Goizuetako ekintzetan ere izanen du eraginik, koronabirusaren krisiak. Gomendatutako prebentzio neurriei jarraituz, bertan behera geratu dira, datozen bi asteotarako ekitaldi eta ikastaro guztiak. Horrela, ez dira egingo, asteburu honetan egitekoak ziren biak: Bardoak Taldekako Bertso Txapelketaren finalaurrekoa, eta Artikutzara bisita gidatua.
Gaur zen jokatzekoa Bardoak Txapelketaren finalaurrekoaren bueltakoa, Lesakako Arranopola eta Malerreka eta Baztango Bertsonautak taldeen artean, udaletxeko ganbaran. Baina saioa atzeratzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Goizuetako Udalarekin batera, koronabirusaren harira erakundeek emandako gomendioak direla eta. Azaldu dute, aurrerago jakiraziko dela, saioaren data.
Martxoan Artikutzan egitekoak ziren bisita gidatuak, berriz, bertan behera geratu dira. Biharko zegoen aurreikusita aurrenekoa, Donostiako Udalaren Artikutza Natura egitasmoaren barruan; eta datozen igandeetarako beste biak.
Udal zerbitzuak martxan dira, baina saihesten saiatzeko eskaera egin du Udalak
Bi ekintza horiek ez ezik, gainerako guztiak ere suspenditu dira, datozen bi asteetarako. Hala jakinarazi zuen Goizuetako Udalak, ostegunean: «neurri honekin, koronabirus gaixotasunaren agerraldiari aurre egin nahi diogu». Horrela, bertan behera geratu dira, Bardoak saioarekin batera, martxoaren 27an egitekoa zen Katarrapikaka Ttiki lehiaketa; eta 28rako aurreikusita zegoen Dama Beltzak kontzertua. Eta saio guztiak suspenditu dituzte, baita ere, astean zeharreko ikastaroek: pilates, jump fit, total training eta eskulanak.
Era berean, Udalak jakinarazi du, martxan jarraituko dutela udal zerbitzuek; baina ahal dela udaletxera joatea saihestu, eta tramiteak telefonoz (948 51 40 06) edo emailez (udala@goizueta.eus) egitea eskatu dute. Deia luzatu dute, zentzuz jokatu eta eta kutsatze berriak sortzeko bideak ez zabaltzeko abisuei kasu egiteko, aglomerazioak ekidinez.