Plenoa gaur Goizuetan, modu telematikoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 28a, 09:51

Ohi bezala, hileko azken asteartearekin, Plenoa bilduko da gaur Goizuetako Udalean. Baina egoerak bultzatuta, telematikoki egingo da. Herritarrei irekia izango da.

Hileko azken astearteetan biltzen da Plenoa Goizuetako Udalean. Gaur ere horrela eginen da, egoerak bultzatuta, ohiko moduan egin ezin bada ere. COVID-19 birusak sortutako alarma egoera medio, modu telematikoak eginen da.

Batzarrrak irekiak izaten dira, eta beraz, herritarrek ere izanen dute parte hartzeko aukera. Arratsaldeko 19:00etan jarri da hitzordua, eta ordenagailuarekin edo telefono mugikorraren bitartez jarraitu ahal izanen da 'Jitsi Meet' aplikazioarekin, lotura honetan sartuta: https://meet.jit.si/plenoagoizueta 

Denera, 9 puntuko Plenoa izanen da. Aurrena, aurreko aktak onartzea bozkatuko da. Gero, gastu eta diru-sarreren berri eta beste hainbat informazio eta eskaeren berri emanen da. Bosgarren puntuan, Goizuetako komunaleko paraje ezberdinetan mendi ustiapena subasta bidez esleitzeko
klausula administratibo partikularren eta teknikoen onarpena eta prozedura hasiera landuko da, 2018ko Mendi Planaren barruan. Segidan, aztertuko da Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Mendietako Atalak Goizuetako Anixar mendian egin behar duen landaketa lanen onarpena. Ondoren, Nekazaritza Politika Erkidearekin (PAC) erlazionatutako Herri Lurren Aprobetxamendua eskatu duten eskatzaileen zerrendari erreparatuko zaio, alegazioen ebazpena eta behin behineko zerrenda onartzeko. Bukatzeko, alkatearen ebazpenen berri emanen da, eta eskari eta galderei eginen zaie tokia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!