Gordean dauden minbizi zelulak, argitara
Goizuetara, etxera, Lujanbiotarrenera etorri da Amaia Lujanbio, egun batzuk pasatzera. Baina New Yorken bizi da, orain 10 urte; azken 5 urteetan, The Mount Sinai Hospitalen daukan Lujambio Laboratory laborategian lanean. Bertan egin dute aurkikuntza Lujanbiok eta berak zuzentzen duen bost ikerlariko taldeak. Proiektu ezberdinak dauzkate martxan, denak, gibeleko minbiziari lotuta.
«Gaixo guziek, denek, tratamendu berdina jasotzen dute, baina pertsona bakoitzaren minbizia ezberdina da»
«Alde batetik, ari gara ikasten nola hasten den minbizia, eta gero, nola bukatu daitekeen. Proiektu batean nahi duguna da botika berriak aurkitu, eta beste batean ari gara inmunoterapiak ikasten. Lan asko egiten dugu saguekin, zehaztasuneko medikuntza edo medikuntza pertsonalizatua estudiatzen. Gibeleko minbiziaren kasuan, gaixo guztiek, denek, tratamendu berdina jasotzen dute, baina pertsona bakoitzaren minbizia ezberdina da. Beraz, denekin ez du funtzionatzen. Horregatik, nahi duguna da gaixo bakoitza kontsideratu bakarra bezala, eta pentsatu, daukan mutazioaren arabera, zein botika komeni zaion. Laborategian saguekin egiten dugu lan, eta ikusten badugu mutazio batekin botika bat ondo dijoala, probatu daiteke gaixo batekin. Hori, orain esaldi batean esandakoa, egiteko noski, hamar urte behar dira!».
«Minbizi zelulak dira oso azkarrak, eta ikasten dute ez hiltzen, izaten dira hilezkorrak. Baina guk ikasten badugu nola egiten diren hilezkor, egin dezakegu eragotzi, edo aprobetxatu hori, minbizia zelula hiltzeko»
Badirudi urte batzuk aurrera egin dutela, dagoeneko. Izan ere, egin duten azken aurkikuntzari esker, botika berri baten bila hasiak dira lanean. «Beste alde batetik, inmunoterapiarekin lotuta ari gara ikasten, zelula tumoralak nola egiten duen sistema inmunetik gordetzeko. Pertsona batek tumorea badu, esan nahi du nolabait gorde dela. Guk ikusten dugu zer pasa den atzenez; nola pasa den ez dakigu, baina ikasi dezakegu. Entenditzen badugu zelula tumoralak nola ikasi duen gordetzen, pentsatu dezakegu nola argitara atera. Zelula tumoralak oso azkarrak dira, eta modu original eta interesgarriak dituzte gordetzeko. Interesgarria da oso, eta uste dugu ikasten dugunak lagunduko diela gaixoei, hemendik urte batzuetara. Orain, egin dugun azken lanean, aurkitu dugu nola gordetzen diren gibeleko minbizi zelulak, mutazio konkretu bat dutenak. Eta baita ere, aurkitu dugu mutazio konkretu hori daukaten pazienteek, seguru asko, ez diotela ongi erantzunen inmunoterapiari. Eta oso garestia da, eta ez duzu erabili nahi balio ez duen botika bat eta ondorioz, denbora galdu, dirua galdu, bigarren mailako ondorioak eragin.. Horregatik, ari gara probatzen botika konbinazio desberdinak. Orain, ulertzen dugunez nola gorde den, badakigu nola kendu kapa hori. Ari gara saguekin esperimentuak egiten, eta aldi berean, entsaio klinikoak, pazienteekin. Ikusten da konbinazio batekin, botika bakarrarekin baino emaitza hobeak lortzen direla».
«[Euskal Herrian] badira ikerketa oso onak, baina diferentzia haundiena da ez dela hainbeste»
Sistema inmunologikoa bera, minbiziaren aurka
Hortxe aurkikuntza, eta hortxe, mendi garai askoa osatzeko aurreneko hondar aleak. Baina, hori, mutazio jakin bat daukaten gibeleko minbizi zelulen aurka egiteko izanen da baliagarria. Eta bestelakoen aurka, zer?
Lujanbiok azaltzen du lau modu daudela, orokorrean, minbiziari aurre egiteko. «Orain arte, metodorik onena da zirugia. Dena kentzen badizute, hori da alternatiba onena. Hori ez bada posible, bigarren pausoa da, normalean, kimioterapia. Eta huts egiten badu, badugu terapia zuzendua mutazio espezifiko bati. Eta orain, daukagu laugarren aukera, dena inmunoterapia».
Hain zuzen, egin duten aurkikuntza inmunoterapiaren alorrean kokatzen da, «baina badira estrategia gehiago, gure sistema inmunea entrenatzeko, minbiziaren kontra». Lujanbiok halaxe ikusi du, bere ibilbide profesionalean zehar. Biologia ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, Iruñean; «ama farmazeutika dut, ahizpa ere bai, eta beti gustatu izan zait medikuntzaren aldeko arlo hori», Gero, tesia Madrilgo CNIOn egin zuen. «Momentu hartara arte bagenekien minbizi zelulek bazituztela mutazioak, eta pasatzen direla DNAn eta eragiten dutela geneetan. Baina, baita ere, hasi zen ikertzen minbizian beste alterazio batzuk bazirela, epigenetikoak; DNA baldin bada liburu bat bezalakoa, eta hor informazioa baduzu, hori litzateke genetika, eta epigenetika litzateke liburu horretatik zer zati irakurtzen duzun». Tesian hori egin, eta New Yorkera egin zuen salto, Cold Spring Harbor laborategietara, James Watson, DNA aurkitu zuen Nobel Saria eta beste hainbat ere ibilitakora. Hor hasi zen Lujanbio, gibeleko minbiziaz ikasten.
«Pentsatu behar da, ez hemendik 3 urtera edo hurrengo hauteskundeetara, baizik eta hemendik 15 urtera non izan nahi dugun»
«Interesa genuen ikasten, alde batetik, zein alterazio genetiko diren inportanteak zelula osasuntsu bat minbizi zelula bihurtzeko, eta bestetik, zer behar duen minbizi zelulak bizitzen segitzeko. Minbizi zelulak dira oso azkarrak, eta ikasten dute ez hiltzen, izaten dira hilezkorrak. Baina guk ikasten badugu nola egiten diren hilezkor, egin dezakegu eragotzi, edo aprobetxatu hori, minbizi zelula hiltzeko».
Horrela, pixkanaka, inmunoterapietarako bidea egin zuen goizuetarrak. «Orain eta urte askotan kimioterapia erabili da. Kimioterapiak egiten duena da erreplikatzen den guztia hil. Gure gorputzean badira zelula batzuk erreplikatzen ez direnak, beste batzuk, berriz, erreplikatzen direnak. Minbizi zelulak asko erreplikatzen dira. Baina, adibidez, gure ileko zelulak ere erreplikatzen dira, edo intestinoetakoak. Horregatik erortzen da ilea edo eragiten ditu diarreak eta horrelakoak. Bestalde, atzeneko 20 urtetan erabili da estrategia, minbizi zelulari zuzendutako drogena; mutazio hori erasotzen du, eta zelula osasuntsuei ez die minik egiten. Noski, hori da teorian, gero praktikan botika guztiek dute bere eragin ona eta txarra. Horretaz ez gara sekula libratuko. Eta azken 10 urtetan hasi gara ikasten inmunoterapiaren inguruan. Gure sistema inmuneak babesten gaitu kanpoko gauza txarrengandik. Minbizi zelulak gure gorputzekoak izanda ere, mutazioak, alterazioak dituzte, eta beraz, kanpoko bezala hartzen dira. Gure sistema inmunologikoak zerbait diferentea ikusten duenean hil egiten du. Hiltzen badu, arazoa joan da. Baina minbizi zelulak batzuetan ikasten du sistema inmunologikotik gordetzen, kapa ikusezin moduko bat jarrita. Beraz, orain inmunoterapian erabili den estrategia bat izan da, botika batekin kapa ikusezin hori kentzea, kolpetik. Orduan, sistema inmunologikoak, bat-batean, ikusten ditu zelula ezberdin piloa, eta teorian, behintzat, gehienak suntsitzen ditu. Baditu bigarren mailako ondorioak, baina nahiko ongi funtzionatzen du, eta abantaila da sistema inmuneak duela memoria».
Lujanbioren taldeak ikertutako mutazio motak, ordea, ez dio, nonbait, inmunoterapiari ongi erantzuten. Baina zergatia aurkitu dute, eta botika bila ari dira. Horregatik, agian, optimismoz hitz egiten du goizuetarrak. «Minbizi zelulak oso azkarrak dira, baina asko aurreratu da, eta segituko du asko aurreratzen. Ni, behintzat, optimismoarekin joaten naiz lanera».
Etorkizun hurbilean, New Yorken
Optimismo horrekin berarekin begiratzen dio Lujanbiok ikerkuntza arloari ere. «Hemen hobekiago bizi» garela onartzen du, baina, oraingoz New Yorken jarraitzeko asmoa du. «Han, lana, lana eta lana. New York da hiri bat jende guztia topera bizi dena, oso konpetitiboa. Baina horrek ere laguntzen du gauzak aurrera joan daitezen».
Hala ere, hemengo panorama ere ona dela uste du. «Hemen ez gaude atzerago. Nahiz eta laguntzak hainbeste ez izan, oso ikerketa ona egiten da. Baina diferentzi haundiena da hemen gutxik egiten dutela, eta Estatu Batuetan asko garela. Beraz, beti ere agudoago egin dezakezu, laguntza gehiago daude. Hemen deialdi bat ateratzen da, adibidez, urtean behin, eta ematen ez badizute espetu behar duzu hurrengo urtera arte. Han hilero egiten dira deialdiak».
Gehiago inbertitu behar dela gogorarazteko aprobetxatzen du, hortaz. «Iruñean bada jende mordoska, minibiziaz ikasten duena, eta gibeleko minbiziaz. Donostian ere bai, eta inmunoterapiaz ere pixka bat. Gehiago, agian, Bilbon. Badira ikerketa oso onak, baina diferentzia haundiena da ez dela hainbeste. Beti ere, gehiago inbertituta... Ez da lineala. Zientzia, baita ere, sinergiekin eratzen da. Nik bakarrik nire ideiak ditut, baina beste aditu batzuk ondoan baditut, biderkatu egiten da. Hortik pixka bat falta da hemen. Pentsatu behar da, ez hemendik 3 urtera edo hurrengo hauteskundeetara, baizik eta hemendik 15 urtera non izan nahi dugun. Ez da ideia ona atzera gelditzea. Posible bada, hor aurrean egon behar da».
Kulpak, zentzurik ez
Eta aurrean bagaude. Bizi itxaropena, orokorrean, nola haunditu den ikusi besterik ez dago. Nahiz eta, horrek, bestelako arazoak ekarri dituen. «Minbizia da, generalean, zahartzaroko gaixotasuna. Animaliak gara, eta gaude eginak 40 bat urtez bizitzeko. Umeak eduki ondoren, ez dugu funtzio ebolutiborik. Baina elikadura, medikuntza... hobetuta, lortu dugu 100 urtera arte bizitzea. Baina 40 urtetik aurrera ez dugu garantiarik. Akatsak pilatzen hasten gara. Gehiago bizi gara, eta aukera gehiago dauzkagu minbizia garatzeko. Lehen ere izanen zen, baina gutxiago, ez zinelako ailegatzen».
Adinaz gain, dena den, kasualitatea faktore garrantzitsua dela azpimarratu nahi du. «Tabakoa oso faktore inportantea da, elikadurak ere eragiten du, eta estresak... Badira gauzak aldatu ditzakegunak, baina, normalean, minbizia sortzen da kasualitatez. Uste dut inportantea dela jendeak hori jakitea. Pena ematen dit gaixoek beren buruari kulpa botatzea. ?Zerbait diferentea egin izan banu...? Ez dauka zentzurik. Tokatzen zaizu, eta tokatzen zaizu».
Gero eta gehiago jakin, ordea, orduan eta aukera gehiago, honi ere aurre egiteko, «atzera» ez geratzeko. «Guk ez dugu produktu bat saltzen. Gure produktua da jakintza. Horrek ez du balio ekonomikorik, ezin da saldu». Saldu ez, baina bai erabili, eta biziak salbatu.