Maskarillak egiteko materiala eskuragarri, goizuetarrentzat

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 20a, 00:00

Bost oihal eta bi goma emanen dituzte, etxe bakoitzeko. Argazkia: Goizuetako Udala

Oihal berezi batzuk eta gomak utzi ditu herritar batek, Goizuetako Udalaren esku. Estankoan eskatu daitezke, etxe bakoitzeko poltsa bakarra. Bideoa jarri dute, maskarillak nola egin ikusteko.

Gero eta gehiago dira, etxean bere maskarilla propioak egiten ari direnak; eta herritarrei lan hori errazteko, materiala jarri dute haien eskura, Goizuetan. Oihal berezi batzuk eta gomak eman dizkio herritar batek, Goizuetako Udalari, eta estankoan eskatu daitezke.

Etxe bakoitzeko, poltsa bana eskatu daiteke, eta bost oihal eta bi goma daude poltsa bakoitzaren barruan. «Baliteke gomarik gabeko poltsak egotea, hala ere, ez baitago oihal adina goma».

Tissu berezi batekin egindako oihaltxoak dira herritar horrek emandakoak, biodegradableak eta hidrosolubleak.

Maskarillak nola egin jakiteko, bideoa ikusgai

Material horrekin, oso erraza da maskarillak egitea. Nola egin erakusteko, bideoa jarri du Goi­zuetako Udalak, bere web orrian (goizueta.eus), maskarillen ma­terialaren albistearekin batera. Bideoa ikusteko, egin klik hemen.

Emandako oihala bi ertzeta­tik tolestu (dagoeneko eginda dau­de tolesdurak) behar da, eta ba­koitzean goma bana jarri, bela­rrietan lotu ahal izateko. 15-20 segunduko lana da.

Maskarilla hauek erabiltzeko gomendioak ere eman ditu Uda­lak: leku itxietan edo 2 metroko tartea mantentzerik ez dagoen lekuetan erabili; garbitu eskuak erabili aurretik eta ondoren; ondo estali ahoa eta sudurra, mas­karilla eta aurpegiaren artean tarterik utzi gabe; goma­tik hasita kendu; aldatu heze da­goenean edo hondatzen denean; ez ikutu aurrealdea, eta ikutuz gero, eskuak garbitu. «Argi izan ez dela babes ekipamendu bat, baina kutsaduraren hedapena mugatzen du. Maskarilla era­bil­tzeaz gain, eskuak ondo garbitu eta segurtasun distantzia man­tendu», eskatu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!