suhiltzaileak

«Protekzio Zibiletik esan digute, gure laguntza beharko dutela»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 26a, 00:00

Fernando Goya, Goizuetako suhiltzaile parkeko arduraduna.

Egun lasaiak ari dira izaten suhiltzaile boluntarioentzat, baina momenturen batean, beraien beharra izango dutela esan diete.

Garai aldrebesa izanagatik ere, egun lasaiak ari dira izaten hauek, Goizuetako suhiltzaile boluntarioentzat: «irteerarik ez zaigu tokatu deustara, martxoaren hasieratik. Beste parke batzuetakoak bai, lan asko ari dira izaten suteekin; baina guk, zorionez, ez dugu atera beharrik izan, eta ezta anbulantzian trasladorik egin ere», azaldu du Fernando Goyak, Goizuetako suhiltzaile parkeko arduradunak.

Argitu du, hala ere, Koronabirus kasurik izanda, bertako anbulantziak ezinen lukeela traslado hori egin: «COVID-19 birusaren sintomak ematekotan, medikuak baloratuko luke aurrena, eta horren arabera, behar izanez gero, eskatuko luke anbulantzia berezi bat, neurri bereziak behar direlako. Eta guk ere, norbaitek hanka hautsi duelako traslado bat egin beharko bagenu, neurriak hartu beharko genituzke; betaurreko aislanteak, guanteak, maskarilla...».

Suterik gertatuz gero, berdintsu: «beti joaten gara babestuta, maskarilla bereziekin, betaurrekoekin eta guanteekin, suteetara, ketik babesteko; eta horiek, funtzioa beteko lukete kasu honetan ere. Baina parketik dagoeneko babes guztiekin atera beharko genuke. Eta normalean jartzen ditugun guanteen azpitik, latexekoak ere jantzi». Desinfekzio lanak, berriz, eginda dauzkate suhiltzaileen kamioiek eta anbulantziak: «irteera edo trasladoren bat den aldiro egiten zaie desinfekzioa».

Oraingoz, beraien egitekoa ohikoa izaten ari dela azaldu du Goyak, baina adi egoteko abisua eman diete: «hau guztia hasi zenean, aurreko astean, Protekzio Zibiletik deitu ziguten, suhiltzaile boluntarioen parke guztietakoei, esateko gure laguntza beharko dutela; ez dakitela zein momentutan eta zertarako, baina gure beharra izango dutela seguruenik, eta gurekin kontatu nahiko luketela. Jakinaren gainean jarri gaituzte».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!