Koadernoa, boligrafoa eta koordenadak neurtzeko gailua hartuta, hor ari da Alberto Gosá Aranzadiko herpetologoa, Ane Fernandez kidearekin batera eta Josu Zumeta basozainak lagunduta, Artikutzako anfibio eta narrastien bila. Urte sasoi honetan baso igel gorriaren arrautzak eta zapaburuak topatzea da ohikoena.
Aurten betetzen dira 100 urte Donostiako Udalak lur hauek erosi zituela, eta urteurrenaren bueltan, Artikutzako fauna, flora eta ondare etnografikoaren inguruko monografiko bat osatzeko eskatu dio Aranzadiri. «Ezaguna eta ezezaguna da Artikutza, misteriotsua» dio Zumetak. Misterio horrek erakarrita, agian, hara non azaltzen diren Goizueta aldetik datorren Elama errekari jarraiki bi ardi, txuri eta beltz, lurrak beinhola haienak izan zirela ere gogoraraziz.
Enobietako errekarekin elkartu eta behera egiten dute bi urek Añarberaino. Eta bai, erreka aipatu behar da. Izan ere, Enobietako urtegia hustutzen ari dira. «Hito historikoa», Gosáren iritziz, estatuan hustutzen den aurrenekoa izaki. Dagoeneko dena hustuta dago. Arturo Elosegi, EHUko biologian doktorea ari da urtegia desagerrarazteak ekarriko dituen ondorioak neurtzen. Denen asmoa da «laborategi natural» bihurtzea, Artikutza. Misterioak argitzen hasteko bideari ekiteko pronto daude, edo agian, misterio berriekin topo egiteko puntuan!
«Laborategi natural zoragarria»
Misterioak argitzeko ikerketa egitea beharrezkoa da, eta horretan ari dira Artikutzan, hainbat aditu. Gosá herpetologoaren esanetan, «laborategi natural zoragarria da, urte asko baitaramazki tratamendu gutxirekin». Arturo Elosegi EHUko biologoa ere ados dago; «Euskal Herriko leku dibertsoenetako bat da Artikutza, alde haundiz. Oso leku gutxi daude horrelako balioa dutenak. Orain 100 urte inguru beste edozein haran bezalakoxea zen, eta 100 urte hauetan beste guztiak degradatu egin dira. Baina Artikutza gero eta naturalago bilakatu da. Beraz, hemen izugarrizko dibertsitatea dago. Eta gainera, badauka, nere ustez, balio oso berezi bat, eta da, jabea kontserbazionista dela. Proposatu dizkiegun neurriak segituan hartu dituzte, eta kontserbazio maila igo egin da. Garai batean baziren zazpi presa txiki, duela 80 urte urak Donostiara eramateko. Astebetean kendu zituzten. Benetako harribitxi bat da, ez dena bere balio osoan apreziatzen».
Orain, gainera, harribitxia are preziatuagoa egiteko proposamen berriak egiteko garaia iritsi da, urtegia hustu eta kendu egingo baita. Hala azaldu du Zumeta basozainak. «Urtegia hustu egin behar da, dagoeneko ez baititu betetzen Europatik eskatzen diren arauak; zaharkitua dago eta ez da erabiltzen. Inbertsio haundia egin beharko litzateke, eta mendia asko kaltetu...». Elosegiren esanetan, duela 3 urte hartu zuen Donostiako Udalak erabakia. «Orain dela bost bat urte, Donostiako Udalak lan bat eskatu zigun, esan geniezaien presa kentzeak bioaniztasunari onurarik edo kalterik ekarriko liokeen. Iruditzen zaigu arroaren naturaltasunaren aldetik eta biodibertsitatearen aldetik, oso onuragarria litzatekeela. Hori horrela, duela hiru urte erabaki zen presa kentzea».
Horretarako, aurrena hustu egin da. Elosegiren ustez, «oso poliki». Izan ere, «urtarrilaren 18rako hustuta zegoen, eta behin hustuta, egin behar zen hondoko atea erabat ireki, baina ireki zuten pixka bat». Euriaren eraginez berriro ere igo egin zen ur maila, baina azken datuen arabera, guztiz hustu da, dagoeneko. Bigarren fasea litzake, presa eraistea. «Bere garaian aipatu zen presa guztiz kentzea kaltegarria izango litzatekeela, hormigoia ateratzeko 100.000 kamioi behar liratekeelako, eta pentsatu zen presaren azpitik tunel bat egitea arrainak eta abar bertatik ateratzeko». Badirudi maiatzeko hauteskundeen aurretik aterako duela Donostiako Udalak lan horiek egiteko lehiaketa publikoa.
Modu batera edo bestera, «Europan hustu eta kenduko den urtegi haundiena» izango dela azpimarratzen du Zumeta basozainak, eta beraz, «ikusi ahal izango da zer gertatzen den eta nola berreskuratzen den dena».
«Urtegia habitat artifizial bat da, eta bertan bizi behar luketen espezieei eragiten ari da; esaterako, Pirinioetako muturluzeari»
Batzuei onura, besteei kalte
Momentua aprobetxatuta, Arturo Elosegi eta bere taldea aztertzen ari dira «hustuketak eta presa eraisteak bioaniztasunean ekarriko dituen ondorioak», BBVA fundazioaren ikerketa proiektu bati esker. «Garai batean ikusten genuen baietz, oso onuragarria izango litzatekeela, eta momentuz ikusten ari gara eragina baduela. Esate baterako, presa azpian eta Artikutza auzoan nahiko metal kontzentrazio haundiak daude, eta susmoa badugu hori dela bertan dagoen ornogabe komunitate pobrearen eragile nagusia. Urtegiaren ondoan oxigenoa falta denean askatzen dira burnia edo manganesoa bezalako metalak, eta errekan behera abiatzen dira. Presa kentzean oxigeno faltarik ez da izango, eta hori desagertu egingo da».
Alberto Gosá, Aranzadiko beste hainbat aditurekin batera, berriz, Artikutzako fauna eta floraren inguruko informazioa biltzen ari da Donostiako Udalak eskatutako monografikorako, eta aprobetxatu nahi izan du proposamen bat egiteko. «Enobietako errekaren erritmo hidrologiko normala berreskuratzean, ikusi nahi nuena zen zein aukera dagoen anfibio eta bestelako fauna batentzako inguruak sortzeko, urtegia zegoeneko lekuan elkarrekin lotutako putzu eta hezeguneak sortuz».
Izan ere, Artikutzako ingurunea, «anfibioentzat egokia da, eguzki argiaren kanpoko ekarpen energetikotik askatzeko gai baitira; ospelak ez die eragiten. Baina narrastiei bai. Teorikoki baso ingurune hau desegokiagoa da narrastientzat, anfibioentzako baino. Narrastiak gorago dauden guneetan egoten dira, eguzkitan dauden larreetan, ingurune harrokatsuetan edota zuhaitzen erorketaren eraginaren ondorioz edo antzekoengatik sortutako soilguneetan. Beste kontu bat da anfibioek ugalketarako nahikoa leku ote duten. Ubideak behar dituzte, ur masa geldiak, putzuak».
Presa kentzean, beraz, espezie batzuei mesede egingo zaie, eta beste batzuei kalte. Elosegik ere halaxe dio. «Urtegia gaur egun habitat artifizial bat da, eta bertan bizi behar luketen espezieei eragiten ari da. Esate baterako, Pirinioetako muturluzea edo satorrari. Hau erreka lasterretan bizi da. Garai batean hor erreka laster bat bazen, eta gaur egun daukaguna da erabat habitat artifiziala, eta ez dago satorrik. Pentsatzen dugu, garai bateko erreka berriro ere nola ari den sortzen ikusten ari garenez, poliki-poliki bertako espezieek kolonizatuko dutela. Noski, edozein aldaketa egiten denean, batzuk irabazten ateratzen dira, eta besteak ez. Buelta dezente eman zaio. Galtzaileen artean ahateak eta horrelakoak egongo dira. Ez dira asko, eta ez dute garrantzia haundirik. Beste harribitxi bat da ur-satorra. Momentuz populazio ona mantentzen da, eta urtegia kentzean ia bi kilometro erreka gehiago izango ditu».
Egin daitekeen unea
Aldaketa hauek anfibioetan eragin dezaketen kalteari aurre egiteko proposamena da Gosárena. «Urtegiaren erdialdetik buztanera aukera polita dago putzuak sortzeko. Elosegiren taldearen planteamenduaren arabera, presa txikien, eta azkenik, urtegiaren eraistearekin lortu nahi dena da Enobietakoa bezalako erreken erritmo hidrologikoa errekuperatzea. Errekek bere bide naturala jarraitzeak onurak dakarzkie makrobentonikoen komunitateei; hala nola, intsektu, krustazeo edota korrontedun uretan bizi den fauna askori, eta baita ere, Artikutzako harribitxiari, muturluzeari ere. Pentsatuta dago garrantzitsu gisa katalogatutako ornodun ugaztun espezieen populazio eta intsektu makrobentonikoentzat, eta hauek dira ibai sistema baten ur kalitatearen bioadierazgarri onenak. Baina onura gutxi dakarzki anfibioak bezalako faunarentzat». Horrexegatik, monografikorako espezie hauen populazio kopurua neurtzeko pistetako putzu-zuloetan begiratzen du Gosák, eta baso igel gorrien hainbat arrautza ikusi ditu.
«Nahi nukeena da inguru aproposak sortu ahal izatea, burruntzi eta sorgin-orratzak bezalako odonatoentzat, ur florarentzat ere onuragarriak liratekeenak. Argumentu asko dago horrelako ekosistemak lortzen saiatzeko!». Anfibioez gain, beraz, bestelako espezieak ere buruan dauzka. «Uretako flora ere, adibidez, ez da mota berdinekoa erreken ubideetan, mendiko uharretan edo ur geldoko putzuetan. Beraz, fauna eta florarako aukera zoragarriak sortuko genituzke. Eskura dauzkagun aukerak dira, eta aprobetxatu egin behar ditugu. Egin daitekeen une historikoan gaude, urtegia orain arte bertan egon baita».
Orainetik, etorkizunerako
Gosá anfibio eta narrastietan da aditua, baina haren esanetan, errekuperatu daitezkeen espezie gehiago ere badira; «hainbat arrain; aingirak, izokinak... Presarekin, errekan gora egiteko aukera galdu zuten, baina presa kenduz gero, berreskuratu egingo dute; orain arte Añarberaino iristen dira. Hernanin, esaterako, uraren kalitatea hobetzeaz gain, denbora da presak kentzen hasi zirela. Pentsamendu aldaketa izan da, ur ibilgu naturalak, originalak berreskuratzearen alde. Enobietako urtegia kentzea proiektu aitzindaria izango da, eta informazio asko emango digu, aurrerantzean nola aritu eta emaitza bat edo beste izateko jarraitu beharreko metodologiaren inguruan».
Artikutza, historia
Artikutza, eskuz esku
XIII. mendekoak dira Artikutzari buruzko aurreneko aipamenak. Anizlarrea izeneko lursailaren parte zen Artikutza, eta Orreagako Santa Maria Kolegiataren mende zegoen. XIX. mendera arte Kolegiatak ustiatu zituen bertako burdinola, ikatza egiteko eskubidea, meatzeak, basoak eta larreak, edo errentan ematen zituen.
Urteak joan eta urteak etorri, ordea, Goizuetak Anizlarrearen gainean zituen eskumenak haunditu egin ziren pixkanaka, eta beraz, baita Goizueta eta Kolegiata nahiz beste errentarien arteko liskarrak ere. 1815ean sinatu zuten adiskidetasun hitzarmena: Anizlarrea berriaren 5.477 hektarea Goizuetaren mende geratu ziren, eta Anizlarrea zaharraren 3.770 hektarea Orreagaren mende; egungo Artikutza barne.
XIX. mendeko desamortizazio prozesutik libratu zen hasieran Kolegiata, Maria Cristina erreginaordearen eraginez, baina azkenean desjabetu, eta enkantean atera ziren. 1844tik hainbat jabe izan zituen, eta meategiak ustiatu zituzten.
Donostiako Udalak 1919an erosi zuen eta kanal sare haundia eraiki zuen iturburu guztietako urari etekina atera eta Donostia hornitu ahal izateko. Ura kutsatzeko moduko jarduerak ere galarazi zituen. 1950-1960 urteen artean Enobietako urtegia eraiki zuen, eta sortutako arazoak medio, 1975ean Añarbekoa, egun Donostialdea hornitzen duena.