Arizti baserriko atarian, talde haundia elkartu da ongietorria emateko: ahateak, oiloak, usoak, untxiak, txakurrak, katuak... «Hara ahuntzak! Egin dute berriro ihes!», adierazi du Mari Jose Zabalak, eta berehala sartu ditu ikuiluan berriro. Txerriak lasai ederrean egongo dira, eta baita behiak ere. «Denetik daukagu. Hortik jatea gustatzen zaigu, baina animaliak edukitzea ere bai», kontatu du.
Baina denetan gehien, ardiak dauzkate Ariztin: 100 inguru izango dira. Gutxiago dira orain baserrian bertan daudenak, dagoeneko Mandoegi inguruetan baitabiltza gainerakoak. Izan ere, mendira igotzeko garaia dute ardiek: «aurreneko txanda lehengo astean bidali genuen mendira. Etxean dauzkagu bakarrik bildots txikiekin daudenak, eta berehala umea egiteko daudenak». Horiek, datozen asteotan igoko dira, eta uda osoa emango dute mendian, belar goxoa jaten. Horretarako, ondo prestatu diete terrenoa: asteazkenean aritu ziren erreketak egiten, inguruko baserritarrak auzolanean, «ardientzako belar goxoa ateratzeko zakarra garbitzen. Goizeko 10:00etan hasi ziren, eta egun osoa eman zuten bertan. Eta haizea zebilenez eta brasa pixka bat zegoenez, kontrolatzen geratu behar izan zuten. Goizeko 07:00etan etorri zen senarra (Mikel Salaberria) etxera, belztuta!», kontatu du Mari Josek.
Udarako egun beroetan, negurako belarra prestatzen
Behin mendian direla, lan gutxiago emango dute ardiek, ez bada mendira igotzea nola dabiltzan kontrolatzera. Baina haientzako, gogotik jardun beharko dute baserrikoek: «belarrak prestatu behar dira, eta normalean bi mozketa baino gehiago ematen dizkiogu belaso berdinari. Maiatz belarra esaten zaio bati, eta urri belarra besteari. Eta ardiak, zein etapatan dagoen arabera, belar bat nahiago izaten du bestea baino; oso finolis jartzen dira».
Ez da nolanahiko lana, belarra prestatzekoa: «lan gogorra da. Hemen dena malda da gainera, eta eskuz aritu behar dugu, segadorarekin moztu eta dena eskuz bilduta. Etxeko denak aritzen gara lanean, txikienetik hasita». Udarako egun beroenak izaten dira egokienak, gainera: «bero haundia badago, moztu eta bi egunez uzten dugu belarra lehortzen; eta dudako eguraldia badago, hiru egunez, gustatzen zaigulako ondo lehortuta biltzea. Hortaz, begiratzen dugu zein eguraldi egingo duen astean zehar, eta horren arabera antolatzen dugu. Etxe inguruan dauzkagu belaso batzuk, eta bordetan ere bai; horietara egun guztirako joaten gara, bazkaria hartuta. Joan den urtean, piszina jarri genuen etxean, errekara jaisteko gogorik ez genuelako izaten, nekatuta. Belarretatik etorri, eta zimurtu arte egoten ziren haurrak piszinan; eta handik berriro belarretara».
Abuztuan eskilatzera, eta irailean aharia hartzera
Azaroan jaitsi ohi dituzte ardiak baserrira, negurako. Baina hori baino lehen, beste bitan egiten dute bisita etxera. Abuztuan, eskilatzera jaisten dituzte txandaka, eta Mikelek berak mozten die ilea, «betiko guraizeekin, eskuz. Ondoren, botika botatzen die sprayarekin, ilerik gabe kozka egiten dietelako zomorroek bestela». Garai batean hain preziatua zen artile hori, «gainetik kendu» behar izaten dute orain: «ez dute ia deus ordaintzen, baina gainetik kentzen duzu behintzat, ezin duzulako erre edo bota, zikina delako. Guk behintzat badaukagu jendea oraindik, artilea eramaten duena; baina konpromiso bezala eramaten dute», dio Mari Josek.
Etxera bigarren bisita irailean egiten dute ardiek: «ahariarengana ekartzen ditugu, bertan daukagulako. Hemen biltzen ditugu ardi denak, eta belasoan edukitzen ditugu hilabete edo hilabete eta erdi, denek aharia hartu arte. Eta ondoren, berriro mendira».
Ordutik, beste bi hilabete egingo dituzte mendian, eta errapea mugitzen hasten direnean, haurdunaldia pixka bat aurrera dijoanean, baserrira jaisten dituzte, negua pasatzeko. «Eta hasten gara alimentazio pixka bat hobearekin, udaran prestatutako belarrekin, haurdunaldiaren bukaeran paliza gutxiago hartzeko ardiek, eta arkumeak indartsuago jaiotzeko».
Etxerako dauzkate abereak Ariztin, baina arkume batzuk eta txekorren bat ere saltzen dute tarteka. «Eta arkumeak kentzen ditugunean, ardien esnea ez dugu saltzen, baina etxerako biltzen dugu, gaztak egiteko, natilak egiteko, edateko... Beraz, ardiak ondo elikatuta badaude, arkumea lehenagotik hazten dute, eta arkumea kendu behar bazaio, gero esne gehiago daukate guretzat. Hori bai, batzuek, arkumea kendutakoan, esnea gorde eta ez dute gehiago ematen. Eta guk ere ez ditugu estresatzen, lasai utzi eta mendira bidaltzen ditugu pixkanaka. Lasaiago daudenak edukitzen ditugu hemen, abuztura arte edo, etxerako esne pixka bat edukitzeko», dio Mari Josek.
Ardiekin bezala, beraien zikloa errespetatzen dute gainerako animaliekin ere: «ez zaigu gustatzen gehiegi eskatzea. Hemen badauzkagu 10 urteko oiloak, eta arrautzak egiten ari dira oraindik. Granjatan urtero aldatzen dituzte, baina guk, oilo batek ez badu arrautzik egiten, lasai uzten dugu, eta berriro hasten da egiten». Bizimodu hori, «oso kolokan» dagoela uste du Mari Josek: «ni izatez herrikoa naiz, baina beti gustatu zaizkit animaliak. Eta datorren asteartean izango dira 25 urte, hona etorri nintzela. Senarra da Ariztikoa, eta berak kanpoan egiten du lan, Zikuñaga papeleran, baina behar du hemengoa. Eta ni ere ez nintzateke herrira bueltatuko. Eta haurrak, eskolatik etortzen dira, eta etxean gustura egoten dira, libre. Ez didate eskatzen herrira jaisteko, hemen daukaten askatasunarekin», nabarmendu du.
Edonola ere, badaki ez dela erraza seme-alabek horri eustea: «asko gutxitu dira artzainak. Edadetuak badira oraindik, baina gazteek ez diote segida ematen, gastua ere haundia baita. Gurean, lan guztietan laguntzen dute. 9 urteko neskatoa, adibidez, bera bakarrik joaten da mendira ardietara, eta ekarri eta eramaten ditu. Baina oraindik umea da, gero auskalo. Dena den, seme-alabentzat oso aberasgarria da, lanean asko ikasten dutelako, eta bizimodu honetatik. Arrautzak eta oilaskoak badaude jango ditugu, eta bestela, horiek jan gabe egongo gara pixka batean».
Egunerokoa ez da nolanahikoa, Mari Joserentzat. Goizeko 04:30ak edo 05:00ak aldera jaiki, eta «kafesne bat hartuta», eltzekoak prestatzen ditu bazkaltzeko, seme-alabek lanera edo eskolara eramateko. Bitartean, abere batzuei jaten eman, eta sukaldera bueltatzen da, bazkaria prestatzen bukatzeko. Seme bat jaisten du herrira gero, eta bueltakoan, gainerakoak esnatu eta eskolarako prestatu. Haiek joandakoan bukatzen du animaliei jaten ematen, baina beste bitan ere bazkatzen ditu egunean zehar: eguerdian eta iluntzean. Eta baratzean ere izaten du lana, zeregin bataren eta bestearen artean. «Beti bada zerbait egiteko».
«Ni ez nintzateke herrira bueltatuko, eta haurrek ere ez didate eskatzen jaisteko, baserrian daukaten askatasunarekin»
Abereentzako terrenoen banaketarekin, arazoa
Udaran abereak mendian edukitzeko, lur publikoak erabiltzeko baimena eskatu ohi dute urtero baserritarrek; baina arazoa izan dute aurten: «herriko 17 baserritarri kendu dizkigute lurrak, abeltzain haundiei emateko. Izan ere, dirulaguntzak ematen dituzte daukazun terrenoaren arabera; eta nik bezala, baserritar txiki askok eskatzen dugu juxtu daukagun aziendarentzako behar duguna, baina haundiak gero eta terreno gehiago eskatzen ari dira. Beharbada dauzkate 200 hektarea baino gehiago, baina hala ere, datorren urtean berriro eskatuko dute gehiago. Eta iritsi da puntu bat, Udalak ez daukala gehiago emateko. Eta gaizki sentitzen da, guri kendu beharrarekin; baina Nafarroako Gobernutik derrigortu egiten dituzte, ekologikoan edo ATPan (horretatik bizi direnak) sartuta daudelako adibidez, haundiei eskatutakoa ematera», azaldu du Mari Josek.
Zentzu horretan, dio Udala «asko inbolukratu» dela eta «eskertzekoa» dela hori: «lantalde bat osatu nahi du, denekin hitz egin eta konponbidea bilatzeko.Inorri ezin zaio moztu, aziendak eduki nahi baditu edukitzea; baina uste dut posible dela elkarbizitza bat, elkar errespetatzea eta besteari kozka egin gabe aritzea. Bada jende zaharragoa, betidanik aritu dena, eta pena ematen dit. Hortxe dabiltza bere bastoia hartuta, ardien atzetik, bizipoza ematen dietelako; eta terrenoa kentzen badiete, ezin dute animaliarik eduki».
Ardien lapurretak, urtero
Behin ardiak mendian daudela, «lasai-lasai» ibiltzen dira, tarteka beldurtzen diren arren: «ardientzat, txakurrak dira arriskutsuak. Etortzen da norbait hiritik, sekula ardirik ikusi ez duten bi txakurrekin. Haien atzetik abiatzen dira txakurrak, eta arriskua dago ardiak bere burua botatzeko, beldurtuta. Eta bat joaten bada amildegira, inguruan daudenak atzetik joango dira, itsututa. Horregatik, komeni da txakurrak lotuta eramatea». Baina horrelakoak ez dira askotan gertatzen. Bai, ordea, lapurretak: «joan den urtean lapurtu zizkiguten sei ardi, aurrekoan hamabi, eta horren aurretik beste zortzi. Denak zona berdinetik, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan; eta adin berekoak, urte hartan jaiotakoak. Artaldeko politenak gainera. Beraz, jendea ibiltzen da ardiak fitxatzen, gero lapurtzeko. Eta guri bezala, inguruko beste batzuei ere lapurtu dizkiete. Udaran izaten da, belarra biltzeko lanekin mendira gutxien joaten garenean», dio Mari Josek.
Horrelakorik gertatzen denean, ardiek ohartarazten diete: «igotzen zarenean, normalean ez dizute kasurik egiten; baina zerbait gertatzen denean, bee eta bee hasten zaizkizu, umeak kendu dizkietelako».
'Ze suertea, hemen bizitzea'
Arkume politenak ikusteko desiatzen igo izan dira, tarteka, ikasle taldeak ere: «etorri izan dira haurrak, Zubimuxu aterpetxean egun batzuk pasatzen ari zirela, eta baserrira bisitan. Haientzako prestatzen dugu baserria, eta eskuetan ibiltzen dituzte untxi txiki-txikiak, txitoak... Eta nire seme-alabak harro-harro, dena erakusten eta esplikatzen. Horrela gehiago baloratzen dute daukatena. Horrelako bisitak dauzkagunean, esaten didate: ama, ze suertea daukagun hemen bizita, eta daukagun guztia edukita».