Egun osoko festarekin borobilduko dituzte San Antonio jaiak, gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 18a, 00:00

Ibai Soroa eta Suharri Rodriguez 'Paolla', esfortzu betean atzo, euripean.

Dianarekin esnatuko dute auzoa txistulariek, pelota partiduak eta sagardo dastaketa izango dira eguerdian, eta bertso jaialdia arratsaldean.

Lau eguneko festa giroari errematea jarriko diote gaur, Ereñotzun: egun osorako egitarauarekin bukatuko dituzte San Antonio jaiak. Dianarekin esnatuko dute auzoa Hernaniko txistulariek, goizeko 08:30etatik aurrera, txoko guztiak alaituz. Eta ondoren, eguerdi partean, Ereñotzuko frontoian eta plazan elkartuko da jendea, zita bikoitzarekin: esku pelota partiduak jokatuko dituzte 11:30etatik aurrera, eta sagardo dastaketa hasiko da 12:00etan.

Bi partidu jokatuko dituzte frontoian. Aurrena, lau t'erdian ariko dira Iñaki Elola eta Iker Egiguren, elkarren kontra. Eta ondoren, binakako partidua izango da, bailarako lau esku pelotarirekin: Beñat Apezetxea eta Ekain Lizeaga batetik, eta Eñaut Lizeaga eta Antton Apezetxea bestetik. Dastaketan, berriz, zazpi sagardotegik hartuko dute parte: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-Enea, Olaizola, Goiko Lastola eta Larre Gain.

San Antoniotako azkeneko ekintza, ohikoa bezain erakargarria izango da: puntako bertso jaialdia antolatu dute, 18:30etan hasita. Taula gainean izango dira Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal eta Eñaut Martikorena. Bertso saioa bukatutakoan egingo dute errifaren zozketa, eta suziriak botako dituzte, aurtengo jaiei bukaera emateko.

Erlazionatuak

San Antonio jaiak - Ekainak 17

Kronika - Erredakzioa 2023 eka 17 Ereñotzu

San Antonio jaiak - Ekainak 13

Kronika - Erredakzioa 2023 eka 13 Ereñotzu

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!