Erreportajeak

«Izan ditugu bi-hiru aste grixak, eta orain, fiestarik ez izan arren, beste alaitasun batekin gabiltza denak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 14a, 00:00

Gozatzeko aukerak ere izan dituzte goizuetarrek, uda honetan. Ur-txirristan, esaterako, helduek ere gozatu zuten ederki!

Aste kezkagarriak bizitu ditu Goizuetak, udaren hasieran, Covid-19 kasuen ugaritzearekin; baina txarrena pasata, normaltasun itxura hartu du berriro: giroa badago, zerekin gozatua ere bai, eta bisitariak «herriarekin txoratzen» bueltatzen dira etxera, goizuetarren harrera onagatik.

Egun lasaiak eta argiagoak ari dira izaten hauek, Goizuetan. «Normaltasun itxura» hartu du herriak berriro, «eta hori ez da gutxi», Esteban Arozena goizuetarrak nabarmendu duen bezalaxe. Amaia Uitzik ere, nabaritu du Amaia kafetegiko barraren atzetik, udako egun grixenak gainditu dituztela, «eta ez eguraldiagatik bakarrik».

Egun arruntak izan dira azkeneko hauek; eta halakoxeak izanen dira datozenak ere, fiestarik ez baita izanen Goizuetan, gaurtik asteazkenera, joan den urtean izan ez ziren bezala. «Aurten ere txintxo ibiltzea tokatzen zaigu; eta pentsatu dezagun, hurrengo urtea bestelakoa izanen dela, eta denak animo hobearekin egonen garela», luzatu du deia Amaiak berak.

Festa girorik ez da izanen herrian, inolako ekintzarik ere ez dutelako antolatu. Herrira gerturatzen denak, beste edozein egunetan bezalaxe topatuko ditu kaleak eta plazak.

Eta ez da ekintzarik izanen, Jai Batzordeak hartua zuelako erabakia fiestarik antolatzeko baldintzarik ez zela ematen. «Nafarroako Gobernutik ez dute agindu zehatzik eman, jaietan ekintzarik ez antolatzeko; eta hori gabezia bat izan da, araudi garbi bat ez osatzea eta udalei gainera botatzea zama», adierazi du Unai Miranda alkateak: «bai jaso genituela irizpide batzuk, gehienbat EH Bildutik, esanez fiestarik antolatzeko baldintzarik ez zela ematen; kultur programazioak antolatu zitezkeela udan zehar, baina saihesteko fiestetako egun horiek, eta ahal zen neurrian ez antolatzeko ezertxo ere data horietan».

Uztailean, pandemia osoko garai zailenak

Horixe izan zen, hain justu, Goizuetan hartu zuten erabakia: fiesten ordez, udako kultur programazioa osatu zuten, hainbat ekintza eta emanaldirekin, «ahalik eta adin tarte gehienetara iristeko».

Baina kultur ekintzen hasierako unean iritsi ziren aipatutako egun grixak: «ekainaren erdialdera arte, oso oso Covid-19 kasu gutxi izan genituen herrian, pandemiaren 15-16 hilabeteetan; baina ordutik, kasu dexente izan dira. Medikuekin harremanetan izan gara uneoro, eta kontrolpean egon da ego­era, baina kezka eragin du. Txertaketa kanpaina ondo zijoan unean, orduan izan dira kutsatu gehien. Paradojikoa da, baina orain tokatu zaigu guri, pandemiaren garairik gordinena bizitzea», azaldu du Mirandak.

Horregatik dio Amaia Uitzik, «arrunt grixa» izaten ari dela uda, egoeragatik eta eguraldiagatik: «orain ongi gaude, baina izan ditugu aste batzuk txarrak. Bi-hiru aste izan ziren nahiko gogorrak, eta denak ibili gara triste xamar. Eta eguraldia ere halakoa izan dugu, lainoak besterik ez. Nabaritu egin da, jendea kezkatuta zegoela, herria hutsa... Izan ere, hainbat zeuden konfinatuta, eta beste hainbat ez ziren lehen bezala ateratzen kalera. Urte eta erdi pasa dugu arrunt ongi, tarteka positibo bat ateratzen zela, baina besterik ez. Baina iritsi zitzaigun, eta ezkortuta egon gara denak. Gainera, jende heldu asko dago hemen, eta horrek kezka eragiten du», kontatu du.

«Hilabeteko epean, ia talde eta inguru guztiei eragin zien, modu batera edo bestera. Eta gure artean badago jendea oraindik, deskonfiantza haundiarekin, urte batzuk badauzkagu eta. Baina kalean eta tabernetan badabil jendea berriro, giroa badago, eta normaltasun itxura hartu du berriro herriak», dio Estebanek.

Hala uste du Amaiak ere: «ba­dirudi ongi gaudela orain, eta ea horrela jarraitzen dugun. Nahiz eta fiestarik ez egon, beste alaitasun batekin gabiltza denak. Gazteak ere txertatzen ari dira dagoeneko, eta beste arintasun bat ematen dizu, animo aldetik». Eta eguraldiak ere, egoeraren araberakoa balitz bezala, lagundu du horretan: «hasi da hobetzen, lainopetik atera gabe egon ondoren!».

Aste zailek, kultur programazioan ere izan zuten islada: bertan behera geratu ziren Umore Ona abesbatzaren emanaldia eta Karmen bezperako jaia; eta atzeratu egin zen ur-txi­rrista. Medikuekin kontsultatuta hartu dituzte erabakiak, ekintza bakoitzerako, alkateak azaldu duenez. Karmen bezperarekin «pena» hartu zuten herritarrek, Arozenak azaldu duen bezala: «ohitura polita hartua daukagu, eta dezenteko partehartzea izaten da, baina... Egun gutxi falta ziren arte zegoen antolatzeko asmoa, baina orduan hasi ziren kasu positiboak ateratzen, eta horrek ekarri zuen bigarren urtez bertan behera geratzea».

Azkeneko asteotan, izan dituzte bi emanaldi berezi, kulturaz gozatzeko: hileta xelebrea egin zuen Tio Teronen Semeak taldeak, eskolako patioan, Festamentua dantza ikuskizunarekin; eta Bertso txiki infernu handi saioa egin zuten atzo, Maialen Lujanbiori eta Jon Maia­ri bertsoak eskatuta, Goizuetako hainbat tokiri buruz.

Horrekin, atzo bertan agurtu zuten udako kultur programazioa, eta horrekin bukatu dira abuztuko ekintzak ere. «Erabaki zorrotza eta txukuna hartu dute, abuztuaren 14tik 18ra ezer ez antolatuta», nabarmendu du Esteban Arozenak.

Uda arraroan, betiko ohiturak

Kultur ekintzetatik eta fiestarik ez izatetik harago, «normal xamarra» ari da izaten uda Goi­zuetan, Mirandaren ustez, «berezko anormaltasun honen barruan». Arozenak, berriz, aipatu du le­hengo urtekoaren antzekoa izan dela orain arte, «zoritxarrez». Uztaileko garai zailenak gaindituta, udako «errutinara bueltatzen» ari da herria, baina bizitakoak eta fiesten hutsuneak garbi erakutsi dute, arraroa dela aurtengo uda herrian. Horrek ez ditu, ordea, ohitura batzuk aldatu: «hemen ohitura haundia izan da beti, fiestak bukatu eta abuztuaren 19an edo 20an kostara ateratzeko, astebete edo», kontatu du Estebanek: «eta aurten ere, askori entzun diet, hileko azkeneko aste horretan joango direla».

Kanpora joan bezala, herrira etorri direnak ere izan dira hainbat: «beste urte batzuetan baino gutxiago etorri dira, Iskibi kanpina itxita dagoelako, obrengatik. Azkeneko urteotan atzerritar pila bat etorri izan dira, Holandatik eta, joera hartu zutelako. Kanpina itxita dagoela nabaritu da, eta atzerritar gutxiago ikusi ditugu».

«Bisitariak txoratzen bueltatzen dira etxera, eta hori herritarrei esker da, integratu egiten dituztelako»

Etorri direnek, Zubimuxun hartu dute aterpea, eta ez dira gutxi izan: «eskaera haundia izan dugu, eta gau batzuetan beteta izan dugu aterpetxea, ezarrita daukagun aforoarekin», azaldu du Regina Brückerrek, bertako arduradunak. Bi uda daramazki bertan, eta biak izan dira pandemiaren eraginpean: «baina joan den urtearekin alderatuta, kanpoko jende gehiago etorri da aurten. Talde txikiak dira, eta toki askotatik etorri dira, Frantziatik, Valentziatik, Kataluniatik... Kostaldea bisitatzeko asmoz datoz asko, Donostiara, Donibane Lohitzunera... Eta hau ez dago urruti, eta Donostia ingurukoak baino askoz ere merkeagoa da». Mendizale gehiago hurbilduko zirela uste zuen berak, baina bestelakoak dira aterpetxeko bisitarien planak: «Donostiara joaten dira egun batean, beste batean Artikutzara, edo ibaira...».

Baina kosta bisitatzeko asmoz etorri arren, Goizuetan ere egoten dira: «asko ari dira ateratzen herriko jatetxe eta tabernetan bazkaltzera edo afaltzera, eta bertako komertzioetan ere erosten dute. Nik bezeroei aipatu egiten dizkiet, herrian dauzkaten zerbitzuak; eta tabernariek esan didate, asko ari zaizkiela joaten otorduak egitera», dio Reginak. Baina otorduak egiteko ez ezik, herria ezagutzeko eta bertako lasaitasunaz gozatzeko ere aprobetxatzen dute egonaldia: «asko gustatzen zaie herria, esaten didate bizitasun haundia ikusten dutela kalean, eta eraikinak oso zainduta daudela. Esperientzia polita da niretzat ere, kanpoko jendea pozik joaten delako etxera, herriarekin eta aterpetxearekin txoratzen. Eta hori herriari esker da. Herritarrek integratu egiten dituzte bisitariak. Haurrak parkera joaten direnean, esaterako, berehala hasten dira bertakoekin jolasean. Asko eskertzen dute goizuetarren jarrera, eta oso atsegina izan da beraien egonaldia herrian», azpimarratu du Zubimuxuko arduradunak.

Egun batzuetarako datozenak ez ezik, egunpasa etortzen diren bisitariak ere badira, bereziki erreka bazterrera, egun bero eta eguzkitsuetan. «Sentsazioa daukat, aurten ez direla hainbeste etorri, egun puntual batzuetan izan ezik», kontatu du Unai Mirandak. Eguraldiagatik izanen zen beharbada, eta hobera egitearekin batera, haunditu eginen da aisialdi horrek eragiten duen kezka: «bisitariak denak dira ongietorriak, baina arazoak sortzen dira aisialdi mota horrekin. Batetik, errepidean kotxeak aparkatzen dituzten toki eta moduagatik. Inori ez litzaiguke burutik pasako, Donostiara joan eta kotxea bigarren filan utzita egun osoa hondartzan pasatzea. Nahikoa da batek gaizki uztea, hurrengoak atzetik joateko. Eta bestetik, sortzen dituzten hondakinak dauzkagu. Oso desatsegina da. Normalean igande edo jaiegunetan izaten da, eta hurrengo egunean gu lanera bidean goazela, ikusten dugu dena zaborrez beteta. Suarekin berdin, bertan egiten dute, otorduak egiteko; baina debekatuta dago, eta gainera arriskutsua da, kontutan hartuta naturgune batean gaudela. Beraz, etorri, gozatu naturaz, ondo pasa, baina aurkitu duzuen bezala utzi».

Zaborrak ibai bazterrean uztea saihesteko bidean, aurten kendu dituzte Abañon, edukiontziak egiten ziren guneko burniak, «zabor-gune itxura hori kentzeko»; eta kartel haundi bat ere jarri du Mankomunitateak, adieraziz debekatuta dagoela zaborra botatzea.
Hernani, Ereñotzu eta Aranoko udalekin ari dira elkarlanean gai horrekin, arazoari konponbidea bilatu nahian: «arazo berbera daukagu, eta saiatu behar dugu erabaki berdinak hartzen, erreka bakarra delako, administratiboki banatuta egon arren. Mugaren alde batean erabaki murriztaileak hartuz gero, beste aldean pilatuko dira denak. Horregatik, elkarlanean aritu be­har dugu», dio alkateak.

Aspaldiko arazoek, kezka berriek, ohitura zaharrek eta zailtasunen ondorengo alaitasun xumeek, denek egin dute bat, berezia eta arraroa izanagatik, normal xamarra ere izatera iritsi den uda honetan. 



Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!