Erreportajeak

«Programan aurrera egiteko, ezinbestekoa da gainerako partehartzaileen babesa izatea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 14a, 00:00

Jon Zabaleta 'Beko' aurtengo El Conquistador del Caribeko finalista izan da. Urrian hasi zuen abentura, eta 25 egunez luzatu zen goizuetarraren konkista Dominikar Errepublikan. Azken proba, ordea, ekainean izan zen egungo osasun egoera medio. «Gogorra» eta aldi berean «izugarria» izan dela kontatu dio Kronikari. 

«Esperientzia oso gogorra, baina izugarria izan da», hasi du elkarrizketa Jon Zabaleta Beko goizuetarrak. El Conquistador del Caribe programan hartu du parte, aurtengo edizioan; eta Goizueta ez du nolanahiko postuan utzi, finalera heldu baitzen. Azken proba, ordea, ez zuen lortu irabaztea. Ezustekoren bat medio, garaipenak ihes egin zion Bekori, eta Nahia Valencia nafarrak eraman zuen ikurrina etxera. 


Maila onean utzi duzu Goizueta. Zer moduzko esperientzia izan da?

Bi hitzetan deskribatzeko, esperientzia oso gogorra, baina izugarria izan da. Momentu txarrak asko izan dira; izan ere, telebistan dena oso polita ikusten da, probak eta une dibertigarriak edo deigarriak erakusten dituzte. Baina, gero, ordu asko pasatzen ditugu bakarrik. Conquiseko zailena, hain justu, horixe bera da. Buruari buelta asko ematen dizkiozu eta gauza ugari pasatzen dira bakoitzaren pentsamendutik. Gainera, horri gehitu behar zaizkio moskitoak, eguraldi txarra, euria… Kontu asko dira. Hala ere, bizitako momentu onek txarrak gainditu dituzte.


Buruz indartsu joan zinen, ezta?

Bai, eta ez nuen uste horrek horrenbeste lagunduko zuenik. Txiki-txikitatik izan dut Conquisera aurkezteko gogoa, baina beti egin dut atzera uste nuelako janariaren kontuarekin ez nintzela ongi moldatuko.  Oraingo honetan, neska-lagunak animatu ninduen aurkeztera, eta oso pozik nago erabakiarekin. Baina diodan moduan, asko jaten dut eta uste nuen gosea izango zela okerrena. Are gehiago, arrazoi horrexegatik, nire lankideek ez zuten xentimo bat bera ere ematen nigatik: «Mekasuen! Tu con lo que comes no vas a aguantar ni un día!», esaten zidaten broma artean.

Hala ere, programara heldu nintzenean, konturatu nintzen alde psikologikoak pisu haundia zuela. Ehuneko portzentaje haundi bat horixe bera da, fisikoa baino askoz altuagoa; eta ni, alde horretatik, indartsu joan nintzen. Momentu batez ere ez zitzaidan burutik pasa abandonatzea. 


Errepikatuko al zenuke?

Bakoitzaren abentura bukatzean, guztiok gauza bera esaten dugu: ezetz. Hala ere, nik arantza txiki bat daukat. Horrekin ere ez dut ezer esan nahi, baina inoiz ez zait gustatzen ateak ixtea. Etorkizun batean… nork daki!


Zer moduzko harremana izan zenuen partehartzaileekin?

Conquisetik eraman dudan hoberena horixe da, ezagutu dudan jende guztia. Izugarria izan da, zeren gure hasiera oso gogorra izan baitzen eta elkarren arteko laguntza oso haundia izan zen. Lagunarteko harreman hori sortzea oso garrantzitsua da, diodan moduan, buruz indartsu egoteko eta programan aurrera egiteko balio duelako. Momentu gogor ugari daude, bajoi asko, eta partehartzaileen babesa izatea ezinbestekoa da. Eta horri dagokionez, nik izandako partaideei behintzat chapó, hamar bat. Are gehiago, egia esateko, ezingo nuke esan lagundu ez didan pertsona baten izen bat bera ere. Guztiekin egon nintzen oso eroso eta pertsona bakoitzetik zerbait eraman dut.

 

«Alde psikologikoari dagokionez, indartsu joan nintzen programara. Momentu batez ere ez zitzaidan burutik pasa abandonatzea»


Helburu zehatzik ba al zenuen?

Beti izan nahi oso konpetitiboa, eta nire helburua irabaztea zen, ez paseora joatea. Hala ere, Loiuko aireportura ailegatu nintzenean, beste partehartzaileak ikusi nituenean, ideia hori aldatu zitzaidan. Nire neska lagunari deitu nion eta esan nion: «Uf! Hemengo jendea ikusita, aurtengo nire helburua izango da esperientzia bizitzea eta honetaz guztiaz gozatzea». Baina horren gainetik, benetan nahi nuena zen Conquiseko faseak ezagutzea; hau da, taldekoa, binakakoa eta unifikazioa. Eta, horrez gain, finalera heltzen banintzen, ezin hobe. Irabaztea, beste plus bat izango zen. Eta, beno, aukera izan nuen azken probara heltzeko, esperientzia guztiaz gozatzeko. Beraz, oso pozik nago helburua lortu dudalako. 


Alderdi psikologikoaz eta fisikoaz gain, beste faktoreren batek ere eragina al du lehiaketan?

Bai, noski. Fisikoki oso indartsua izateak ez du ezer esan nahi Conquisen, eta aurtengo edizioan ere ikusi da hori. Zorteak zerikusi haundia du programan, eta beraz, batzuetan gauzak ez daude partaideen esku.

 


Kamera aurrean lotsatu egiten zarela aipatu zenuen. Nola bizi duzu kontu hori?

Ezagutzen nauen jendea asko harritu da, oso pertsona alaia naizelako eta telebistan, ordea, ez delako hori ikusi. Partaideek ere, gerora, hori esan didate: «kanpalekuetan zinen alaiarekin, itzalita ikusi zaizu telebistan!». Eta, bai, nik ere horixe uste dut. Lehenengo esperientzia izan da kamera aurrean, eta agian horregatik izan da. Kamerak gugana etortzen zirenean lotsatu egiten nintzen, eta nahigabe, alde alai hori gordetzen nuen. Beste arrazoi bat ere izan daiteke jendeak zer pentsatuko ote zuenaren kezka ere banuela, etxekoek batez ere. Dena den, egunek aurrera egin ahala, pixkatxo bat lasaitu nintzen. Baina edozeini galdetuz gero, guztiek gauza bera esango dute, kamera ez zegoenean oso saltseroa eta alaia nintzela.

Orain, abentura berriz ere bizitzeko aukera izango banu, uste dut hori aldatuko nukela eta ez lotsatzen ahaleginduko nintzela. Bertara joatean,  norbera den bezalakoa izaten saiatu behar da kamerak egon edo ez egon.


Produkzioko  langileak zuekin batera egoten al dira?  

Gu gauden kanpalekutik 200 bat metrora egoten dira, ongi moldatutako kanpin dendetan edo etxoletan. Moskiterak dituzte, eta gu baino egoera hobea dute, noski. Tarteka, gugana etortzen dira, lekutik mugitu ez garela ikuskatzera. Izan ere, bizirauteko beste programetan ez bezala, Conquisen partaideek ezin dute tokitik mugitu; eta, horrenbestez, ezin da ehizatu, ez eta bestelako jatekorik inguruan bilatu.


Kamera itzalita dagoenean, zerbait aldatzen da?

Bai. Kamerak etortzen direnean, asko hitz egiten duen jendea lotsatu egiten da; edo, alderantziz, normalean gutxi hitz egiten duena ez da isiltzen kamera aurrean. Hortaz, batzuetan, hortxe ikusten da nor joaten den telebista kontuak bilatzera eta nor, berriz, abenturaz gozatzera. Nire kasuan, esan dezakedana da nire helburua zela esperientzia bizitzea eta ez telebista egitea.


Finala atzeratu egin zen aurtengo edizioan. Zuretzat, ona edo txarra izan zen hori?

Notizia hori jaso genuenean, agian baten bat egongo zen kontrakoa esango zuena, baina esango nuke finalista guztiok nahiago izango genuela finala jarraian izatea eta ez, aldiz, etxera bueltatzea. Hilabete asko izan dira esperoan eta buruan bueltaka eta bueltaka izan dut finalaren kontua. Ez da batere erraza izan, entrenatzeko eta motibatzeko denbora izan dugun arren, denbora tarte luzea igaro delako finala egin arte. Guztia jarraian egiteko firmatuko nuke, edizioa urrian hasi zelako eta finala ekaineko lehenengo astean izan genuelako; baina aurtengo osasun egoera medio, ezinezkoa izan da. 


Zer esan zenien etxekoei, etxera buelta egin zenuenean?

Beraiek bazekiten finalera iritsi nintzela, etxetik kanpo neramatzan egun kopuruagatik. Denera, 25 egun izan ziren, baina positibo eman nuen koronabirusean eta, beraz, beste 12 egunez konfinatuta egon behar izan genuen. Etxera heldu nintzenean, finalean nengoela esan nien, baina gainerako finalisten izenak ez nizkion inori esan. Azken probara iritsi nintzela ezin izan nuen isildu, ez nik ez gainerakoek. Oso zaila da hori ez kontatzea. Hala ere, hasieran inork ez zidan sinestu, ez zuten sinisten finala egin ez zenik.


Gainerako partehartzaileek ba al zekiten irabazlearen izena?

Finalean nortzuk geunden bai, baina programa nork irabazi zuen ez. Nire etxekoek uste zuten gezurretan ari nintzela, finala jokatu eta nik irabazi nuela. Ikusi arte ez zuten sinistu, baina irabazi izan banu ere gezurra esango nuke.
Finalistek adostu genuen irabazlearen izena ez esatea. Hau da, inork ez zuen izena jakingo guk ahoa irekitzen ez bagenuen; eta sorpresa izan zen denontzat, inork ez zekielako, guk izan ezik, nork eraman zuen ikurrina etxera. 


Nola prestatu zenuen azken proba?

Ez nuen nire errutina aldatu. Egia da yumarra zertxobait gehiago entrenatu nuela, baina bestelakoan, normal jarraitu nuen entrenatzen. Baten batek esan zuen ez zuela entrenatu, baina argi daukat guztiok prestatu genuela proba, bakoitzak bere modura. Hala ere, ez nuen ezer berezirik egin, betiko moduan aritu nintzen. Adibide bat jartzearren, igeri pistinan egin nuen eta ez, aldiz, itsasoan. Egia esateko, gehiago entrenatzeko aukera izan nuen, baina banekien itsasora hiru aldiz joateagatik ez nuela gehiago hobetuko.

 

«Finala grabatu aurretik, bi egunez egon ginen kanpaleku aberatsean. Hori gutxi da telebistan , baina niretzat gogorra izan zen. Bi egunetan lau kilo galdu nituen»


Nola oroitzen duzu momentu hura?

Bertara iritsi eta bi egunez egon ginen kanpamentu aberatsean. Hori gutxi ikusi da telebistan, baina niretzat gogorra izan zen. Bi egunetan lau kilo argaldu nituen, eta indarra galdu nuen. Esan beharra daukat kiloak oso azkar galtzen ditudala, baina bertan egoteagatik berehala argaldu nuen eta horrek ez zuen nire alde jokatu. Presioa ere bageneukan, eta horregatik guztiagatik, buelta oso gogorra izan zen niretzat. 
Hori alde batera utzita, finalari dagokionez, hasieran urduri geunden arren, helikopterotik salto egin eta berehala lasaitu nintzen ni, proba topera egiteko prest nengoen. Urduritasuna alde batera utzi eta guztiok kontzentratu ginen egitekoan.


Zer pentsatu zenuen iparrorratza galdu zenuenean?

Gauzak nahiko oker atera zitzaizkidan eta zenbait akats egin nituen, igerian aritzeko txalekoa kendu nuenetik hasi eta brujula galdu nuen arte. Momentu horretan finalera heltzeko bizi behar izan nuen guztia pasa zitzaidan burutik, eta inpotentzia haundia sentitu nuen. Sufritutakoak sufrituta eta programako azken txanpara iritsita… Kolpea izan zen. Ilusio haundiarekin joan nintzen, dena emateko prest, baina nahia eta ezina izan nuen eta hori izan zen okerrena.

Horrez gain, bandera itsaso barrenera begira genuenok, hau da, eskuin aldetik joan behar izen genuenek, itsasoa oso pikatuta topatu genuen eta ezinezkoa izan genuen aurrera egitea. Aitortu behar dut nik banekiela, gutxi gorabehera, falta zitzaidan bandera non zegoen edo norabidea zein zen, nahiz eta iparrorratza galdu nuen. Yanci eta Aitor ere hor zebiltzan bueltaka, eta bagenekien banderak non zeuden. Baina ezin genuen itsaso barrenera sartu, urak kanpora sartzen gintuelako, gero barrura, eta ezin izan genuen aurrera egin.

 

Horren harira, jendeak brometan esaten didanean brujula bat oparituko didala, nik erantzuten dut bost brujula izanda ere, itsasoaren egoeragatik ezinezkoa izango nukela aurrera egin. Alegia, brujularena ez zen aitzakia izan. Momentu oro nire nahia zen tirolinara nola edo hala iristea eta ikurrina hartzea, baina ez nuen lortu.

Finalisten probarako banderak zozketa bidez erabaki ziren egun bat lehenago, eta pentsatu nahi dut zorte kontua izan zela itsasoratzeko postuen kontua. Horregatik, guztiaren gainetik zoriontzen dut Nahia. Sekulako proba egin zuen eta egurra eman zion Binbiri, guztia perfekto egin baitzuen. Gu, puntu batera helduta, begira gelditu ginen itsasoak galarazi egin zigulako aurrera egitea. Baina guztiaren gainetik, Nahiagatik asko pozten naiz. Castingean ere horixe bera esan nuen, ikurrinak Nafarrora etorri behar zuela aurten. Noski, Goizuetara ekarri nahi nuen nik, baina behintzat nafar batek irabazi du edizioa!


Goizuetarren bat ikusten al duzu programan, datozen edizioetan?

Ikusi bai, baina animatuko diren ez dakit. Koadrilakoren bat, adibidez, indartsu dago eta esan diet animatzeko behin baino gehiagotan. Baina ez dakit, auskalo. Agian, goizuetar bat aurkeztu dela ikusita, besteren bat animatuko da. Goizuetan, behintzat, kasta badago eta programa ona egingo luketela ziur nago!


Zein gomendio emango zenioke?

Oso argi dut. Esango nioke psikologikoki prestatuta joateko eta batik bat, hara joan aurretik, lagunarteko, laneko zein familiarteko gauzak ondo lotuta izateko. Hemen arazoren bat utzita joaten bazara Conquisera… mal asunto! Han zaudela buruari bueltak ematen hasten bazara, gaizki. Baina, batez ere, parte hartzera doan edonori esango nioke esperientziaz gozatzeko eta dena emateko!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!