Goizuetako Udalak eskaera egin du, aste honetan, autokontsumoko baratzeetako lanak baimentzeko. Asteartean, apirilak 21, iritsitako baratzeetako joan-etorriei buruzko jarraibideek ia ezinezko egiten dute baratzean lan egitea, izan ere, arau orokor bezala ezin dela baratzara joan adierazten dute eta joan behar izanez gero, bildu beharreko baratzako produktuak biziraupenerako ezinbestekoak izan behar dutela zehazten du.
«Urbanozentriko ikuspegitik egindako araua»
Goizuetako Udalaren esanetan «honekin ikusten da COVID-19ari aurre egiteko ezarri diren neurriak, kasu askotan, ikuspegi urbanozentriko batekin garatzen direla, landa-eremuen errealitateari, jarduerari eta kontsumo arduratsu eta osasungarria sustatzeari erreparatu gabe».
Horregatik, Goizuetako Udalak, beste zenbait Udalekin batera, eskaera gutun bat bidali die Espainiako Gobernuko ordezkaritzari, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamenduari eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, eskatuz autokontsumorako baratzeetan nekazaritza-jarduera baimendu eta arautu dezatela, gaur egun ezartzen diren murrizketarik gabe, eta beharrezko segurtasun neurriak betez.
Unai Miranda alkateak gutuna igorri du
Unai Mirandaren gutuna: «COVID-19ren krisialdiak eraginda, udalerri askotako alkateok aurkitzen ari garen arazoetako bat, bereziki landa-inguruneari dagokionez, autokontsumorako baratzeen kudeaketa eta bertan lan egitea eragozten duten neurri murriztaileak dira».
«Egoera horrek, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak irizpideak aladtu ondoren, ulergaiztasuna eta nahasmen handia eragin du. Baratzeak prestatzeko garaian gaude, eta gune horietan bizi diren pertsonek )Nafarroako eremu handi batean) behin eta berriz eskatzen diete alkateei irtenbide arrazional eta segurua, lan horiek arduraz eta segurtasun eta osasun-jarraibideak betez egin ahal izateko».
«COVID-19ri aurre egiteko ezarri diren neurriak, kasu askotan ikuspegi urbanozentriko batetik garatzen dira, landa-eremuen errealitateari, jarduerari eta kontsumo arduratsu eta osasungarria sustatzeari erreparatu gabe».
«Horregatik, eskatzen diot Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari autokonsumorako baratzeetan nekazaritza-jarduera baimendu eta arautu dezala, gaur egun ezartzen dituen murrizketarik gabe. Jarduera hori behar diren segurtasun-neurrien arabera garatu beharko litzateke, arrisku txikiko jarduera baita, gaur egun baimendutakoak baino gutxiago. Baimena emateak onura nabarmenak ekarriko lituzke familiaren osasunean eta ekonomian, eta, gainera, saltokietan jende gehiago pilatzea saihestuko litzateke».
«Azkenik, eskaera hau Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari (NUKF) helaraztea erabaki dut»