Bailarako herritar gehienek ezagutzen dute Latse. Ohiko pasabidea izaten da mendi irteerak egitera joaten direnentzat, eta zer esanik ez Goizueta eta Hernani artean han-hemenka dabiltzan txirrindularientzat. Latsen bada, Txirritaren begiradapean, errepidetik ikusten den 32 metroko tximinia. Batek baino gehiagok egingo zituzten, akaso, 'Zertarako da hori?' edo 'Zer egiten zen bertan?' tankerako galderak. Bada, erantzunak mahai gainean daude jada.
«100 urte exkax» iraun zituen zabalik 'Hijos de Jaime Puig' fabrikak, Latseko produktu kimikoen fabrika izenarekin ezagunagoa. Kokaleku berezia zen halako fabrika batentzat, estrategikoa; eta gordeta dauzkan historia eta istorioen hariei tiraka iritsi zen Asier Agirresarobe bertara. 'Hernaniko kultur ondarea' beka eskuratuta, fabrikari buruzko lana argitaratu zuen Agirresarobek, http://ondarea.hernani.eus/argitalpenak?z=lib estekan irakurgai dagoena.
Alabaina, hari-mutur ugari ditu ezkutuan Latseko fabrikak, gehiegi pertsona bakarrak lotzeko. Horregatik elkartu ziren Agirresaroberen ikerlari sena eta Leandro Minerrek duen inguruaren ezagutza. Txikitatik ezagutu zuen Minerrek fabrikaren funtzionamendua, bertan pasa zituen haurtzaroko une asko, eta ekarpen haundia egin du lanean, ikerketa osatzeko ezinbestekoa izan den testigantzarekin. Gogoan ditu Minerrek uda garaian lantegian pasatako orduak, baita neguko arratsalde hotzetan fabrikako labe inguruak ematen zien epeltasuna ere.
Tandem txukuna osatu dute biek, eta oraindik ikerketa «zorroztu» daitekela aitortzen duten arren, inguruko jendeari ezagutarazteko pausua emango dute gaur. Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak antolatuta, bisita gidatua egingo dute, fabrikan bertan, eguerdiko 12:00etan. Hitzaldia aitzaki hartuta, fabrika zaharreko guneetatik barrena bidaia egin dute Asier Agirresarobek eta Leandro Minerrek, garai bateko ezaugarriak errepasatuz.
Lehengai naturalek mantentzen zuten fabrika kimikoa martxan
Kimikan sartu aurretik, elementu natural eta oinarrizkoekin sostengatzen zen fabrika. Lantegiak zabalik iraun zituen 100 urteetan, lehengaiak izan ziren produkzioaren oinarria. Ongi oroitzen du garaiko argazkia Minerrek, eta eskuekin marrazten du egurra gordetzeko erabiltzen zuten gune zabala. Pilaka iristen zen egurra Latsera, eta bertatik ateratzen ziren ondoren askotariko produktu kimikoak. Pagoa eta haritza eskuratzeko inguru bikaina zen Latse, baina Minerrek nabarmendu du ez zela hori izan kokalekua aukeratzeko aldagai bakarra: «Ur saltoa bertan egoteak ere baldintzatuko zuen eremuaren aukeraketa, gauza asko hartu zituzten kontutan».
Izan ere, lehengai nagusia egurra izan arren, urak berebiziko garrantzia zuen prozesu guztian. Makina guztiak urarekin sortutako energiaren bitartez mugitzen ziren; horretarako, oraindik bertan mantentzen den hodi bat zeukaten, ura turbinetara eramaten zuena, ardatzaren mugimenduarekin energia sortzeko. Horrez gain, fabrika ondoan zeuden etxeetako argindarra ere uraren bidez sortzen zuten. Bertan bizi izan zen Miner, eta gogoan du argiak ez zuela nahi bezain beste irauten: «Gogoan dut ilunabar batzuetan argirik gabe geratzen ginela, depositua amaitzen zelako».
«Azidoak mugitzeko baliatzen zituzten altueran jarritako deposituak. Hala, errazago betetzen zituzten 'potixak', eta produktuek ez zuten bonbak eragiten duen kalterik jasaten»
Fabrikak zuen beste berezitasunetako bat deposituen kokalekua zen. Egurrezko oinarri baten gainean jartzen zituzten, altueran, grabitatea aprobetxatzeko: «Azidoak batetik bestera mugitzeko baliatzen zituzten altueran jarritako deposituak. Hala, errazago betetzen zituzten 'potixak', 64 litroko edukiera zuten bidoi bereziak, eta produktuek ez zuten bonbak eragiten duen kalterik jasaten», azaldu du Agirresarobek.
Funtzionamenduari dagokionez, fabrikako atal guztiak konektatuta zeuden hodien bidez, eta ezinbestekoa zen atal batek egiten zuen lana besteak martxan jarraitzeko. Minerrek eta Agirresarobek elkarren artean azaldu dute, sinpleki, hasieratik bukaerara Latsen egiten zen prozesua: «Lehenengo nabean egurra sartzen zen labeetan, bertan egosi egiten zuten, txondorretan egiten den modura. Sortutako gasak eta lurrunak, hasiera batean, airera pasatzen ziren, baina ondoren prozesua garatzeko baliatzen zituzten. Kea kolorez aldatzen zen momentuan hodi bat jartzen zuten, kondentsadore edo freskantearekin likido bihurtu, eta azido piroleñoso deitzen dena sortzen zuten, 'Latseko salda' gisa baitaiatua izan zena».
Barru barruan mantentzen du Minerrek 'salda' delako azidoaren usaina, orain dela gutxi enpresa baten arrastoetan detektatu baitzuen. «Behin 'salda' eskuratuta, elementu jakin batzuk kentzen joaten ziren; alkitrana, esaterako. Eta aldaketa horiekin eskuratzen zituzten saltzeko produktuak», azaldu dute.
XIX. mendeko galdara da Latseko fabrikan dagoen altxorretako bat. Bigarren nabe barruan dago, eta Estatu mailan, funtzionamenduan zegoen toki berean mantentzen den bakarretakoa da.
Ozpina zen produktu izarra
«Produktu ugari sortzen ziren hemen, baina ozpina zen izarra», aipatu du Agirresarobek. Produktu asko sortzen zirela ez du ezerezetik atera ikerlariak; enpresak hedatzen baitzuen, zertxobait puztuta bazen ere, egurretik lortutako produktu guztien zerrenda. Tartean zeuden azetona purua eta ahula, sulfato sosa, burdinazko pirolignitoa, azido sulfurikoa, nitrikoa eta muriatikoa, amoniakoa eta sosa azetatoa, besteak beste.
Dena den, ozpina deritzon azido azetikoa gailentzen zen guztien artean: «Egurretik ozpina sortzeak atentzioa ematen du, baina ez zen gaur egun entsaladetarako erabiltzen dugun ozpin mota, kontserba latetan erabiltzekoa baizik», azaldu dute. Dokumentazioari erreparatuta, arrakastatsua zen Latseko produktua, kostaldeko eremu askotan baitzituzten bezeroak; hala nola, Ondarroan eta Xixonen. Barnealdeko herrietan ere erabiltzen zuten Latseko ozpina, beste kontserba mota batzuk mantentzeko; Logroñon, adibidez. Minerrek azaldu du udaberrian eta udan izaten zutela eskari haundiena; horregatik, Etxe Txikia deituriko biltegian pilatzen zuten azidoa: «Neguan pailak betetzen ziren, udan iristen zelako eskari gehiena kontserberen partetik. Neguan zehar azido azetikoa pilatzen joaten zen, udan erreserba izateko».
Salmentari dagokionez, koska bat beherago zeuden gainontzeko produktuak, nahiz eta horiei ere errentagarritasuna bilatu zieten nagusiek. Guztien artean egur ikatza eta alkohola izan ziren arrakastatsuenak, ozpinaren atzetik: «Egur ikatza, saltzeko erabiltzen zenaz gain, etxeetarako ere erabiltzen genuen», gehitu du Minerrek.
Hogei langileren bueltan ibili zen 'Hijos de Jaime Puig' enpresa 100 urteetan zehar, sekula ez zuten zifra hori askogatik gainditu. Hala ere, langile kopuru murritzak ez zuen produkzioan eragiten, ikazte-labeak eta lurrun-galdara ez zirelako ia inoiz gelditzen. «Ia inoiz» zehaztu dute Agirresarobek eta Minerrek, urtean pare bat egun hartzen zituztelako labe azpiko hodiak garbitzeko: «Orduan ez zegoen jantzi berezirik halako lanak egiteko. Orduan, zaku batzuk jantzita sartzen ziren hodietara, eta beltzak irteten ziren; sekulakoa zen», oroitu du Minerrek.
Eraikin gehienak kaltetuta daude, baina zutik jarraitzen dute
«XX. mendeko lehen bi herenetan enpresa ekonomikoki bideragarria izan bazen ere, hortik aurrera etengabeko gainbehera iritsi zitzaion, 1984an behin betiko itxi zuten arte. Egurra eskuratzeko zailtasunak eta elikaduran ozpin mota hori erabiltzeko debekuak izan ziren fabrika ixtea eragin zuten arrazoi nagusiak». Horrela azaltzen du Asier Agirresarobek fabrikaren behin-betiko itxiera, 'Latseko produktu kimikoen fabrika' lanean. 1984an itxi behar izan zuten, eta ordutik eraikinak ez dira lanerako erabili.
Gaurko bisita gidatura joaten direnek gertutik ikusi ahalko dituzten fabrikako eraikinak. Kaltetuta daude gehienak, teilaturik gabe geratu dira batzuk, baina zutik mantentzen dira. Iparraldeko sarbidetik igarota, garai bateko ikaztegia da bidean dagoen lehenengo etxola. Horixe zen fabrikak lehengaiak eta produktuak gordetzeko zeuzkan biltegietako bat; gaur egun beste mota bateko gauzak gordetzeko erabiltzen da.
Fabrika zenaren zati haundiena bi nabe nagusiek hartzen dute. Lehenengo nabean labeak kokatzen ziren, eta hor egiten zen urte osoan ia eteten ez zen lana: «Ikusten den modura, lehenengo nabean daukagu lan haundiena. Teilatua erorita dago, eta sasiek hartu dute eraikinaren barruko zati gehiena. Hala ere, barruan topatu ditugu garai hartako labeen aztarnak, lurrean geratu diren lorratzak dira», azaldu du Agirresarobek. Nabe honetan irakur zitekeen lehen 'Fábrica de químicos hijos de Jaime Puig' kartel haundi batean, baina hori ere galdu egin da urteen joanean.
Bigarren nabea da, aldiz, ondoen mantentzen den eraikinetako bat. Paretaren zati bat erortzen ari den arren, bikain mantentzen da teilatua: «Nabe honen berezitasuna da zertxak dituela teilatua eusteko. XIX mendean sortutako azpiegitura da, teknika hori erabiltzen zuten lehen», dio Agirresarobek. Dokumentazioaren arabera, Pasaiko fundizio batean erosi zituzten zertxak egiteko beharrezko materialak.
Agirresarobek eta Minerrek aipatu dute «indarra» eta «dotorezia» uztartzen dituela eraikinak, baina bada eraikuntzaren balioa gainditzen duen elementu bat: galdara. Gaur artean, Agirresarobek ez du topatu berezko tokian mantentzen den galdara hain zaharrik: «Bizkaian ba omen dago bat, baina testuingurutik kanpo dago, norbaitek hartua eta nonbait jarria. Hau bere lekuan dago, jarri zuten eta funtzionatzen zuen tokian. Bertan jartzen du data, 1884, baita egin zuen enpresaren izena ere».
Bi nabe nagusiak atzean utzita, erreka ondoko elementuak ikusten dira. Agerian jarraitzen dute makinak mugitzeko eta argindarra sortzeko erabiltzen ziren hodiek. Ezkutatu xamar dago, ordea, ozpina biltzeko erabiltzen zen eraikina; Etxe Txikia Minerren esanean. Bertan mantendu dituzte azido azetikoa pilatzeko erabiltzen zituzten upelak; erdi hautsita daude, ahaztuak gelditu izan balira bezala: «Hemen ondoan bi tailer zeuden, hautsitako egurrak eta upelak konpontzeko. Askatzen zituzten egindako upelak eta konpondu egiten zituzten. Halako lantegietan ohikoa zen konponketa lanak bertan egitea. Horiek ere urarekin mugitzen zuten makinaria, noski», azaldu du Agirresarobek.
Ibilbidearekin amaitzeko, Latseko ikurra agertzen da, urrutitik gertutik baino errazago ikusten dena: tximinia. 32 metroko altuera dauka eraikuntzak, nahiz eta zentimetro batzuk jaisten hasia den, puntak duen okerduraren ondorioz. Egoera kaxkarrean dago egitura, eta konponketa lanak egiteko proiektua fintzen ari dira orain, fabrikako eraikinak ez daitezen gehiago kaltetu.
Kultur parke bat sortzeko desira
Bidea zabalik utzi dute Minerrek eta Agirresarobek, eta aurrerapausuak ematen jarraitzea da bien nahia: «Guretzat ideala izango litzateke parke kultural moduko bat sortzea, eremua txukundu eta inguruan biltzeko. Azalpen panel batzuk jar daitezke Urumea bailara guztiko historiari buruzkoak, bertako burdinoletan eta fabriketan egiten zen lana ezagutarazteko».
Momentuz, gaurko bisita gidatua izango da lehenengo mugarria. Eguerdiko 12:00etan hasiko du saioa Agirresarobek, Minerren laguntzarekin. Hernanitik 11:30etan aterako da joaneko autobusa. Bisita hasi aurretik paneletako informazioa irakurtzeko tartea utziko dute, eta fabrikatik buelta bat eman ondoren hamaiketakoa izango da. Arratsaldeko 14:00etan itzuliko da autobusa Hernanira.