Ez da kexu Angel Salaberria goizuetarra, bere lan ibilbidearekin: gustura aritu da aguazil, eta lanerako herritik mugitu beharrik ez izatea eskertu du, urte hauetan guztietan. 18 urterekin hasi zen, eta urtebete beranduago deitu zuten soldaduskara. Lazaro anaiak bete zuen bere postua bitartean, eta bueltatu zenetik, gaur arte aritu da Goizuetan, mota guztietako lanetan: lehertutako tuberiak konpontzetik hasi, eta kanposantuko jardina txukuntzeraino. «Horregatik deitzen zitzaion zerbitzu anitzetako langilea!», dio.
Bere egunerokoa «antolatu» beharko du orain, baina gauza bat garbi dauka: frontoitik frontoira jarraituko duela.
Nola hartu duzu erretiroa?
Oso pozik. Aukera eman didate baldintza onetan hartzeko, 60 urterekin, eta ez dut bitan pentsatu. Orain ea osasunak laguntzen didan, eta disfrutatzeko aukera daukadan. Errekonozimendua ere egin zidan Udalak, eta erlojua oparitu zidan: grabatuta dauka noiz hasi nintzen lanean, eta noiz jubilatu. Oso detaile polita izan zen. Eskerrak eman zizkidaten, eta baita nik ere beraiei, hainbeste urtetan aguantatu nautelako. Jendeak ere zoriondu nau kalean, eta esan dit ahal dudan guztia disfrutatzeko.
Azkeneko urteak ez dira errazak izan zuretzat...
Ez, azkeneko urtea pasa dut bajan, besoko tendoi bat hautsita. Eta horrela iritsi zait jubilatzeko eguna, apirilak 30ean. Zain nago oraindik, operatu behar dudan edo ez...
Ez al duzu faltan botako, eguneroko saltsa hori?
Bai, beti gogoratzen zara horretaz. Orain egin beharko dut nire egunerokoa organizatu, eta ahal dudan guztia egin. Semearekin ere banabil frontoiz frontoi, eta bere entrenamenduetara ere joaten naiz, aukera daukadanean. Mendian ibiltzea ez zait asko gustatzen, arrantzan ez naiz aritzen, eta ehiztaria ere ez naiz. Beti frontoitik frontoira ibili naiz, eta horrelaxe jarraituko dut. Eta hortik aurrera, kirol pixka bat egin beharko dut, ibili; geldirik egon eta kilo gehiago hartuz gero, nire kalterako izango dut! Paseoan ibili, bizikletan... Orain arte beti izan dut zerbait egin beharra.
Jubilatzean, bidaiatzeko gogoaz hitz egiten dute askok...
Orain arte ikusi duzu zein egoeratan egon garen, bidaiatzeko. Itxita egon da dena, eta hemendik Gipuzkoara joateko ere, nahikoa arazorekin ibili gara. Nafarroan bai, mugitzeko aukera izan dugu, baina Goizuetatik 15 kilometrora daukagu Gipuzkoako muga... Bestela, udaran bai, beti egin dugu bidaiaren bat, eta aurten ere egingo dugu horrelako bidaia txikiren bat, posible izanez gero. Eta aurrera begira, egoera normalizatzen bada, ea aukera gehiago daukagun bidaiatzeko.
Urte asko dira 41, aguazil gisa. Zer eman dizu lanbide honek?
Hasteko, lana eta hortik bizitzeko soldata bat. Baina horrez gain, herrian bertan lan egiteko aukera eman dit, inora mugitu beharrik izan gabe, eta hori gauza haundia da. Kotxerik ez dut hartu behar izan, Hernanira, Leitzara edo Iruñeara lanera joateko. Eta udaran tira, baina neguan, elurra dela, izotza dela, euria dela... Nik arrisku hori ez dut hartu beharrik izan. Bertatik bertara egin dut lan, eta gustura. Momentu onak izan dira, txarrak ere bai; jendearekin batzuetan ongi, eta besteetan gaizki... Denen gustura egitea ez da erraza, eta herri txiki hauetan, denok ezagutzen dugu elkar! (barrez)
Gustura aritu zara, beraz?
Bai bai, gustura. Batzuetan tokatu da lana presaka egitea, dena batera tokatzen zaizulako, aberiak eta abar. Eta orduan, antolatu eta aurrera egin, beste aukerarik ez dago. Herriko jaietan ere, lana izaten da: kioskoa montatu behar dela, zezenentzako barrerak paratu, jai egunetako garbiketa egin, entzierroak antolatu... Eta hemen arazoa da, dena plazan bertan dagoela: aktibitatea, gaupasa eta dena. Eta momentu horietan, goizetan harrotuxeago egoten da jendea, eta horiekin pazientzia izaten ikasi behar da.
«18 urterekin hasi nintzen aguazil bezala lanean. 1980an atera zuen plaza Udalak, orduan zerbitzu anitzetakoa deitzen zutena; eta bi aurkeztu ginen: ni eta Lazaro, nire anaia zaharra»
Gazte hasi zinen aguazil bezala lanean.
Bai, 18 urterekin. Udalak aguazil plaza atera zuen 1980an, orduan zerbitzu anitzetakoa deitzen zutena; eta bi aurkeztu ginen: ni eta Lazaro, nire anaia zaharra. Ni izendatu ninduten aguazil Plenoan, martxoaren 15ean; eta 1981ean soldaduskara joan nintzen. Anaia egon zen nire ordez, 1982an soldaduskatik bueltatu nintzen arte. Eta ordutik, gaur arte.
Nolakoa zen aguazilaren lana, garai hartan?
Dena eskuz egiten zen orduan. Zaborra ere, eskuz biltzen genuen bertako kamionan. Jendeak kale bazterrean uzten zuen bere zaborra, eta gu ibiltzen ginen herri guztitik, poltsak hartu eta kamionan sartzen, eskuz. Heineken zerbeza fabrika egin zutenean Aranon, hitzarmena sinatu zuten Goizuetako eta Aranoko Udalek, zabortegia egiteko; eta kamiona jarri zuten zaborra biltzeko. Eta kamionarekin, biltzen genuen zaborra Goizuetan eta Aranon. Hortik urte batzuetara sortu zen Mendialdeko Mankomunitatea, eta beraiek hartu zuten ardura, zaborra biltzeko.
Eta zaborra bezala, beste dena ere eskuz egiten genuen. Tuberia bat lehertzen bazen, eskuz egin behar genuen dena. Orain makina mixta ere badaukagu, eta tira, aurrena lanik haundiena makinarekin egiten da, eta gero eskuz bukatu. Edo pista batean lurjausia dagoenean: karretilla eta pala hartuta joaten ginen lehen, eta orain makinarekin errazagoa da.
Herri txikietan, mota guztietako lanak egin behar ditu aguazilak, ezta?
Bai, denetik egiten du. Kaleak garbitu, notifikazioak banatu, argiteria publikoaren mantenimendua egin, uraren deposituak kloratu, tarteka iturrien arketa errebisatu... Udaran jardinetako belarra moztu behar da, kanposantukoa ere bai... Denetik egin behar da. Horregatik deitzen zitzaion zerbitzu anitzetako langilea! Eta denetarako moldatu behar duzu, ez dago besterik.
«Lan honetan, herriko jaietan izaten dira momentu politak. Jendea xelebre egoten da gaupasaren ondoren, eta malaletxe batzuk bai, baina gero barreak ere izaten dira»
Aldaketa asko bizituko zenituen, zure lanean bezala herrian.
Kale asko berritu eta egokitu dira, pistak egin eta hormigonatu... Badira kale batzuk berritzeko oraindik; Santa Maria kaleak dauzka arazo gehien orain, fugak eta. Azkeneko urteotan, krisiarekin dirulaguntzak murriztu zituzten horrelako lanetarako, eta orain pandemiarekin ere berdin. Gauza asko geratu dira pendiente.
Eta gure lanari dagokionez, udaletxean igogailua jarri zuten, baina nik oraindik ez dut estreinatu! Jaietarako aulkiak, lehen eskuz jaitsi behar izaten genituen, eta jaien bukaeran berriro igo. Orain igogailua daukate behintzat... Horrelako berrikuntzak izan dira urte hauetan, eskuzko lana gutxitzeko, eta eginbeharrak erraztu eta azkartzeko. Dena izan da hoberako. Kaleak garbitzeko makina falta da oraindik... Sopladorarekin eta erratzarekin jarraitzen dugu, hor ez dago berrikuntzarik (barrez).
Zein bizipen dauzkazu gogoan?
Momentu onak izan dira, baina gogorrak ere bai. Herriko jaietan eta inauterietan izaten dira momentu politak. Jendea xelebre egoten da gaupasaren ondoren, eta malaletxe batzuk bai, baina gero barreak ere izaten dira.
Xelebrea izan zen, 'Herri txiki, infernu handi' saiokoak etorri zirenekoa ere...
Bitan etorri ziren, gainera! Aurreneko programa egin zuten hemen, eta baita 100garrena ere. Hortxe aritu ginen, herrian zenbat farola zeuden asmatzen... Fernandok (Goia) bazekien zenbat ziren; kontatuta izango zituen, baina niri ez zidan ezer esan...
Esku onetan utzi dituzu zure eginbeharrak?
Bai bai. Momentu honetan Fernando bakarrik dago. Lau urte daramazki berak, eta ondo ikasita dauka ofizioa. Orain ez dakit nire ordezko plaza aterako duen Udalak, funtzionario bezala...
Urtetan izan du bidelagun Angel Salaberriak, Goizuetako Udalak zerbitzuetarako daukan todoterreno berdea.
Zer behar du aguazil onak?
Pazientzia haundia! Eta askotan, belarri batetik sartutakoa, zuzenean bestetik ateratzeko gaitasuna. Batek esana eta besteak esana, dena gordetzen baduzu, egiten duzu burua lehertu. Urteen poderioz hartzen da pazientzia. Hasieran dena serioegi hartzen duzu, eta gaizki pasatzen duzu. Lankideei esaten diet, lasai hartzeko eta ez erretzeko.
24 orduko zerbitzua da zuena...
Tokatu izan dira aberiak, gauaren erdian, tuberia bat lehertu dela, edo arbola bat erori dela pista batera...
Eta guztiz jubilatu al zara? Edo jarraituko dute zuregana jotzen?
Ez ez, Fernandori eta alkateari esan diet lasai deitzeko, ez izateko horretarako beldurrik, laguntzeko egongo naizela.
«Aguazil onak behar du pazientzia haundia! Eta askotan, belarri batetik sartutakoa, zuzenean bestetik ateratzea. Batek eta besteak esana, dena gordetzen baduzu, burua lehertzen zaizu»
Aguazil lanetan bezala, pilota eskolan ere makina bat urte egin dituzu...
Bai, eta hortxe jarraitzen dut. Lehen astean bitan egoten nintzen, eta orain ostegunetan bakarrik. Adin guztietakoekin egoten naiz, baina gehiena txikiekin, infantil mailara arte. Eta orain seniorretan lau neska hasi dira, eta haiekin ere egoten naiz. Aguazil lanetan baino lehenago hasi nintzen pilota eskolan. Aurrekoek utzi egin behar zuten, eta niri eskaini zidan Umore Onak.
Zer ematen dizu esku pilotak?
Betidanik izan dut afizioa. Neroni ere asko ibili naiz afizionatuetan. Baina gure garaian ez zen orain den laguntza, orain diren txapelketak... Eskuetarako materiala ere ez zen oraingoa: eskuan pañuelua jarri, eta horrela aritzen ginen, gure kontura. Nik aurrenekoz txapelketa bat jokatu nuenean, 16 urte neuzkan. Eta nire semeak, adibidez, 7 urterekin atera zuen lehendabiziko txapela. Baina beti izan dut afizioa, eta beti aritu naiz pilotaren bueltan. Hemen Goizuetan ez dago frontoia besterik. Futbolean aritzeko, Hernanira edo Iruñeara mugitu behar duzu, eta batzuk joaten dira.
Pilota eskolan ere, 6-7 urterekin hasten dira orain, baina gure garaian ez zen horrelakorik. Goizuetarekin, 1980an atera genuen aurreneko Herriartekoa, horixe izan zen aurreneko txapelketa garrantzitsua. Beraren kontra jokatu genuen finala, eta ni aritu nintzen nagusietan, Agustin Eskuderorekin. Jubeniletan Lujanbio eta Apezetxea aritu ziren, eta infantiletan bi Salaberria. Eta Berarekin, jubeniletan aritu zen Inaxio Errandonea. Hura izan zen Goizuetaren aurreneko txapela, eta ordutik jokatu ditu beste hainbat final, eta lau edo bost irabazi.
Ume asko pasako ziren zure eskuetatik, pilota eskolan...
Bai, asko. Garai hartan, pilota eta pilota, besterik ez zen hemen. Eta hortik atera ziren Aimar eta Asier Olaizola, bi anaiak; Agustin Loiarte ere bai; Agustin Lujanbiok debuta egin zuen profesionaletan; Jose Joakin Salaberria...
Eta azkena zure semea, Iker Salaberria.
8 edo 9 urte zituen arte egon zen bera hemen. Pilotariak bazeuden, baina maila haundirik ez, eta nahi nuen berari kontra egingo zioten pilotariak izatea aurrean. Izan ere, hemen aritzen bazara erraz, gero kanpora joan eta egurra jasotzen duzu. Eta joan ginen Doneztebera, Errekara. Han egon zen, 8-9 urte zituenetik profesionaletan debutatu arte. Hemengoa izan arren, bakoitzak ikusi behar du zer daukan hemen eta zer falta. Hemen ez baduzu nahi bezala hobetzen, beste norabaitera mugitu behar duzu, aurrekoek egin duten bezala, eta ondorengoek egingo duten bezala. Batzuk ez dira horrekin konforme izango, baina bakoitzak bere iritzia dauka, eta errespetatu egin behar da.
Gustura izango zara, Iker profesionaletan ikusita.
Bai bai, oso gustura. Berak ilusioa bazuen, eta baita merituak egin ere, afizionatu mailan txapela gehienak irabazita. Aukera etorri zitzaion, eta aprobetxatu egin behar. Oraingoz ondo ari da, baina hor lanean segitu beharra dago. Asko hobetu du profesionaletan hasi denetik, Jokin Etxanizekin eta Jon Apezetxearekin.
Hartzen al ditu zure aholkuak?
Nik esan egiten dizkiot, behintzat... Eta hartu bai, baina gero frontoian dauka hori egin beharra. Baina bai, izan nireak, Jokinenak edo Jonenak, uste dut kasu egiten duela. Orain, jubilatuta, nahikoa denbora badut bera gertutik jarraitzeko, entrenamenduetan eta partiduetan; eta frontoitik frontoira nabil berriro, momentu onak pasatzen, baina sufritzen ere bai. Kirola horrelakoa da, eta ez da dena gozoa izaten.