Joan den martxoaren 23tik posta zerbitzurik gabe daude Goizuetan, Koronabirusa dela eta, adinagatik arrisku egoeran egon litezkeen langileak zerbitzuz kanpo uztea baimendu duelako Correosek.
Lanpostu honetarako ordezko langilerik ez dagoenez zerrendetan, Goizuetan postari gisa lan egiteko interesaturik egonez gero, 948 20 72 09 telefono zenbakira deitzeko eskatu du Correosek (15:00ak arte; Kristinarengatik galdetu).
Gaur denen omenez «txalo zaparrada ahaztezina», iluntzeko zortzietan
Itxialdian Goizuetan ekimen asko sortu dira eta bideo berri bat ere egin dute. Asko dira etxeetatik denei animoak bidaltzen ari direnak ere; izan ere, azken hiru aste hauetan goizuetar asko eta asko dira 20:00etan balkoietara ateratzen direnak: txaloka, musika jarrita, kantari eta instrumentuak eskutan.
Gaur, zerbait haundia egin nahi dute, eta horregatik, sare sozielaten hurrengo ekimena jarri dute abian: «bidal diezaiegun inoiz ahaztuko ez dugun txalo zaparrada ospitaleetan lanean ari direnei; gure herriko xaharrei eta pazientzia haundiz etxean sartuta dauden umeei: gure etxeetan janaria eta botikak falta ez daitezen lan eta lan ari diren merkatariei; etxean gelditu nahi, baina halabeharrez lanera joan behar dutenei; birusa harrapatu dutenei; eta etxean geratzeagatik harrapatuko ez dutenei».
Gaur 20:00etan aterako dira Goizuetako balkoi eta leihoetara: «sentitu dezagun elkarrekin gaudela. Elkar zaintzen badugu, hau dena askoz errazagoa izango da. Iluntzera arte beraz! Eta airean kamera hegalariren bat ikusten baduzue, agurtu!», adierazi dute ekimen hau martxan jarri duten goizuetarrek. Gero, irudiak ikusiko dira.