dira, Mediterraneo itsasoko kolorekoak.

Batetik, Tinduf turbantea, Sahara mendebaldeko errefuxiatuen bizilekua. Bestetik, Chios turbantea, Mediterraneoan dagoen irla bat da. Kuadrilako bat Nafarroako Brigadarekin bertako errefuxiatuei laguntzera jon zela oroitu eta horregatik jarri genion izena. Eta, azkenik, Sankara turbantea gorria; Thomas Sankara iraultzaile komunista omentzeko asmotan jarri genion izen hori. 

 

Goizuetan egindako Mendialdeko Azokan izan zineten. Etxean izanda, zer moduzko harrera izan zenuten? 
Goizuetan, bertako nahiz kanpoko artisauak arrunt ongi zaintzen dira, bai antolatzaileen aldetik bai herritarren aldetik. Aitz harrera ona egiten digute. 

Eta Sortzaileon Azokan, zer moduz? 
Bertan ere gustura egon ginen. Hernanira azaltzen garen bigarren txanda da. Lehenbizikoa,  Askapenaren Jardunaldi Internazionalistetan izan zen, bertako antolatzaileek gonbita luzatu ziguten, eta gustura ibili ginen orduan ere. Egia da Nafarroako azokekin konparatzerik ez dagoela; jende gutxiago ibiltzen da Hernanin eta erostera baino gehiago, ikustera joaten dira. 

Etorkizunerako ba al duzue proiekturik eskuartean? 
Momentuz, orain arteko produktu berekin jarraitzeko asmoa daukagu, baina berrikuntza ttikiak sartzen joanen gara tarteka.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!