Otsaila eta martxoa bitartean zabaldu zuen deialdia Udalak, zerbitzu anitzetako langile bat kontratatzeko. Deialdia itxita eta hautagaien eskaerak jasota, aurreneko hautaketan onartutakoen zerrenda argitaratu zuen aurreko astean, eta probak egitekoa zen orain; baina egungo egoera ikusita, atzeratu egin ditu, momentuz.
Sei hautagai aurkeztu ziren deialdira, eta bostek egin zuten aurrera. Horietatik lauk, euskera proba egin behar zuten herenegun; eta guztiek, idatzizko proba teoriko-praktikoa, datorren astelehenean, udaletxean. Hautagaiak jakinaren gainean daude, eta egoerak hobera egiten duenean zehaztuko dituzte data berriak.
Herrian hainbat lan egiteko behar du langile berria Udalak: elektrizitatea, igeltseritza, pintura, arotzeria, soldadura, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixteko lanak, bide garbiketa, basoko lanak, administrazio zerbitzuei laguntzea... Probak egin eta prozesua osatu bitartean, baina, langile autonomo bat kontratatuta edukiko du Udalak, denbora horretan suertatu daitezkeen lanak burutzeko, aurreratu zuenez.
Udaletxean, aurrez aurreko arretarik ez
Probak eginen ez diren bezala, aurrez aurreko beste zerbitzurik ere ez du eskainiko Udalak, egun hauetan. Udaletxean, posta elektroniko bidez (udala@goizueta.eus helbidean) edota telefonoz (948 51 40 06) soilik eginen diete arreta, tramiteren bat egin edota bestelako laguntza behar dutenei.