Erreportajeak

«Errealitatea ikusaraztea da pelikularen helburua, narratiba berri baten bitartez»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 29a, 00:00

«Nekatuta bezain pozik» bukatu du Urresolak '20.000 especies de abejas' pelikula.

«Nekatuta bezain pozik», horrela amaitu du Estibaliz Urresola zuzendariak '20.000 especies de abejas' pelikularen sortze prozesua. Estreinatu berria da pelikula, Biterin ikusteko aukera dago, eta aurkezpena egingo du gaur Urresolak, arratsaldeko 19:30etako saioan.

Asteburu honetan itzuli da zinema Biteri kultur etxera. Helduentzat prestatutako eskaintza Estibaliz Urresola zuzendariaren '20.000 especies de abejas' pelikula da; atzo izan zen lehenengo proiekzioa, eta astelehenera arte egongo da aretoan.

Haur trans baten bizipenak eta sentimenduak azaleratzen ditu Urresolaren film luzeak, eta berebiziko garrantzia dute familiak eta belaunaldi artekotasunak. Estreinatu berri da pelikula, baina zenbait sari garrantzitsu jaso ditu dagoeneko: hiru jaso zituen Berlingo Berlinale Zinema Jaialdian, tartean Guils Film Prize saria, Alemaniako erakusketariek Berlinaneko Competition saileko Film Onenari ematen diotena; eta Urrezko Biznaga Malagako Zinemaldiaren XXVI. edizioan.

Urresola laudioarra da jaiotzez, baina Ereñotzun bizi da egun. Film labur ugari zuzendu ditu orain arte, baina sekula ez zuen '20.000 especies de abejas' pelikulak sortu duena bezalako burrunbarik ezagutu.  Aitortu du «oso pozik» dagoen arren, «bereziki nekatuta» bukatu duela sorkuntza prozesua. Gaurko saioan Urresolak berak egingo du pelikularen aurkezpena, arratsaldeko 19:30etan.

 

Pelikula ikusgai dago jada, bukatu da sortze prozesua. Zer moduz zaude? 

Oso momentu arraroa da. Urtarriletik ibili gara presaka: lehenengo pelikula behar bezala bukatzeko, gero Berlinera iristeko, ondoren Málaga eta azkenik estreinaldia. Oso hilabete gogorrak izan dira, eta oso oso nekatuta iritsi naiz amaierara. 

Hala ere, arraroa diot, aldi berean oso momentu pozgarria delako. Pelikula amaitu ahal izatea, areto garrantzitsuetan aurkeztea eta publikoarengana hurbiltzea sekulako pribilegioa da; bereziki eskertuta gaude jasotzen ari garen erantzunarekin, eta espero dut daukadan neke sentsazioarekin gehiago eskertuko ditudala gainontzekoen poztasuna eta berotasuna. 

 

Poztasuna eta estresa nahastu zaizkizu, beraz. 

Bai, erabat. Gainera, sinbolikoki ere oso fase garrantzitsua bukatzen da; sormen fasea. 2018an hasi genuen, eta nahiz eta fase ezberdinetatik igarotzen den, idazketa, grabaketa edo post-produkzioan, denak dira sormen fasearen parte. Hor izan naute konprometituta, baina maila intimoan. Orain hori bukatu egin da, eta pelikula jada ez da nirea. Esan izan dut sentitzen naizela sugeek azala aldatzen dutenean bezala; hilketa eta berpizkunde moduko bat sortu zait barruan.

 

Gertaera zehatz bat izan zen sormen fasearen abiapuntua, ezta? 

Bai, hala da, Ekai Lersundiren jazoera; hori izan zen abiapuntua. Oso hunkituta geratu nintzen, eta pelikula bat egingo nuela jakin gabe Naizen elkartera gerturatu nintzen. Bertatik bideratu ninduten zenbait familietara, eta elkarrizketa prozesu luze bat jarri nuen martxan. Elkarrizketa horietatik hasi nintzen momentuak berreskuratzen, eta hizketaldi horien sintesia da gidoiaren muina. 

 

Naizen elkarteak zer garrantzi izan du sortze prozesuan?

Sekulakoa. Niretzat oso garrantzitsua zen arduraz jokatzea, eta horretarako beharrezkoa zen egiazkotasuna. 2018an hasi nuen dokumentazio fasea, ia zortzi hilabetez egon nintzen hainbat familiekin hizketan, eta martxan jarri nuen gidoia. 

2020an, gidoiaren zazpigarren bertsio batean nengoenean, konturatu nintzen gizartea aurrera zihoala, geroz eta gehiago ezagutzen zela haur transen errealitatea. Orduan, gidoia martxan eduki arren, beste elkarrizketa fase bat hasi nuen, ziurtatu nahi nuelako egiten ari nintzen istorioak bazeukala errealitatearekin lotura. Azkenean, 2018an egindako elkarrizketak izan zirelako 2018a baino lehenago transitoak egin zituzten familienak, eta ez da errealitate bera 2015ekoa edo 2020koa.

 

Auzi garrantzitsua landu duzu, eta generazio artekotasuna erabili duzu istorioa garatzeko. Zergatik?

Elkarrizketatik atera nuen ideia baliagarri bat izan zen transitoa ez dutela haurrek egiten, ingurukoek baizik; alegia, gainontzekoek egin behar dute transformazioa euren begiradan, pertsona hauek begiratu eta onartzeko. Horrek asko pentsarazi zidan, eta hortik hasi nintzen pelikula enfokatzen, ez hainbeste Aitorren transitoan, baizik eta familiaren eboluzioan. Nola halako bizipen batek ekar diezaiokeen familiari hainbat gauza ulertzea, ikastea edo birpentsatzea.

 

Urresola,'20.000 especies de abejas' pelikulako aktoreekin batera, Berlinale Zinema Jaialdian.
 
 

Pelikula abagune bat izan da horretarako. Gainera, modu positibo batean ikusaraztea zen asmoa, zeren uste dut narratiba horiek falta direla. Pertsona transen inguruko narratibak gatazkatsu planteatzen dira, eta niri Naizeneko familiek beste enfoke hau oparitu zidaten. Uste dut berria zela orduan, eta berria izaten jarraitzen duela oraindik ere; ezberdintasuna balore gisa ulertzea da, kolektiboa aberastu dezakeen bizipen modura. 

 

Horixe da helburuetako bat? Narratiba berriak sortzea?

Bai, helburuen artean dago. Islatu dugun errealitatea ez da hain gertukoa gizartearen zati haundi batentzat, jendeak normalean ez du gertutik ezagutzen egoera honetan dagoen familiarik. Nik aukera izan nuen bizipen hori nolabait ezagutzeko, errealitate anitz hauetatik oso gertu egoteko, eta uste dut pelikula saiatzen dela eskaintzen ikusleari lehen lerroko ikuspegia. Egoera hori bizitzen ari diren familietan murgiltzeko, eta beste gerturaketa bat egiteko. 

 

Aktore euskaldun asko daude zure pelikulan. Euskal zinemaren maila erakusten du horrek ere...

Bai, noski. Esango nuke maila asko igotzen ari dela. Hori jasotzen dugu kanpotik, eta gu geu sinesten ari gara euskal zinema kalitatezkoa dela, industria eta ehundura garrantzitsua ari dela sortzen. Azkenaldian grabaketa pila bat ari dira egiten Euskal Herrian, eta bertako teknikariekin egiten dira. Profesionalki oso garatuta dagoen jendea daukagu bertan, eta hori kanpotik ikusten hasi dira. Loraldi moduko batean gaudela esan dezakegu, eta guk barrutik sinesten dugun heinean, kanpora ere sentsazio hori iristen da. 

 

Sofia Otero da pelikulako protagonista. Nolakoa izan da haur batekin halako gai bat lantzeko bidea? Asko aldatzen da prozesua?

Bai, asko aldatzen da. Aurretik haurrekin egin ditut zenbait film labur, eta eskarmentua daukat halako pertsonekin lan egiten. Egia da kasu hau guztiz bestelakoa izan dela, istorioaren garapena sakonagoa delako, eta grabaketa aste batekoa izatetik zazpi astekoa izatera aldatu delako. Zorionez, Sofiarekin oso ondo komunikatzea lortu nuen hasieratik, eta lortu nuen teknika egokiak topatzea gidoia lantzeko. 

Logikoki, ez nion 120 orrialdeko gidoia bidali, baina behar nuen berak jakitea zein zen bere pertsonaiaren ibilbidea, zer egoeretatik pasa behar zuen. Horretarako marrazkiak erabili genituen, pelikularen geruza guztiak aletzen joan ginen, trama horiek uler zitzan. Berak marrazkietan eraikitzen zuen bere unibertsoa, eta horrela joan ginen gidoia lantzen. 

 

Salto egingo dugu orain gauden momentura. Pelikula ikusgai dago, eta sekulako harrera izaten ari da. Zer moduz daramazu? Espero zenuen?

Hunkigarria da. Hala izaten ari da, bene benetan. Espero ez genuena Berlinekoa izan zen, eta horrekin bai nabaritu genuela sekulako oihartzuna eman ziola proiektuari. Ondoren Málagan etorri ziren sariek ere bai. Azkenean, sariek sekulako bultzada ematen diote proiektu bati, eta uste dut lagundu digutela pelikula jendeari helarazten; izenburua, gaia, ikuspuntua... eta, dioten modura, 'izena duena, bada'.   

 

Euskal Herrian ere aretoak betetzen ari da zure pelikula...

Bai. Bereziki Euskal Herrian eduki duen harrera izugarria izan da. Oso oso eskertuta gaude publikoak zinema aretoetara joateko egin duten keinuarekin; oso polita da. Areto bat bete dugula jakitea izugarria da guretzat, eta uste dut ikusleentzat ere berezia dela. Azkenean, zinemak aportatzen du kolektibotasuna, pelikula elkarrekin ikustea. Zeharo bizipen ezberdinak dira modu kolektiboan ikustea edo bakarrik ikustea. Sortzen da energia bat, jendeak barre egiten duenean, edo isilik geratzen denean... ederra da. 

Horrez gain, asko estimatzen dugu ematen digutena. Jende asko ari zaigu gerturatzen, idazten, esaten, identifikatuta sentitu direla, edo lagundu diela, edo gustatu zaiela. Esker oneko hitz asko jaso ditugu, eta momentu honetan horixe da behar duguna; hain nekatuta zaudenean ingurukoen babesaz eta berotasunaz elikatzen zara. 

 

Aipatu dituzu Berlin eta Málaga. Sekulako oihartzuna sortu duzu sariekin. Pertsonalki eragin dizu?

Zorionez edo zoritxarrez guzti honek lehenengo lerroan jarri nau, erakusleihoan. Egia esan behar badut, nik gehien disfrutatzen dudana eta gustuko dudana kameren atzean egotea da, eta halako ikusgarritasuna izatea ez da prozesu honetan gertatzen ari zaidan gauza onena. Hala ere, badakit pelikula bultzatu behar dudala garatze prozesu honetan, eta iruditzen zait polita dela prozesuari buruzko gauzak partekatzea eta ezagutaraztea. Horrela pelikula hazi egiten da, eta egin beharreko lana da. Pertsonalki nabaritu dut orain foku baten azpian nagoela, lehen okupatzen ez nuen eremu batean.  

 

Promozioarekin zabiltza buru belarri; baina beste proiekturik baduzu buruan?

Puf, momentu honetan gogoa daukat deskantsatzeko, eta isiltasunean pixka bat murgiltzeko. Hortik jaiotzen dira istorio berriak, halaxe konektatzen dudalako sortzeko nahiarekin. Hainbesteko zarata eta mugimenduarekin ez dut bibraziorik entzuten. Oso nekatuta nago, lehertuta, eta ez daukat tokirik nire barrenean beste istoria bat pentsatzen hasteko. Gainera, uste dut fase bat bukatu dudala, eta fase bat ondo amaitu ahal izateko ospatu egin behar dela. Beraz, bost urteko ziklo hau ospatzeko tartea hartu nahi dut, barnean eta lasaitasunez ospatzeko denbora, eta gerora jarriko naiz hurrengo proiektuei begira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!