«Aurreko larunbatean beti bezala egin nuen lan», dio Irati Arozena Almandozek. «Igande goizean izan genuen abixua, eta ez dut gehiago ireki». Hainbat eta hainbat autonomoren egoera bera bizi du Irati ileapaindegiak ere. Koronabirusa dela-eta, hainbat neurri hartu behar izan ditu, guztiz itxi arte.
Desinfektatzeak, garrantzia
Aurreneko kezka zantzuak eskolak ixtean zabaldu zirela sumatu du Irati Arozenak. «Eskolak ixtearekin batera, kezka sortu zen herrian. Astearen hasieran ez zen hainbeste, baina egunak pasatu ahala, asteburu aldera, kezka haunditu egin zen, eta kaleak gero eta hutsagoak ikusten ziren».
Ileapaindegian ere nabaritzen hasi zen, eta neurriak hartu zituen. «Hartu ditudan neurriak izan dira, batez ere, ongi desinfektatzea, bai bezeroek ukitutako guztia eta baita bezeroak egon diren leku guztiak ere. Bezeroak banaka hartu, eta 10 minutuko tartea utzi dut batetik bestera, gauzak desinfektatzeko. Nire aldetik, ura eta xaboiarekin eskuak ongi garbitu eta eskuetan desinfektantea pasatuz ere ibili naiz, eta bezero bakoitzarekin guanteak aldatuz», azaldu du.
Etxez etxe laguntzeko prest
Azkenean, ordea, itxita geratu da Irati ileapaindegia, martxoaren 14az geroztik. Hala ere, etxez etxe laguntza emateko prest azaldu da Arozena. «Etxez etxeko zerbitzurako, momentuz, ez dut proposamenik izan, baina nire aldetik, prest nago, bai helduei eta baita ezintasunen bat dutenei ere, laguntza emateko».
Zerbitzua jaso nahi dutenei telefonoz hots egiteko eskatu die, 609 613 546 zenbakira.
Normalean, adin guztietako bezeroak izaten ditu; ume, gazte zein heldu, emakume nahiz gizon. Baina zerbitzua laguntza behar dutenei bideratutakoa dela azpimarratu du.
Laguntzen zain, orain
Egoerak zein ondorio ekarriko dituen, ezin jakin. Baina kezka nabaria da jende askorengan, eta baita Arozenarengan ere. «Autonomo izanda, nik uste dut galera izanen dugula». Dena den, laguntzaren bat jasotzea espero du. «Espainiako Gobernutik ez digute momentuz deus garbirik esan, baina nik badut esperantza ttiki bat, gutxiengo laguntza bat, behintzat, jasoko dugula».
Beharko du, beste hainbatek bezala. Izan ere, aitortzen du garai hau ona izaten dela normalean ilepaindegietan. «Garai hau ileapaindegirako momentu ona izaten da; udaberrian sartzera goazela-eta, mugimendu gehixeago hasten baita».
«Bakoitzak gure aldetik jarri behar dugu, egoera hau lehenbailehen konpontzeko»
Besterik egin ezinda, «pertsonalki kezkatuta eta aspertuta, etxetik atera gabe, mundu guztia bezala» dagoela aitortu du Arozenak. Baina egoera zein den ikusita, eutsi besterik ezin dela egin dio. «Bakoitzak gure aldetik jarri behar dugu zer edo zer, egoera hau lehenbailehen konpontzeko», nabarmendu du.