hondakinak

Hondakinak errefusara, berrogeialdian egonda

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 1a, 00:00

Koronabirusarekin kutsatutakoek edota berrogeialdian daudenek ez dituzte hondakinak bereizi behar.

Mendialdea Mankomunitateak oharra kaleratu du, Trantsizio Ekologikorako Ministeritzak emandako jarraibideak aintzat hartuta, Koronabirusaren eraginez hondakin-bilketan egin diren aldaketen berri emateko.

Koronabirusarekin gaixotuta daudenek, edo prebentzio neurri moduan berrogeialdian daudenek ez dute hondakina gaika sailkatu behar. Baina,  azpimarratu dute gaixo edo berrogeialdian ez dauden herritarrek «etxeko hondakinak ongi bereiztea inoiz baino garrantzitsuagoa» dela.

 

Lau pauso, hondakinak ondo ateratzeko

COVID-19aren proban positibo eman dutenek edota prebentzio neurri gisa berrogeialdian dauden herritarrek ez dute hondakin bereizketarik eginen, eta hondakin guztiak errefusaren edukiontzira bota beharko dituzte, ongi itxitako poltsetan.

Aurrena, gaixo dagoen pertsonak sortutako hondakin guztiak (eskularruak, zapiak eta maskarak barne) plastikozko poltsa batean sartu behar dira, gaixoaren gelan jarritako zakarrontzi batean. Gero, poltsa hau behar bezala itxi eta gelako irteeratik gertu egonen den plastikozko bigarren poltsa batean sartu behar da, eta bertan sartuko dira zaintzaileek erabilitako eskularru eta maskarak, ongi itxi aurretik. Segidan, bigarren poltsa hau gainerako hondakin guztiekin hirugarren poltsa batean sartu eta ongi itxiko da, eta eskuak ongi garbituko dira, minutu batez, gutxienez. Bukatzeko, zakar-poltsa errefusarentzako edukiontzian sartuko da; sekula ez, gainontzeko edukiontzietan edo inguruetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!